Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Ikasketak euskaraz jarraitzeko kanpaina

Ikasketak euskaraz jarraitzeko kanpaina

2005-04-28 / 07:00 / Alkarbide   IRAKASKUNTZA

"Zeurea da aukera, jarraitu euskaraz" kanpaina abian jarri dute Bizkaiko 38 udalerrik Batxilergo eta Lanbide Heziketa ikasketak egin behar dituzten gazte euskaldunek D eredua aukera dezaten eta euskaraz ikasten jarrai dezaten.

Alkarbide Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak bultzatuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, DBH ikasten ari diren gazteei zuzendutako kanpaina jarri da abian, Batxilerra eta Lanbide Heziketa ikasketak egin behar dituzten gazteek D eredua aukera dezaten.

Gazte askok DBHra arteko ikasketak euskaraz egin arren, batxilergoan eta batez ere lanbide heziketan gaztelaniazko ereduetara jotzen dute. Eremu ez euskaldunetan bizi diren asko beldur izaten dira, uste dutelako euskarazko ereduetan ez direla aurrera egiteko gai izango. Beste batzuk, aldiz, euskarazko irakaskuntza ez dela kalitate handikoa esaten dute, datuek bestelakoa erakusten badute ere.

Egoera hori oinarri hartuta, gazteak euskarazko ereduetan matrikulatzera bultzatu gura izan ditugu eta horretarako Bizkaian zer eta non ikas daitekeen euskaraz adierazten duen liburuxka banatuko diegu Bizkaiko 7.200 gazte euskalduni.

Lanbide Heziketan hutsunerik handiena

Gaur egun, Bizkaian Lanbide Heziketa ikasten duten gazteen %89k gaztelerazko ereduetan egiten du. Bizkaian, Lanbide Heziketa ikasten ari den gazteen %7,5ak soilik aukeratu du D eredua. Gazte hauetako asko eta asko euskaldunak dira, euskal ereduetatik Lanbide Heziketara doazenak.

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusi Gotzon Lobera, Bilboko Euskara zinegotzi Ana de Castro eta Athleticeko jokalari Luis Prieto arduratu ziren kanpainaren berri emateaz.

Ana Castro Bilboko Euskara zinegotziak arrazoi bi eman ditu gazteek D eredua zergatik aukeratzen ez duten azaltzeko. Bere esanetan, "informazio gabezia eta beldurra dira euskaraz ez ikasteko arrazoi nagusienak". "Gazte askok uste du ez direla euskaraz moldatzeko gai izango", azpimarratu du Castrok.

Gotzon Lobera Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendariak azaldutakoaren arabera, Batxilergoko eta LHko matrikulatzeei dagokienez, 2001-2002 eta 2004-2005 ikasturteak alderatuta, 4.700 ikasletik gora galdu dira: 42.191 matrikulatu ziren orain lau urte, eta 37. 413 oraingoan. Halere, "Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan D ereduari eutsi egin diote, ez, aldiz, Lanbide Heziketan", azpimarratu du Gotzon Lobera jaunak.

7.200 gazte bizkaitarri gutuna

Abadiño, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Bilbo, Elorrio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gordexola, Iurreta, Markina, Muskiz, Ortuella eta Zornotzako udalekin batera, Enkarterri, Txorierri eta Uribe Kostako mankomunitateek hartuko dute parte kanpainan.

7.200 gaztek gutun bana jasoko dute etxean; gutunarekin batera, Batxilergoan eta LHn dagoen euskarazko eskaintzaren berri ematen duen liburuxka jasoko dute. Liburuan, Luis Prieto Athleticeko jokalariak sinaturiko gutuna dago. «LH euskaraz ikasi nuen eta, nire ustez, euskaraz ikastea garrantzitsua da, lanerako aukera gehiago emateaz gain, bizitza ezagutzeko beste era bat edukitzeko aukera ematen duelako», adierazi zuen Athleticeko jokalariak.

Hona hemen hitzez hitz Luis Prieto Athleticeko jokalariak sinatutako gutunak dioena:

Kaixo gazte,

Derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitzear zaude eta laster zure etorkizunerako urrats garrantzitsua egingo duzu. Neuk ere horixe egin behar izan nuen orain dela zenbait urte, DBH bukatu eta nire ikasketak nondik bideratu nahi nituen erabakitzean.

Gaur egun, oso pozik nago orduan hartutako erabakiarekin: lanbide heziketa euskaraz egin eta kalitatezko irakaskuntza jaso dut.

Ikasketak euskaraz egitean nire arloko gaiak lantzearekin batera, lanerako hain garrantzitsua den euskara behar bezala erabiltzen ikasi dut eta horrek beste ildo batzuk jorratzeko aukera eman dit.

Gainera, adituek diotenez, zure adinean euskaraz ikasteari uzten badiozu ­batez ere familiaren ingurunean euskaraz egiteko aukerarik ez badago­ hizkuntz trebetasunak apurka-apurka galdu egiten dira.

Horrela, bada, gure herrian euskara gero eta garrantzitsuagoa dela ikusita, derrigorrezko hezkuntza euskaraz burutu duzuen ikasle guztiok animatu gura zaituztet, nik egin nuen bezala, zeuek ere datozen urteotan euskal ereduetan ikasten jarrai dezazuen, era horretara lortuko baituzue elebidun orekatuak izatea eta etorkizunean euskaraz nahiz gaztelaniaz aise jardun ahal izatea.

Liburuxka honetan, Bizkaian Batxilergoa eta Lanbide Heziketa euskarazko ereduetan egiteko aukeren berri duzu. Erabakia zeure esku dago, baina kontuan izan, orain hartuko duzun erabakiak eragin handia izango duela zure etorkizunean. Informazio gehiago behar izanez gero, galdetu zure eskualdeko Berritzegunean, herriko euskara zerbitzuan edota Hezkuntza Sailean (www.hezkuntza.net).

Ondo ibili eta laster arte.

Luis Prieto
Athletic-eko jokalaria


(ALKARBIDE Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea da)

  • Bizkaiko 7.200 gazteri etxera iritsiko zaion liburuxka ikusi nahi baduzu, sakatu HEMEN (1,5 Mb)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com