Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Joxe Mari Aranalde euskaltzaleak azken hatsa eman du

Euskaltzaindia / Bestelakoak / 2005-09-26 / 07:00


Joxe Maria Aranalde apaiz, irakasle, bertsozale, idazle eta euskaltzain urgazlea hil egin da (2005-09-24an), 72 urte zituela. Haren aldeko hileta elizkizuna gaur (2005-09-26), astelehena, arratsaldeko 18:30etan izango da, Gaztelu bere jaioterrian.



Joxe Mari Aranalde Olaondo Gipuzkoako Gaztelu herrian jaio zen 1933an. 1958an apaiztu zen. Denbora laburrez Aramako parroko izan ostean, Donostiako Aņorga auzora bidali zuten, bertan izan zelarik 1959tik 1972ra bitartean. Tarte horretan, Nicolas Ormaetxea "Orixe" idazlea hartu zuen etxean, osaba zuena. Ondoren, Giza Formazio eta Filosofia klaseak eman zituen Donostiako Santo Tomas lizeoan, 1997an jubilatu zen arte.

Hala ere, 27 urteko etenaren ostean, 1999an parroko lanak beregain hartu zituen berriro, Belauntzan era Leaburun. Aranalderen lana, euskararen eremuan, bertsolaritzari oso lotua izan da. Hamaika bertso idatziak ditu, eta urtetan bertso-jartzaile lanean aritu da. Halaber, Orixe bertsolari-lehiaketaren antolatzaile izan da, Aņorgan bertan.

Bertsolariekin izandako harremanaren emaitza dira hark idatzitako liburuak, Sendoa argitaletxearen Auspoa bilduman:

Horietarik hirutan, Fernando Aire "Xalbador" miretsia du hizpide. Beste bietan, berriz, bere bertsoak ez ezik, Deia egunkarian idatzitako artikuluak biltzen ditu.

Itzulpengintzan ere ibilia da. Manuel Lekuonaren enkarguz, 1961an liturgiako itzultzaile-taldean hasi zen, ia hogei urte eman zituelarik zeregin horretan. 60ko hamarkadan, euskarara itzuli zuen "Margo Ederdun Entziklopedia"k hegaztiei eskainitako liburukia.

Euskaltzain urgazlea

Euskaltzaindiak, 1975eko ekainaren 27an izendatu zuen euskaltzain urgazle. Akademian, Herri Literatura batzordekidea zen. Pello Esnal batzorde horren buruak azpimarratu duenez, "Emari handiko ibai zabala eta oparoa izan da Joxe Mari Aranalde. Gozamen hutsa zen berarekin hitz egitea. Hain zen hiztun egokia! Gozamena areagotu egiten zen bere gairik kutunenak hizpide: Orixe, bertsolaritza (batez ere, Xalbador), fedea, kirola... Hain zen iturri asko eta aberatsen bilgune! Eta politikaz ere inor gutxirekin bezain argi eta lasai hitz egin zitekeen harekin. Hain zen gardena! Hitz gutxitan, opari betea izan da Joxe Mariren lankide eta adiskide izatea".


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1127672844