Euskara babesteko eskatu du Europak
erabili.com / Herri-administrazioa / 2005-09-26 / 07:00
Euskara gehiago babesteko eta bultzatzeko eskatu die Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak Espainiako Gobernuari, Nafarroako Gobernuari; Eusko Jaurlaritzari , foru aldundiei eta udalei.
Espainiak 1992ko azaroaren 5ean sinatu zuen Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna eta 2001eko apirilaren 9an berretsi zuen. Espainian Ituna 2001eko abuztuan jarri zen indarrean.
Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak herrialdez herrialde Ituna nola betetzen den aztertzen du eta, azterketa egin ostean, ondorioen eta gomendioen txostena argitaratzen du.
Espainian Ituna indarrean sartu zenetik azterketa bakarra egin du Europako Adituen Batzordeak eta, hain zuzen ere, lehenengo azterketa horren txostena 2005-09-21an argitaratu da.
Hona hemen Adituen Batzordeak Nafarroari eta Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) biei hala biei egiten dizkien gomendioak:
Justizia arloan
- 1.- Prozedurak euskaraz eraman behar dira alde bakarrak hala eskatzen badu eta legea aldatu behar da hori argi eta garbi gera dadin. Neurriak hartuko dira alde guztiei hori horrela dela jakinarazteko.
- 2.- Akusatuari euskara erabili ahal izateko eskubidea bermatu behar zaio, gaztelaniaz jakin arren.
- 3.- Euskara lan hizkuntza gisa erabili ahal izateko gaitasuna lortze aldera behar diren neurriak hartu behar dira Justizia Administrazioan lanean ari den langile jendearekin, oro har, eta epaile nahiz fiskalekin, bereziki.
- 4.- Hizkuntza gaitasuna lortzeko egitasmoak abian jarri behar dira Justizia Administrazioko langile jendearentzat eta abokatuentzat.
- 5.- Espainiako lege testu garrantzisuenak euskaraz ere izan behar dira. Horretarako, gaztelaniazko testu ofiziala argitaratzen den une berean euskarazko testua ere argitaratzea da neurririk egokiena.
Estatuko Administrazioa eta Zerbitzu Publikoak
- 6.- Aho-idatziz euskaraz egiten duen langile jendea ugaritu behar du Estatuko Administrazioak eta euskara gaitasuna lortzeko egitasmoak ezarri behar ditu.
- 7.- Gehien erabiltzen diren inprimaki eta administrazio-testuak bi hizkuntzatan herritarren eskura jarri behar dira Estatuko Administrazioaren egoitza guztietan.
- 8.- Herritarrek euskaraz egindako eskariek Estatuko Administrazioaren prozeduratan ez dute denbora luzamendurik ekarri behar.
- 9.- Euskaraz lan egiteko gaitasuna duen langile jendea ugaritu egin behar da Estatuko Administrazioaren baitan eta hori lortzeko neurriak hartu behar dira.
Hedabideak
- 10.- Euskarazko irrati pribatua sortu behar da: agintariek sustatu egin behar dute edo erraztasunak eman behar dituzte irratsaio guztiak euskaraz emango dituen euskarazko irrati pribatu bat sortzeko (Nafarroan eta EAEn euskarazko irrati pribatu bana).
- 11.- Euskarazko telebista pribatua sortu behar da: herri agintariek saio guztiak euskaraz emango dituen telebista pribatu bat sortzeko eginahal guztiak egingo dituzte edo laguntza guztia emango dute.
EAEri egindako gomendioak
Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) bereziki egindako gomendioak hauetxek dira:
- Hezkuntza
- - Euskal Autonomia Erkidego osoan D ereduan ikasteko aukera bermatu behar da hezkuntzaren hiru mailatan.
- - Lanbide Heziketa euskaraz egiteko aukera ziurtatu behar da.
- Udalerri eta eskualdeak
- - Euskara EAEko udalerri guztietan sustatzeko moduak aurkitu behar dira.
- - Euskaldunek aho-idatziz euskaraz egiteko aukera izan dezaten bermatu behar da EAEko udaletxe guztietan.
- - EAEko udaletxe guztiek agiri ofizialak euskaraz ere argitara ditzaten bermatu behar da.
Nafarroako Gobernuari eginiko gomendioak
Gomendio nagusi bat egiten dio Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak Nafarroako Gobernuari:
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)
Erantzunak
Frantses inperioari noiz eskatuko diote ituna sinatzeko?
Txomin Peillen / 2005-09-26 / 10:35
Ederki, baina noiz Europako aditu lotsagarri eta izutu horiek frantses inperioari eskatuko diote sinatu ituna ezagutu dezan, euskara Iparraldean delako gaixoenik!
(TXOMIN PEILLEN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1127672325