Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Zuzentzaile ortografikoa amaraunean erabilgarri

Zuzentzaile ortografikoa amaraunean erabilgarri

2005-05-23 / 07:00 / Iñaki Arantzabal Altuna - ELEKA   INTERNET

Ordenagailu askotan egongo da honezkero Xuxen programa. Orain, berriz, amaraunean jarri dute, munduko edozein lekutatik, gauden tokian gaudela, euskaraz idatzitako edozein idazkiren ortografia txukun eta xuxen idatzi ahal izateko.

Zuzentzaile ortografikoen helburua da idatzitako testuen akats ortografikoak detektatu eta zuzentzea, ahalik eta modu eroso zein eraginkorrenean.

XUXEN euskarazko zuzentzaile ortografikoa, Eusko Jaurlaritzari esker, jadanik sistema eragile eta bulegotika-programa askotarako dago eskuragarri, baina ez da aukera guztietara heltzen. Hedapen horretan beste urrats bat emateko, XUXEN Interneteko orrialde batetik erabiltzeko aukera gauzatzea izan da gure xedea.

Egoera hauek izan ditugu gogoan, gure sistema garatzerakoan:

  • Ordenagailuan dudan sistema eragile edo bulegotika-programarentzat ez dago XUXEN bertsiorik.
  • Ordenagailuan ez dut egin nahi XUXEN arruntak eskatzen didan instalazioa.
  • Ez naiz ari nire ordenagailuan, eta ordenagailu honetan zuzentzailea ez dago eskuragarri.
  • Web gune batean ari naiz testua idazten.

Egoera horien guztien aurrean, oso lagungarria izan daiteke web sistema bat eskura izatea.

Web gunearen bigarren helburua da Xuxeni buruzko informazio eta deskarga guztien antolakuntza lortzea. Hartara, puntu bakar batean bilduko genuke zuzentzaileari buruzko informazioa eta zerbitzu guztiak.

Aipatzekoa da web gune hau garatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso dugula. Bestalde, XUXEN aplikazioaren bertsioak garatzeko, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso da.

Ezaugarri nagusiak

Hona hemen sistemak eskaintzen duen hasierako orria:

Hauek dira www.xuxen.com sistemak dituen modulu edo zerbitzu nagusiak:

Zuzenketa-zerbitzua

Sistemak eremu handi bat du, zuzendu nahi den testua han idazteko. Informazio hori edozein dokumentutik kopiatu eta testu-eremuan itsats daiteke.

Bi zuzenketa-mota eskaintzen ditu sistemak:

  • Zuzendu aukeraren bidez, zuzenketa azkarra egiten da. Testua aztertu ondoren, XUXENek ezagutzen ez dituen hitz guztiak nabarmenduko ditu.

Erabiltzaileak hitzez hitz begiratu behar du testua. Sistemak ezagutzen ez duen hitz bakoitzean proposamen-zerrenda bat irekitzeko aukera emango da. Proposamen bat aukeratuz, testua zuzentzen joango gara.

Hitzak berrikusi ondoren “Onartu” botoia sakatuz, testu zuzendua hasierako eremura itzultzen da.

  • Zuzenketa aurreratuan, berriz, hitzez hitzeko zuzenketa egiten da. Bulegotika-aplikazioetan baliatzen den metodoa erabiltzen da hemen.

XUXENek hitz bat ezagutzen ez duenean, leiho bat irekiko du, eta aukera hauek emango ditu:

  • Utzi: hitza dagoen bezala uzten du eta aurrera jarraitzen du.
  • Denak utzi: hitza bere horretan utziko du testu osoan.
  • Aldatu: proposamen bat aukeratu eta testuan aldatuko da.
  • Aldatu guztiak: aukeratzen den proposamena testu osoan ordezkatuko da.
  • Hiztegiratu: erabiltzaile erregistratuek hiztegi pertsonala kudeatzeko aukera izango dute.

Erabiltzaileen erregistroa

Erabiltzaileak berariazko hiztegia kudeatzeko eta erabiltzeko aukera du. XUXENWeb-ek hitz bat ezagutzen ez duenean, erabiltzaileak hitz hori berariazko hiztegian sartzen badu, hurrengoan sistemarentzat ezaguna izango da.

Izena eta pasahitza besterik ez da eskatzen erregistroa gauzatzeko.

Berariazko hiztegia erabiltzeko, “Saioa hasi” behar da, eta, horretarako, izena eta pasahitza sartu behar dira.

XUXEN bertsioen bilgunea

Orain arte sortu diren XUXEN aplikazioaren bertsio guztiak eskuragarri daude. Sistema eragilea eta bulegotika-aplikazioa kontuan hartuta, taula bat erakusten da aukeran dauden bertsio guztiekin. Xuxen jaisteko, nahikoa da HEMEN klik egitea.

Bertsioen instalazio-programa eta eskuliburua Euskara Softwarea orrialdetik jaits daitezke. Orrialde hori Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak kudeatzen du, eta han dago XUXEN eta bestelako tresnen bertsio guztien biltegia.

XUXEN informazio orokorra

XUXEN proiektuaren inguruan sortu den eta sortuko den oinarrizko informazioa erakutsiko da atal honetan. Hona hemen zer erakutsiko den:

  • Informazio orokorra: Xuxen zer den, zer egiten duen eta zer ez duen egiten, etab.
  • Argitaratutako artikuluak

Atal hau denborarekin berritzen joango da, eta sortuko diren informazio nagusiak uztartuko dira.

XUXEN azken bertsioak

Hasierako orrialdean garbi nabarmentzen dira XUXENen azken bertsioak.

Iradokizunak bidaltzeko aukera

Erabiltzaileak bere iritzia bidaltzeko aukera izango du.

Sistemaren arkitektura

Web gune bat izango da proiektuaren azken emaitza. Hona hemen proposatzen dugun arkitekturari buruzko informazioa:

  • Bezeroak nabigatzaile bat erabili beharko du sistemaz baliatzeko. Nabigatzaile hauetarako prestatuko da sistema:
    • Internet Explorer
    • Netscape Comunicator
    • Mozila
  • Zerbitzaria Elekan egongo da. Eleka arduratuko da ostatatze-lanez eta sistemari jarraipena egiteaz. Hauek dira gure zerbitzarien ezaugarriak:
    • Sistema eragilea: Red Hat
    • Datu-basea: MySQL
    • Programazio-lengoaia: PHP eta C

(IÑAKI ARANTZABAL ALTUNA Eleka-ko komertziala da)


Inprimatu


Erantzun

 
1000 karaktere oso gutxi dira
2005-05-24 / 11:37 / Itziar Beorlegi Garitaonaindia

Tresna bikaina jarri duzue ortografia txukun erabili nahi dugun euskaldunon eskura, ZORIONAK!!!.

Hala ere oker handi bat ere aurkitu diot: berebiziko muga da baimendutako karaktere kopurua 1.000 besterik ez izatea. Muga horrek, idatzitako testua zati txikitan zatitzera behartzen gaitu eta lan nekagarri eta ernagarria da.

Mesedez, karaktere muga hori ken ezazue edota muga zabalagoa ezarri.

Berriz ere, mila esker euskaldunon mesedetan horrelako tresna sortzeagatik, bikaina baita.


(ITZIAR BEORLEGI GARITAONAINDIA Lehen Hezkuntzako irakaslea da)

 
Mozilla-rekin ez dabil
2005-06-06 / 08:44 / Asier Altuna Iraola

Artikuluak dio Mozillarekin erabiltzeko prestatuta dagoela zuzentzaile ortografikoa, baina Mozillarekin ez dabil.


(ASIER ALTUNA IRAOLA irakaslea da)

 
Orain 2.000 karaktere zuzendu daitezke
2005-07-06 / 09:55 / Iñaki Arantzabal

Zuen eskaerari jaramon egin diogu, eta karaktere-kopurua handitu dugu.

Momentu honetan 2.000 karaktere zuzendu daitezke www.xuxen.com erabiliz.

Mila esker zuen interesagatik.


(IÑAKI ARANTZABAL ALTUNA Eleka-ko komertziala da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com