 |
Euskaraz nahi dugu hitz eta jolas |
 |
2005-09-15 / 07:00 / erabili.com |
IRAKASKUNTZA |
|
Seme-alabek euskara eta euskaraz ikas dezaten nahi dute gero eta guraso gehiagok Euskal Herrian: % 52,3 dira D ereduan ikasiko duten neska-mutilak (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan). Nafarroan, berriz, % 24,1 izango dira euskaraz ikasiko dutenak eta Ipar Euskal Herrian % 15,9.
Euskaraz gero eta gehiago
Euskaraz gero eta gehiago
Gero eta haur eta gazte gehiago dira euskaraz ikasten dutenak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Azken hogei urteotan aldaketa nabarmena izan da: 1985-1986 ikasturtean % 16,2 ziren D ereduan (erabat euskaraz) ari ziren neska-mutilak eta 2005-2006 ikasturtean, berriz, % 52,3 izango dira.
2005-2006 ikasturtean, Araba, Bizkaia eta Gizpuzkoako ikastetxeetan, 287.000 neska-mutil arituko dira:
- D ereduan (erabat euskaraz): % 52,3 (151.101 ikasle)
- B ereduan (gaztelaniaz eta euskaraz): % 23,4 (67.158 ikasle)
- A ereduan (erabat gaztelaniaz): % 24 (68.880 ikasle)
Gaztelaniaz gero eta gutxiago
D ereduaren gorakada baino nabarmenagoa da A ereduak azken 20 urteotan izan duen beherakada Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan: 1985-1986 ikasturtean A ereduan (erabat gaztelaniaz) ikasten ari ziren neska-mutilak % 73,5 ziren eta 2005-2006 ikasturtean, aldiz, % 24,4 izango dira.
Haur Hezkuntzan euskara nagusi, Lanbide Hezkuntzan, aldiz, gaztelania
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2005-2006 ikasturtean unibertsitate aurreko irakaskuntzaren kate-maila guztietan D eredua da nagusi, azkenengo kate-mailan izan ezik: Batxilergoan eta Lanbide Hezkuntzan.
- Haur Hezkuntza (3-5 urte): 55.000 haur,
- D ereduan % 62,7
- A ereduan % 7,8
- Lehen Hezkuntza: 100.000 ikasle,
- D ereduan 56,5
- A ereduan 12,5
- Bigarren Hezkuntza: 72.000 ikasle,
- D ereduan 48,4
- A ereduan 26,9
- Batxilergoan eta Lanbide Hezkuntzan (16-18 urte): 60.000 nerabe,
- D ereduan %32,5
- A ereduan 65,3
Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian galtzak bete lan
Nafarroan eta, batez ere, Ipar Euskal Herrian euskarak galtzak bete lan ditu kimu berriak euskararen soroan landatzeko.
- Nafarroan 88.172 haur eta gaztek ekingo diote 2005-2006 ikasturteari:
- D ereduan (erabat euskaraz) % 24,1 (19.376 neska-mutil)
- A ereduan (erabat gaztelaniaz eta euskara ikasgaiarekin) % 21,4 (17.201 ikasle)
- G ereduan (erabat gaztelaniaz euskara ikasgairik gabe) % 54,3 (51.595 ikasle)
- Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean 47.732 neska-mutil:
- Ikasketak erabat euskaraz egiten 7.752 neska-mutil ari dira: % 15,9
- Erabat frantsesez, berriz, % 84,1.
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|
Erantzun |
| |
 |
| Matrikulazio datuen maltzurkeriaz |
 |
2005-09-15 / 12:43 / Aitor Sarasua - Seaska |
|
Euskaraz nahi dugu hitz eta Jolas artikulua irakurri berri dut, eta Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoari dagozkien datuak ez dira zuzenak. Ez dakit ustekabean egindako hankasartzeak diren, ala oraingo egitura instituzional berrien justifikatzeko ematen diren gain-kopuru horiek. Baina egia estaltzeak, gordetzeak edo puzteak ez dakarkigu onik inori, euskalgintzari ez behintzat.
Ez naiz luzatuko. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan 47.732 ikasletatik 7.752k erabat euskaraz ikasten dutela argitaratu da.
Hemen euskara hutsean ikasten duten bakarrak (hegoaldeeko D ereduaren parekoak, murgiltze sistema deritzoguna) ikastoletako ikasleak dira.
Sare elebidunetan, nahiz publiko nahiz pribatuan, ez dute, ezta gutxiagorik ere, erabat euskaraz ikasten.
Eta Seaskako matrikulatu kopurua hau da:
- Ama eskola eta lehen mailetan 1.500 inguru, eta
- Bigarren mailetan 700 inguru.
Beraz lekutan gelditzen da % 15,9 hori.
(AITOR SARASUA MARITXALAR Seaskako Euskaraz Bizi egitasmoaren arduraduna da)
|
| |
 |
| Oharra |
 |
2005-09-15 / 12:45 / Azpeitiko Euskara Patronatua |
|
Aitor Sarasuari gure esker ona azaldu nahi diogu egin dugun akatsaren jakitun egin gaituelako eta informazio zuzena helarazi digulako.
2005-2006 ikasturtearen matrikulazio datuak ematerakoan Azpeitiko Euskara Patronatuaren helburua ez da "maltzurkeriaz" jokatzea, baizik eta, ahalik eta informaziorik zehatzena eta egiazkoena helaraztea gure irakurleei. Garbi dago oraingo honetan ez dugula asmatu eta erabili dugun iturriak ez digula benetako informazioa eman. Horregatik guztiagatik barkamena eskatzen diegu gure irakurleei. Hurrengoan, informazioaren iturburura joko dugu zuzen-zuzenean.
|
| |
 |
| Euskal Herriko ikasleen %41 D ereduan ikasten ari dira |
 |
2005-09-16 / 18:14 / Asier Iturriagaetxebarria - Berria |
|
EAEn %52,3 dira euskaraz ikasten ari direnak, Nafarroan %24,1 eta Ipar Euskal Herrian %4,6
 | | Bilboko Atxuri ikastolako ikasleen protesta, iaz, D ereduan ikasteko lekurik ez zutelako. | Unibertsitarioak ez diren Euskal Herriko ikasleen erdia ere ez da ari euskara hutsezko D ereduan eskolak hartzen. Guztira, 173.551 ikasle ari dira D ereduan, ikasleria guztiaren %41,03. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daude euskara hutsean eskolan ari diren ikasle gehien. Herrialde horietan ikasleen %52,3 ari dira D ereduan. Nafarroan %24,1 dira, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan %4,6.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gainera, D ereduak gero eta ikasle gehiago hartzen ditu ikasgeletan. Aurten ikasleen erdiek baino apur bat gehiagok egingo dituzte beren ikasketak euskara hutsean, baina orain 10 urte, hirutik batek bakarrik egiten zuen (%32,3). Hau da, 287.000 ikasletik 150.101ek D ereduan jasoko dituzte eskolak.
Era berean, ikasketetan euskara erabiltzeko joera gero eta nabarmenagoa da. Zenbat eta ziklo baxuagoa izan, orduan eta pisu handiagoa dauka D ereduak. Haur Hezkuntzan, (3-5 urte) haurren %7,8 baino ez dira arituko espainierazko A ereduan euskara ikasgaia da. D ereduan arituko direnak %62,7 izango dira.
Adinean gora egin ahala, D ereduak daukan indarra txikiagotzen da. Hala, Lehen Hezkuntzan pisua irabazten du A ereduak, eta ikasleen %12,5 dira. D eredukoak %56,5 dira eta B eredu elebidunekoak %30,6. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (12-15 urte) ikasleen %48,4 izango dira D ereduan, %24,7 B eredu elebidunean eta %26,9 A ereduan.
Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko egoera Arabakoa, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa baino txarragoa da. Nafarroan 21.250 neska-mutikok jasoko dituzte aurten eskolak euskara hutsezko D ereduan; hau da, ikasle guztien %24,1ek iaz %23,6 izan ziren. EAEn euskarak daukan nagusitasunik ez du Nafarroan. Izan ere, espainiera hutsezko G ereduan izena eman dute Nafarroako ikasleen erdiek baino gehiagok (%54,3). Euskara ikasgaia duen A ereduan egingo dituzte ikasketak haurren %21,4k. B eredua aukeran egon badago Nafarroan, baina ikasturte honetan lau ikaslek bakarrik ikasiko dute eredu elebidunean.
Bestalde, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 2.200 ikaslek jardungo dute Seaskaren ikastetxeetan, hau da, murgiltzen ereduetan. Ikasleen 95,6k erabat frantsesez egingo dituzte ikasketak.
IA: «Datu kezkagarriak»
Ikasle Abertzaleek (IA) esan dutenez, «datu kezkagarriak» dira, ikasleen erdiak baino gehiago euskalduntzen ez duten ereduetan ari baitira ikasten. Halaber, Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Tontxu Camposek A eredua desagertuko dela esatea albiste ona dela esan zuten, eta eredu hori eta Nafarroako G eredua berehala desagertzea eskatu zuten.
- Estreinakoz Berrian argitaratua, 2005-09-16an.
|
|
Erantzun |
|