Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskal erretorikaren maisua joan da

Euskal erretorikaren maisua joan da

2005-07-12 / 07:00 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Eugenio Agirretxe Azpillaga, uztailaren 7an, joan den ostegun arratsaldean, hil zen, Bermeon, frantziskotarren komentuan, 84 urterekin. Azpimarratzekoa da sermolari bezala Euskal Herri osoan egin zuen lana, eta zalantzarik gabe, XX. mendearen bigarren zatian ahozko euskara bikaina eta dotorea erabili zuen predikarietako bat da Eugenio Agirretxe; liburu asko idatzi ez badu ere, euskal erretorikan maisu izan zela aitortu behar da.

Eugenio Agirretxe Azpillaga Errezilen sortu zen, 1920ko azaroaren 15ean. Zarautzen egin zen frantziskotar fraide, 1937an. Meza berria Errezilen eman zuen, 1944. urtean.

Bederatzi urtez San Frantziskoren hirugarren ordenako arduradun izan zen. Gasteizen eta Erroman egin zituen Soziologia ikasketak. Herri-misioetan eta gizarte-arazoetan lan handia egin zuen. Gerra osteko euskal elizak izan duen sermoilari, misiolari eta hizlari sutsuen eta dotoreenetako bat izan zen: Euskal Herrian zehar hamaika herri eta hiritan ibilia zen eta garai hartan oso ezaguna jendearen artean.

Aranzazu, Anaitasuna, Goiz Argi eta Zeruko Argia aldizkarietan argitara eman ditu bere artikuluak. Bere artikuluak sinatzeko Egiaundi, Atarre eta Anaia goitizenak erabili ditu, besteak beste

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1957ko uztailaren 26an eta euskaltzain ohorezko, berriz, 1998ko apirilaren 24an.

Argitaratutako lan nagusiak:

  • Arantzazu’ko Ama Birjiņaren Bederatziurrena. 1946
  • Umetxoen otoitzak. 1950
  • Arantzazura erromes. 1956
  • Aldi hartan eta Arantzazuren inguruan. 1955
  • Baserriko lehiotik. 1965-1975 (prentsan argitaratuak)

Inprimatu


Erantzun

 
Inork grabatu du sekula Agirretxe?
2005-07-12 / 12:32 / Arantza Ozaeta

Galdera bat daukat. Inork grabatu du sekula Agirretxe? Badu inork bere ahozko hitzaldirik jasota? Oso interesantea litzake haren ahozkoaren azterketa egitea, alderdi askotatik gainera. Zergatik diogu euskal erretorikaren maisu izan dela? Gustora begiratuko nuke Agirretxeren lana!


(ARANTZA OZAETA Mondragon Unibertsitateko irakaslea da)

 
EGA azterketaren entzumenezko frogan
2005-07-19 / 22:44 / Miren Aristi Agirretxe

Duela hamarbat urte euskararen EGA azterketan, Eugenio Agirretxeren grabaketa bat eduki genuen entzumenezko frogan. Horrek balio badizu... Ez dut urtea ondo gogoratzen baina nahi izan ezkero, begiratu dezaket.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com