 |
Bost urte eta 1.000 Bai Euskarari |
 |
2005-06-24 / 07:00 / Itxaso Ferreras - Kontseilua |
BESTELAKOAK |
|
Bost urte igaro dira Bai Euskarari Ziurtagiria gizarteratu zenetik. Epe horretan 1.000 entitate egin dira ziurtagiriaren jabe, euskararen aldeko neurriak hartu dituztelako. Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiriarekin aurrera egiteko eta "Aro berri bati ekiteko" erakunde autonomo bat eratuko duela jakinarazi du.
Bai Euskarari Akordioaren Jarraipen Batzordeak Bai Euskarari Ziurtagiriaren 5. urteurrena ospatu du gaurko bileran (2005-06-23). Urte hauetan 1.000 enpresa, saltoki eta era guztietako entitate baino gehiagok lortu dute ziurtagiria. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskararen normalizazioaren aldeko neurriak garatzen ari direla kreditatzen du, haiekin konpromiso irmoa lortuz. “Bai Euskarari Ziurtagiriaren ibilbideak bosgarren urtea bete du emaitza positiboekin”, adierazi du Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Akordioaren Jarraipen Batzordearen urteko bileran Kontseiluko Idazkari Nagusia, Xabier Mendiguren, eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren arduraduna, Rober Gutierrez, agertu dira. Beraiekin batera Jarraipen Batzordeko kideak azaldu dira: AMEDNA (Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartea), Athletic Club, BBK, Diario de Noticias, EHNE, Ekonomisten Euskal Elkargoa, ELA, Etxe Erregionalen Federazioak, Eusko Ganbarak eta MCC.
Era berean, Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiriarekin aurrera egiteko erakunde autonomo bat eratuko duela jakinarazi du. “Egitura zabal eta sendoagoa, proiektua indartuko duena eta gizartearen aurrean erreferentzialtasun berezitua izango duena sortu nahi dugu”, azaldu du Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek. Kontseiluaren aburuz, egitura eragile desberdinek osatutako entitatea izango litzateke. “Aro berri bat hasiko dugu”.
(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak
|
Erantzun |
| |
 |
| Izen hutsarekin |
 |
2005-06-24 / 12:08 / Dionisio Amundarain |
|
Kaixo, lagunok!
Aipatu dudan Ziurtagiriari dagokionez, gustatuko litzaidake
agiri hori lortu dutenen zerrenda ikustea.
Ez dakit daitekeena den. Beldur
naiz horietako asko ez ote den konformatzen izen hutsarekin. Adibidez,
zerrenda horretan al dago EROSKI?
Ba, hala balitz, nire errezeloa egia bihurtuko litzateke enpresa horri
dagokionez bederen.
Lehenago ere, aspaldi samar, salatu nuen enpresa horrek etxez etxe banatzen
dituen paperak gaztelania hutsean-edo etorri ohi direla. Horrez gain, duela
gutxi egiaztatu dut Ordiziako zentroan telefonoa hartzen duena ere erdaldun
petoa dutela; dendako beste zerbitzu batez arduratzen dena ere erdaldun
zintzoa dutela.
Gustatuko litzaidake enpresa hori zerrenda horretan ez datorrela irakurri
edo entzutea.
Besterik gabe, eutsi goiari.
DIONISIO AMUNDARAIN SARASOLA (Lazkao)
|
| |
 |
| Nortzuk daukaten jakiteko |
 |
2005-06-24 / 12:30 / Itxaso Ferrreras Santamaría - Kontseilua |
|
Kaixo Dionisio,
Ziurtagiridunen zerrenda www.baieuskarari.org gunean daukazu.
Mila esker,
(ITSASO FERRERAS SANTAMARÍA Kontseiluko komunikazioburua da)
|
| |
 |
| Sekula ez dago hausnarketa kritikorik |
 |
2005-06-24 / 13:24 / Asier Aseginolaza Zaldua |
|
Bost urte egin ditu Kontseiluak jo ta su Bai Euskari ziurtagiria Euskal Herrian barrena tokian tokiko euskalgintzaren ahalegin betearekin zabaltzen eta 1.000 atxikimendu besterik ez ditu lortu. Eta hori ZORAGARRIA dela esango diguzue.
Mesedez, konturatu zaitezte! kopuru farregarria da hori!
Gainera 1.000 erakunde horien artean lan-munduko 7 organizazio besterik ez daude zerbitzua eta lana euskaraz emateko gai direnak (5 euskalgintzan dihardutenak) eta industria arloko enpresa bakarra dago euskaraz funtzionatzen duena: ELAY taldea.
Niri "Bai Euskari ziurtagiria"-ri buruzko berri honek Patziku Perurenak 1990. urtean Porrot aldizkarian idatzitako "Ni aldekoen kontrakoa naiz" artikulua ekarri dit gogora. Hona hemen hitzez hitz artikulu hori:
"Jainkoak bestek ez daki euskararen aldeko zenbat zeremonia farragarri egiten den urtearen buruan gure herri festazale honetan. Eguna joan eguna etorri, beti bada parodiaren bat, euskararen-aldeko froga gainditzeko edo, antolatzen digutena. Asteburu askotan, egun berean, bizpahiru lekutako parodietan hartu behar izaten du gainera jende askok parte, benetan euskararen alde dagoela erakutsiko badu. Euskararen aldeko antzezle ari garela bihurtzen ematen du euskaldunak. Eta honelako zeremonia antolatzaileek, berriz, zenbat eta antzezle gehiago sortu, orduan eta pozikago, euskararen faboretan gero eta jende gehiago ari delako uste osoan. Ez dute onartu nahi nonbait, euskararen alde ari izateak hutsak, pasibotasuna eta kontzientziaren lasaitasun besterik ez dakarrela.
Oso erreza da Bateginik kanpainan parte hartzea. Oso erreza da Korrikan parte hartzea. Oso erreza da Nafarroa Oinezen parte hartzea. Oso erreza Herri Urrats, Araba Euskaraz, Ibilaldia eta nik dakita zenbat zeremonia gehiagotan parte hartzea. Oso erreza bai. Errezegia. Baina, zer mesede egiten dio euskarari, esate baterako, Zangotzako ikastola batean euskaraz egiteko, Euskal Herri osoad, nahiz euskara ikasi ez ikasi, Bateginik kanpainaren alde mugitzen bada eskerrik beroenak emanen zaizkioneko taktika erabiltzeak? Nik argi eta garbi ikusten dut erantzuna. Ongi da Zangotzako ikastolari laguntzea, baina, horretarako Euskal herri osoari inoiz euskararik ikasi gabe bizi izateko aukera eman behar bazaio, aze porruak ateratzen ari garen. Eta ustez euskararen "salbadore" lana egiten ari direnek, horixe bakar bakarrik eskatzen diote herri honi: izan zaitez euskararen aldeko, sekulan ikasiko ez baduzu ere, edota dakizuna ahaztuko bazaizu ere. Egizu zeure antzerkitxoa, eta bale, horrekin aski duzu, kontzientzia lasai eduki dezakezu. Ustez kontzientziatze lana egiten ari direnak berak dira, kontzientziarik eta motibaziorik sor ez dadin aitzakiak, zeremoniak edo parodiak antolatzen dituztenak. Egia esan far egiteko gogoa ematen du alde batera. Eta bestera ere bai. Ez bait da zertan negar eginik.
Baditut ezagunak eta lagunak ere, Bateginik, Korrika, Nafarroa Oinez, eta beste mila zeremonietan parte hartzen dutenak. Sekulan ez zaie burutik pasa ere egin izanen euskaraz benetan deus egiterik, baina, kuidau gero honelako zeremonien aurka zaudela esan! Agudo altzako zaizkizu zu baino euskaldunago, zu baino iraultzaleago direla esanez. Eta hainbestekoa izan ohi da beren gauzak arrazoitzeko ahalmeha, non berehala espainolista edo EEkoa zarela esanez moztuko dizuten zure iharduna. Barkatu egin beharko didate nik hala pentsatzea, baina, jende klase horixe da euskararen oharkabeko etsairik okerrena. Eta jende klase horri (nahiz euskaldun nahiz kastellano) bazka emateko bestetako ez dira egiten Bateginik, Korrika, Nafarroan Oinez eta beste zeremonia guzti horiek. Jende hori gisa honetako zeremoniak eta parodiak antolatzen dituztenek sortutako fruitua da: Jende horri deusetan sinistu ere egin gabe, deus benetako koherentzia batez egin gabe, jainkoaren moduan sentitzeko aukera ematen zaio herri honetan. Baina, errua, noski, ez da jendearena; jende horrek bere burua jainkotzat edukitzeko aitzakia izan dezan, horrelako parodiak geroz eta gehiago eta maizago antolatzen ari direnena da errua.
Gauza bat utzi nahi nuke argi eta garbi. Sekulan ez naiz izandu horrelako zeremonien aldekoa. Euskarari, mesede beharrean, kalte latza egiten dioten uste osoa bait dut. Egunetik egunera argiago ikusten bait dut, horrelako zeremonien inguruan izugarrizko frustrazioa sortzen ari dela euskarari buruz. Eta deskuidoan norbaitek honelako festakizunen batetan ikusten baldin banau ez dezala behintzat jainkoagatik ere euskararen alde ari naizenik pentsa. Horixe bakarra falta nuke orain. Gaupasaren bat edo mozkorraldiren bat galanta joan izanen da, behar bada, behin baino gehiagotan, baina, hortatik euskararen aldeko ekintza batetan partehartzen ari naizela uste izatera bada alde ederra ene maiteak. Ez nuke nahiko, egunen batetan kaxka erorita bazterren batetan gera nadinean, nitaz inork zera esan dezan: euskararen aldeko ekintza guztietan hantxe izaten zen. Alderantziz baizik: sekula-santan ez zuen euskararen aldeko ekintzetan parte hartu izandu; euskara bizi eta senditu zuelako erabili zuen, eta horixe opa zien beste euskararen komediante fustratu guziei ere.
Halare, azkenaldi honetan egin didaten burlarik haundiena hauxe izan da: zinez bazaude euskararen alde sina iezaiguzu autografo bat, esanez utzi didate buzonean papertxo bat. Aze palentia, eta atzetik far egiteko modua, hori egin duenarena ere! Ni hizkuntza guztien alde nago nornahik senti eta erabil ditzan neurrian. Baina, zinez euskararen alde naizela firma eskatzea, oraindik herri honetan egin didaten gauzarik lotsagarriena iruditu zait. Eta zertarako izanen, eta Europara eramateko! Deskuido santuan, Bateginik kanpaina honen berririk izaten badute Europan, ez dute farra gutxi eginen gure kontura! Orain arte ez zuten zalantzan jarriko Euskal Herrian, kabala den inor behintzat ez zela euskararen kontra izanen, eta orain euskararen alde (alde bakarra eh!) 300.000 firma ezin bildurik gabiltzala entera daitezenean farra egin behar. Nola ez dute bada eginen farra! Nork ez luke eginen? Orain arte sikira etxe barrenean bertan ari zitzaizkgun etengabean hil kanpaiak joka. Orain, berriz, etxekoa aski ez dela, kanpora doazkigu. Aze poza hartuko dutena Europan hemengo kontuak aditzean. Latza da gero, latza denez! geure ezinak bazter guzietan salatzen ibili behar hau. Noiz ohartuko ote gara geurok ari garela geure burua hondatzen eta desegiten."
ASIER ASEGINOLAZA ZALDUA
|
| |
 |
| Gurean 33 dira |
 |
2005-07-01 / 12:36 / jon sánchez |
|
Bai Euskarari Ziurtagiriaren 1000 ale banatu dira dagoeneko. Eztabaidarako gai polita bota du irakurle batek: Gutxi? Asko? Ezin esan botilarena, ez baita hala neurtzeko gauza. Ni lan horretan aritu naiz Kontseiluarekin, Altzan, bertako euskalgintzaren eta Udalarekin batera. Gurean 33 dira orain arte banatutakoak, eta pozik gaude. Oraindik lana badugu, noski, baina abiada onean goazela uste dut. Kontatuko dizuet nolakoa izan den gure lana eta zuek baloratu:
Lehenengo, sustatzaileok jabetu behar izan genuen euskara lan arlora iristen ez bada jai dugula; Ikastetxean euskara ikasten dutenek aukera izan behar dutela heldutasunean erabiltzeko, eta noski, horretarako lan munduan eragin beharra dagoela. Kontseilukoak iaioak dira konbentzitzen, bai horixe! Zailagoa izan zen Udala erakartzea (politika, badakizue!) baina, zorionez, batera ari gara.
Beno, orduan prest ginen "Mezua" (euskara lan arlora) zabaltzeko eta misio-lanean jarri ginen. Herriko enpresa, saltoki, ikastetxe eta erakundeen
zerrenda osatu eta teknikaria (neroni) bidali genuen atez ate, aurkezpen ekitaldira gonbidatzeko. Bitartean, euskalgintzako lagunek girotxoa sortu zuten: eskuorria buzoiratu zuten, hedabideetan elkarrizketak izan zituzten, eta herriko jaietan hau bazetorrela iragarri zuten. Aurkezpen ekitaldia primeran joan zen, jende mordoska elkartu baikenuen (eta luntxik ez zen!).
Pozik ginen.
Ondoren, nire txanda iritsi zen. Atez ate erriro, baina konpromiso eske oraingoan. Euskararen alde egotetik egitera ere pasa beharra zegoela; herrikide guztiek jakin arren oso euskalduna dela, "pagado" ordez "ordainduta" jartzen duen zigilua ere behar duela; bertakoek lan hori nahi ez eta langile kanpotar "merkeak" hartzera behartuta egon arren, langile berria euskaltegian euskara ikastera bidaliz inbertitu ditzakela aurreztutako dirutxoak; ordenadoreak ez dituela nahitaezkoak gaztelerazko programak, euskaraz ere badakiela; langileok nominak euskaraz jasotzeko eskubidea badugula, eta asesoriari prezio berean eskatzea badagoela...
zabaltzen aritu nintzen.
Noski, arlo honetan gabiltzanontzat hori guztia oso logikoa da baina euskara lan arloan tokirik duela inoiz pentsatuko ez zuenarentzat? uskararen egoera hobetzea ikastolen eta umeen gauza dela sinetsita daudenentzat? Gainera, ez
dira tentelak eta badakite gauza horiek aldatzeak dirua eta denbora eskatuko diela. Beraz, ahalegina. Normala den moduan, eroso gaudenean ez dugu nahi izaten mugitu (ala zertarako sortu ziren mandoa eta zapina?).
Horiek guztiek eragiten dute behin baino gehiagotan joan beharra dendara edo erakudearen egoitzara, desordutan askotan, eta bezeroak bertan daudenean bestetan (errotulua aldatuko duzu? Bai, beno...barkatu, Antxoni, zer gehiago
jarriko dizut?...Enfin). Hala ere, Bai Euskarari Ziurtagiriaren pegatina jarri nahi dute dendaren atean, web orrian edo urteko boletinean. Zerbait
izango du, ala?
Beraien erritmoa ez dugu gehiegi behartu behar, hori bai, baina etengabe aritu behar dugu, euskarak presa baitauka (Koldo Izagirreri lapurreta).
Beno, luzatzen ari naiz. Kontua da gurean emaitza polita izan dela, uste ez nuen erakundeak ere erakarri ditugula eta jarraitzeko borondatea erakusten dutela. Bizkorrago joan behar dugula? 1000 gutxi direla? Beno, baliabide gehiagorekin eta guztien partehartzearekin (sindikatuena, enpresarielkarteena, instituzioetako industria sailena, euskalgintzako elkarte gehiagorena eta ekarpena egin duenarena ere bai) bizkorragoa litzateke.
Dudarik ez, baina daukaguna daukagu.
(JON SÁNCHEZ Altzako Bai Euskarari Ziurtagiriaren zabalkunderako teknikaria da)
|
|
Erantzun |
|