Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskaraz erostea, eskubide goxoa

Bittor Zarrabeitia Bengoa / Bestelakoak / 2005-06-30 / 07:00


Kontsumitzailearen legea azaldu eta herrian euskararen erabileraren aldeko sentsibilizazioa zabal dadin kanpaina bat antolatu berri dugu Gernika-Lumon. Euskararen alde gozo-gozo aritu gara herriko sei gozotegiren laguntzarekin.



Helburu nagusiak

Helburu nagusiak

Euskararen erabilera areagotzea erosleen aldetik

Gure hizkuntza erabiltzeko arrazoien inguruan hausnarketa egiten dugun bakoitzean, arrazoi afektiboak nabarmentzen dira gehienetan eta horixe da, hain zuzen ere, gure udalerriaren kasuan somatzen duguna, Euskal Herrian orokorrean gertatzen den moduan. 2001ean egin zen azkenengo kale neurketa berezian jasotako datuetatik, gure udalerrian % 54,3k euskara erabiltzen dutela atera zitzaigun. Bestalde, haurren presentzian erabilera % 63,8 zen bitartean, haurrik ez zenean 22,1 puntutan jaisten zen erabilera (% 41,7). Beraz, helduen arteko harremanetan maila afektibo hori lantzea beharrezko jo genuen eta, horretarako, gure udalerrian oso garrantzitsua den gizarte esparru bat jorratzea pentsatu genuen: merkataritza/ostalaritza. Jendaurreratu nahi izan dugu kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak legeztatuta daudela, baina modu ludikoan eta erreferente gozagarrien bitartez.

Zeharka, merkatariak/ostalariak euskararen erabileran inplikatzea

Merkataritza kanpainari eusten diogu 1993an hasi ginenetik. Bidean dira esperientziak, ondo eta txarto eginak, aldaketak eta egokipenak. Dena dela, erabilerari dagokionean, balantzea poztekoa da Artez Kooperatiba enpresak erabiltzen duen HINAT (indize-aplikazioa) neurgailuak ematen dizkigun emaitzak ikusiz (jarraian agertzen diren datuak 2002 eta 2003 urteetakoak ditugu, orduan kanpainan zeuden 99 merkatal/ostalaritza zentruetan egindako neurketarenak):

EremuaEgoera 2002Egoera 2003
Baliabidea euskaraz% 42,7% 44,77
Euskararen ezagutza% 89,4% 92,10
Kanpo erabilera% 67,1% 69,31
Motibazinoa% 47,9% 50,97
Korpusa% 54,02% 69,47
OROKORREAN% 69,69% 72,78

Aurtengoan, 2005ean, neurgailua berriro merkataritza/ostalaritzan aplikatzeaz gain, enpresetan ere erabiliko da, kasu bakoitzean adierazle mota aproposak hautatuz. Azken bi urteetan somatu dugun fenomenoa da merkatarien artean euskarari nolabaiteko merkatu balorea erantsi zaiola. Hori aitzakia, merkatarien arteko lehia ere areagotu egin da eta azken bolada honetan, merkataritza kanpaina dela-eta Euskara Zerbitzua kalean muturra sartzen ibiltzeaz gain, merkatariak dira hurbiltzen zaizkigunak kanpainak eskaintzen dituen zerbitzuak jaso ahal izateko.

Herrian euskararen aldeko sentsibilizazioa hedatzea

Honako helburua, aurreko beste biak oinarri hartuta lortzekoa den zerbait dugu azken baten. EBPN abiapuntu eta Gernika-Lumoko biztanleriaren tipologiari erreparatuz gero (euskaldunak % 70), erabilera areagotzeko helburu estrategikoari ematen diogu garrantzirik gehien, nahiz eta azken urteetan beste buruhauste bat izan Euskal Herriko udalerririk gehienetan, etorkinen hizkuntza integrazioa alegia, eta horrek ezagutza-baliabideak sendotzea eta egokitu beharra eskatu.

Kontsumitzailearen Legeak hizkuntzarekiko egiten dituen aipamenak hedatu

Euskaraz erostea eskubidea goxoa! kanpaina eratzeko, hauxe helburua izan genuen oinarri nagusi. Horren ostean etorri dira kanpainaren osagai guztiak. Mezu laburrak bitarteko, berezoei dagokienean eskubideak azpimarratu gura izan dira eta, bestetik, merkatarien kasuan, eskubideak zein bete-beharrak.

Jakina denez, 2003ko abenduaren 29an onartu zen Eusko Legebiltzarrean erabiltzailearen eta kontsumitzailearen legea. Lege honek kontsumitzaileek eta erabiltzaileek informazio egiazkoa, osoa, objetiboa eta ULERGARRIA jasotzeko eskubidea daukatela dio. Bai eta ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz zein gaztelaniaz jasotzeko eta enpresa edo establezimenduekin dauzkaten HARTU-EMANETAN ofizialak diren bi berbakeratako edozein erabiltzeko eskubidea ere, besteak beste.

Argi dago merkataritzan euskara normalizatzeko beste legeztapen eraginkorragoak beharrezko direla (horra hor Katalunian etiketak jartzeari eta abarri buruz ezarrita dagoena... Noizko hemen?). Bitartean, guk dagoenari eutsi, modu baikorrean azaldu eta legeak berak esaten duena baino harago joan gura izan dugu.

2004ko balorazio orokorra

Kanpaina hau 2004an ere egin zen eta, lau egunez, 3.000 txu-txu (gozokia) eta 6.000 triptiko banatu ziren herriko kaleetan, lau gune desberdinetan, 8 begirale eta jendearen arteko harreman zuzena landuz. Horietaz aparte, saltokietan kartelak eta informazio orriak ere banatu ziren, banan-banakako azalpenak emanda. Balorazioa benetan ona izan zen, bai merkatarien aldetik zein jendearen aldetik, jaso genituen oharrei erreparatuta kanpaina eraginkorra izatea lortu zelako. Ez da erraza izaten asmatzea, baina uste dugu kasu honetan mezua bideratzeko modu egokiarekin egin genuela topo.

Gehitu behar, kanpaina gauzatzeko udalerriko gozokigileen partaidetza landu zela eta guztiena lortu ere, eurentzat publizitatea eta guztiontzat eskubidearen dastapena.

2005eko egokipenak eta balorazioa

Egindakoan oinarrituta, 2005erako aldaketa askorik ez baina egokipen nabarmena egitea erabaki genuen, merkatari eta enpresari txikien inplikazioa gehiago lantzearren. Beraz, hedapena kalean egiteaz gain, bezero eta merkatarien arteko elkarrizketa piztu nahi izan dugu eta merkatal zentruetan ere garatu egin da kanpainako euskarrien banaketa (informazio orriak, iaz bezala, eta baita biorrikoa eta txokolatinak ere).

Kanpainaren lelo nagusia Euskeraz erostea eskubide goxoa! izan genuen iaz eta aurten ere berbera izan da. Lelo horrekin lotutako mezuak erraz ulertu eta barruratzekoak izan zitezen, iaz erabilitako testuak eta esaldiak ere gehiago murriztu ditugu aurtengoan:

Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko astirik izan ez dugun arren, datu kuriosoa aipatuko genuke honetan. Kanpaina asko garatu izan direnean, banaketa egin ostean lekua miatu eta paperik gehienak lurrean edota paperontzietan ikusi ditugu. Ba, ekainaren 4an, txu-txu banaketa egin ostean, Merkatu Plaza inguru guztia aztertu eta banatutako 600 bat biorrikotik bat besterik ez genuen aurkitu lurrean. Bi orrikoa gordetzeko interesa piztu duena txu-txua, txokolatina ala dena delakoa izan, datua hor dago.

Kanpainaren antolaketarako atalak

Merkataritza eta enpresetako kanpaina 2005ean garatzeko aurrekontua 24.000 €koa izanik, jarraian zehazten den kanpaina antolatzeko 3.500 € inguru erabili dira:

Kanpaina noiz eta zelan

Euskarriak

Giza-baliabideak

Kanpainaren hedapena

Kanpaina hedatzeko, hainbat euskarri erabili ditugu:

Iaz bezala, Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuak, Artez Euskara Zerbitzuak eta aisialdirako Urdaibai Rugby Eskolakoek, merkataritza eta enpresetan euskara normalizatzeko kanpainaren magalean, eskubideak eta bete-beharrak lako gauza latza modu dibertigarri eta erakargarrian azaltzeari ekin diogu.

“Euskeraz erostea eskubide goxoa” kanpainarako gonbiteari erantzun dioten guztiei on egin dagiela.

(BITTOR ZARRABEITIA BENGOA Gernika-Lumoko Udaleko euskara teknikaria da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1120046700