Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Juan San Martin euskaltzaina hil da

Euskaltzaindia / Bestelakoak / 2005-05-30 / 13:47


Juan San Martin mendizale, idazle eta euskaltzain osoa gaur -maiatzak 30- zendu da, gaixotasun luze baten ondorioz. Datorren hilean bete behar zituen 83 urte. Bere aldeko hileta-elizkizuna maiatzaren 31n izango da, iluntzeko 19:00etan, Hondarribiko Andra Mari Parrokian.



Juan San Martin 1922ko ekainaren 23an jaio zen, Eibarren. Han egin zituen bizitzaren lehenengo urteak, 1936an gerra piztu zen arte. Aita Valentziara joan zen Errepublikaren alde borroka egitera eta ama eta lau anai-arrebak ihesi ibili ziren Arratian, Bilbon, Santanderren eta Gijonen. Bordelerantz itsasontziz zihoazela, frankistek hartu zuten ontzia eta Ferrolera eraman zituzten San Martin eta bere senitartekoak. Azkenik, Eibarrera bueltatu ziren.

Juan San Martin tornulari hasi zen lanean egunez, eta gauez, berriz, eskolara joaten zen. Gazte-gaztetatik irakurketa-zaletasuna bizi-bizirik izan du eta horrek eman dio autodidakta oinarriaren heziketa. Euskaraz alfabetatzeari ere, bere kasa ekin zion. Lanbide aldetik industria arloko zenbait espezialitateren esparruan aritu izan zen Eibarren eta, ondoren, makinaria inportatzen zuten enpresetan lankidetza eskaini izan du ere.

Irakurle sutsua izan da beti Juan San Martin, baita mendizale ere: mendian era guztietako praktikak egin ditu, hala nola mendigoizaletasuna, eskia, eskalada eta espeleologia. Garai batez eskalada eta mendigoizale eskolako irakasle-gidaria izan zen. Aipatzekotan, Bulnesko Naranjo mendia igo zuela hiru bide desberdinetatik, eta baita Pirinioetako zenbait mendi gailurrera igoteko bide berriak urratzen aitzindari izan dugula. Europako mendi-ibilbide ugari eginak ditu eta baita Pirinioetako eta Alpeetako mendikate gehienak ere.

Eibarko Kirol klubean parte hartu izan du betidanik. Berton zenbait kargu izan zituen, eta besteak beste, burua izatera heldu zen. Eta ohiturei jaramonik egin gabe kultura saila sortu zuen, bertako biblioteka garatu; honela, kirol ekintzen osagarri modura, berbaldiak, ikastaroak eta zenbait erakusketa antolatuz.

Larran San Martin leizera espedizio espeleologikoetan parte hartu izan zuen. Eta, horren ondorioz, lehenengo idazlanak mendiari buruz idatzi zituen: Eibarko Kirol Elkartearen aldizkarian eta Pirenayca agerkarian ere, gazteleraz hasieran, euskaraz ere bai, gerora. Hau guzti hau kontuan izanik, 1955. urtean, Espainiako Mendi Federazioak zilarrezko domina eskaini zion.

Imanol Berriatuaren Anaitasuna eta Jokin Zaitegiren Euzko Gogoa izan ziren kultur gaiei buruzko bere lehen artikuluen plaza 1950eko hamarkadaren hasieran, eta geroztik Euskal Herrian izan diren aldizkari gehienetan argitaratu du Juan San Martinek. Egan aldizkariko zuzendari izan zen 1983tik 1989ra. Eta zenbait urtez, Jon Bilbao jaunaren gidaritzapean, Eusko Bibliographia taldeko laguntzaile eta zuzendaritzako kide ere.

Euskal Herritik zehar ibili zaigunez gero, jarraiko gaiak landu ditu: historiaurrea, linguistika, arteak, arkeologia eta etnografia. Honela ba, historiaurreko zenbait aztarnategi –erromatarren garaikoak- eta artelan batzuk identifikatu egin ditu. Aldi berean, zenbait herri-kanta eta eskuz egindako lanen bilketa egin izan du.

Artikuluak ez ezik, poemak ere plazaratu ditu Juan San Martinek, batez ere Euzko Gogoa-n eta Santi Onaindiak zuzentzen zuen Olerti aldizkarian. Poesia lanetarako erabili zuen goitizena, Otsalar, erreferentzia garrantzitsua izan zen 1960. hamarkadako euskal poesigintzan. 2001ean, argitaratu zituen orduko poema gehienak, Giro Gori liburuan.

Bere lehen liburua aspaldikoa dugu. Juan Antonio Mogelen bizitzari eta obrari buruzko liburua kaleratu zuen 1959an, eta gero beste hainbat etorri ziren: umorea, literatura, artea, etnologia, hizkuntza... era guztietako alorrak landu baititu Juan San Martinek bere liburuetan.

Euskaltzaindiak 1957ko uztailaren 26an izendatu zuen euskaltzain urgazle. 1964ko abenduaren 18an, aldiz, euskaltzain oso aukeratu zuten. Sarrera hitzaldia hamar urte beranduago egin zuen, hots, 1974ko irailaren 14an, Urdazubin, “Literatura landuaren sorrerako giroa, Axularren garaira arte” gaia hautatu zuela. Jean Haritschelharrek erantzun zion.

1966tik 1978ra Akademiako idazkaria izan da San Martin; 1970tik 1978ra diruzaina; 1978tik 1988ra Jagon sailburua . Euskaltzainburuorde ere hautatu zuten 1988an, baina kargua hurrengo urtean utzi zuen, Euskal Autonomi Erkidegoko Ararteko izendatu zutelako. 1994tik 1995ra Ombudsman Europear Institutuko burua izan zen. Urte horretan bertan utzi zion Ararteko izateari .

Espainiako Transizio politikoaren garaian Arte Ederretako Kontseilaria izendatu zuten. Bestetik, zenbait urtez, Donostiako San Telmo Museoko Zuzendaritzako kidea izan zen, baita Eibarko San Andres elizaren berriztatze-lanetan, Kontseiluko aholkulari ere.

Aranzadi Natur Zientzietako Elkarteko kidea zen San Martin, eta baita Euskalerriaren Adiskideen Elkartekoa ere. Euskal Idazleen Elkarteak eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretari Elkarteak, aldiz, ohorezko kide izendatu zuten Juan San Martin.

36. Durangoko Liburu eta Disko Azokan, Durango merinaldeko Adiskideen Gerediaga Elkarteak 2001.eko “Durangoko Argizaiola” omen-saria eman zion.

Azkenik, azpimarratzekoa da 2001. urtean, Eibarko Udalak, Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzarekin, “Juan San Martin” beka sortu zuela, ikerketa sustatzeko eta Juan San Martin eibartar euskalari eta ikertzailea omentzeko. Beka honen saria Patxi Salaberri Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak jaso zuen, lehenbiziko deialdian. Geroztik, urtero antolatzen da euskaltzainaren izena daraman beka hori.

Bestalde, Eibarko Udalak Juan San Martin euskaltzaina “seme kunttun” izendatzea onartu zuen orain dela aste batzuk. Izendapen hori ofizialki hartu behar zuen Udalak, datoreen ekainaren 3an egin behar zen udal bilkuran.

Sariak, omenaldiak

Argitaratutako liburuak eta artikuluak


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1117453678