Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Jose Mari Larrarte eta Jose Garmendia gogoan

Euskaltzaindia / Bestelakoak / 2005-04-23 / 07:00


Jose Antonio Mujikak eta Jose Luis Lizundiak eginiko hilberri-txostenak irakurri dira 2005-04-22an, Gipuzkoako Foru Aldundian.



Gipuzkoako Foru Aldundian, ageriko bilkura egin du Euskaltzaindiak, hilberri-txosten hauek irakurtzeko:

Jose Mari Larrarte (1926-2004)

“Langile isila baina nekagaitza izana zen Jose Mari bere bizitza guztian; isila, baina emaitzetan oparoa”. Jose Antonio Mujikak ez ezik, horrela ikusten zuten inguruko guztiek Jose Mari Larrarte zena. Mujikak esan duenez, hiru aldi handi bereiz daitezke Jose Mariren ibilbide profesionalean: lehenbizikoa, gaztetxoen irakasle, pasiotarren ikastetxeetan batez ere (1951-1976); bigarrena, helduen irakasle Iruñean (1976-1981); eta hirugarrena, itzultzaile Gasteizen (1981-1991).

Lehen etapa, pasiotarren etxean jardun zuena, euskararen irakaskuntzari lotu zitzaion. Eta irakaskuntzaren bitartez, azpimarratu du Mujikak, “ikusten dira argi haren lanak, bere bizitza guztian, izan zituen ezaugarri bi: praktikotasuna eta apaltasuna. Helburuari zuzen lotzen zitzaion irakaskuntza zen harena: ikasle euskaldunek etxetik zekarten euskara, aurrerantzean jakinaren gainean eta, behar bazen, zuzenduta menderatzea zen orri haien helburua, eta hartara jotzen zuten zuzenean, bestelako azalpen eta betelanetan nahasi gabe. Eta apaltasuna, bestalde. Ez zen Jose Mari bere burua erakutsi zalea. Ez zen ohore-gose eta txalo-bila ibiltzen diren horietakoa. Besteei eskainitako zerbitzua, horixe zuen nahiko sari”.

Pasiotarren Gabiriako eta Eubako ikastetxeetan irakasle ibili ondoren, Irunen eta Urretxun izan zen. Harik eta Iruñera bidali arte. Orduantxe hasten da, Larrarteren bizitzan, Jose Antonio Mujikak bereizten duen bigarren etapa. “Udako ikastaroak antolatzera eta eskolak ematera joateko eskatu zioten -esan du txostengileak- eta gero, 1977tik aurrera ardura berriak izan zituen. Iruñeko Irakasle Eskolako Euskararen katedraren arduraduna izan zen lau urtez, 1977 urtean hasita; eta Hizkuntza Eskolako irakaslea ere izan zen, hau sortu zenetik, hau da, 1977 urtetik aurrera. Eskola horretarako material didaktikoa ere sortu zuen, Euskara Bizitik izenekoa”.

Hirugarren etapa 1980an hasi zen, Gateizen -“Iruñera bezala Gasteizera ere bestek deituta joan zen. Ohargarria da hori: bera ez zen inoiz postu bila lehiatu”-, Legebiltzarreko itzultzaile gisa. Hamar urte egin zituen bertan. Gero, erretiroa hartuta, Erromara bidali zuten agintariek, artxibistika ikastera urtebetez. Handik Deustura etorri zen, kongregazioko artxiboan lan egitera. “Irakasle, itzultzaile, artxibista…, ondo betea izan zuen beti, esan bezala, eguna. Denbora gutxi geratzen zitzaion, tamalez, gustuko zituen beste eginkizun batzuetan aritzeko”. Euskaltzaindiaren baitan, gogorarazi du Mujikak, Gramatika batzordeko kidea izan zen Larrarte, baita Azkue Biblioteka eta Lexiko Ebazpen Finkapenerako batzordeetakoa ere. Gramatika batzordean lanean diharduen Jose Antonio Mujikak esan duenez, “ziurtasuna ematen zigun, euskararen ezagutza sakona baitzuen”.

Jose Garmendia (1925-2005)

Jose Garmendiaren zenbait datu biografiko aipatu ostean, Sevillan igarotako urteak bereziki inportantetzat jo ditu Lizundiak, “ikerketarako bidea zabaldu baitzioten”. Ezaguna den bezala, Indietako Artxiboak ikertu zituen modu sakonean. Hori dela eta, Euskal Herrian ez ezik, Andaluziako ikerleek ere ezagutzen dute Jose Garmendia, Lizundiak azpimarratu duenaren arabera. Hala bada, orain dela sei urte Puerto de Santa Marian zegoela, Garmendiaren berririk eman ziotela azaldu du: “Durango kalea ikusi eta Udaletxera deitu nuen; hiriko kronistarekin mintzatu eta honek, berehala, Garmendiarekiko ezagupidea azaldu zidan. Zaldibiarrari deitu eta biengandik enteratu nintzan euskaldun askok partaidetza izan zutela Puerto de Santa María hiri aberatsaren historian”.

Cadiz eta Sevilla hiriek euskal exonimoak izan omen zituzten: Karize eta Sibilia. Ba, Lizundiak esan duenez, “Inork ikertu baditu Sibilia eta Karizeko merkataritza eta itsas harremanak, batez ere giputz-bizkaitarrekin, gure goierritarra izan da. Noski, “Boga boga” kantak esango lukeen bezala, Indietara joandako zientoka euskaldunen testamentu, gutun, dokumentu, aberastasun, nahiz pobrezia, hark estudiatu ditu”. Eta eskaria agertu du ondoren: “Gaur eta hemen, hainbeste liburuki eta aldizkaritan sakabanatutako bere idazlanak norbaitek batzea eta argitalpen bilduma baten paratzea eskatuko nuke, foru erakundearen babespean. Aitorpenik hoberena litzateke, Euskal Herriaren historiaren alderdi ez hain ezagutua eskura izango baikenuke”.

Jose Garmendiak, Juan Inazio Iztueta Zaldibiako idazle eta dantza ikerlearen bizitza eta lana sakon ikertu zituela gogora ekarri du Jose Luis Lizundiak: “Inork aztertu, ikertu eta argitaratu badu zaldibiar famatu hura, Jose Garmendia izan da. Zinetan deitu genezake “iztuetologo” nagusia”.

Euskaltzalea zen Garmendia, “Gipuzkoaren historian ugari izan diren ideologia tradizionalistako gizon jakitun eta kezkatsu andanaren azkenetarikoa izan dela esango nuke”, esan du euskaltzain osoak. Eta modu honetan amaitu du: “Euskal Herriak eta, bereziki, Gipuzkoak eta Zaldibia bere jaioterriak, euskalari jakintsu bat, ikerle trebe bat, galdu dute aurtengo neguan. Gipuzkoarren Etxe Nagusi honetan esan dezaket, Probintziak -berari esatea gustatzen zitzaion bezala- zor diola oroimen koskor hau baino zerbait gehiago. Gauza bera, Zaldibiako Udalak ere, zeren eta bertako seme argienetariko bat izan baita”.

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1114210969