Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Hauteskunde proposamen eskasak euskararentzat

Itxaso Ferreras - Kontseilua / Herri-administrazioa / 2005-04-13 / 07:01


Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak EAEko hauteskunde autonomikoei begira alderdien egitarauen azterketa egin du, euskararen normalizazio prozesuan aurrerapausoak proposatzen diren jakin nahian.



Konpromisoa beharrezkoa

Konpromisoa beharrezkoa

Horretarako, Kontseiluak egitaraua argitaratu duten alderdien proposamenak txosten baten bidez aztertu ditu. Azterketa honen ondorio nagusia alderdi gehienen hizkuntza-politikaren eraginkortasun eza da. "Hauteskunde-egitarauetan ere normalkuntza lortzeko euskararen konpromisoa ezinbestekoa dela uste dugu", azaldu zuen Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek.

Akordio soziopolitikoa oinarri

Egitaraua aditzera eman duten alderdiak EAJ-EA, PP, PSE, EB, UA, Aralar, Alderdi Humanista, Berdeak-Pacma eta Batasuna izan dira, azken hori hauteskundeetan parte hartuko ez duena legez kanpo utzia izanagatik.

Azterketarako oinarri gisa, Kontseiluak 2004ko azaroan hamaika indar politiko eta sindikalekin sinatutako Akordio Soziopolitikoa hartu du. “Hitzartu genituen neurriak gure ustez ezinbestekoak dira”, adierazi zuen Idazkari Nagusiak. Alderdien proposamenen gainean Kontseiluak bere ondorioak atera ditu. “Orokorrean, alderdien proposamenak nahiko eskasak dira”, esanez adierazi zuen kezka Xabier Mendigurenek.

Atzerapausoak eta eskasiak

Egitarauen azalpenetan Kontseiluak PSE, UA eta PPren egitasmoetan atzerapausoak nabaritu ditu. “Alderdi hauek ‘inposizioa’, ‘diskriminazioa’ eta ‘opresioa’ hitzak erabiltzen dituzte, euskararen normalizazioak eragindakoak direla esanez. Ez dute, ordea, euskaldunok pairatu behar dugun hizkuntza-eskubideen urraketa aipatzen”, salatu zuen Kontseiluko Ildo Politiko-Instituzionaleko arduradunak, Ińaki Lasak.

EAJ-EA koalizioaren proposamenean ere, ez dute ‘euskarak behar duen eraginkortasuna’ jaso, Kontseiluaren aburuz. “Koalizioaren eta gainerako alderdi gehienen adierazpenetan asmo, helburu eta bitartekoen arteko lotura falta da”, adierazi zuen Lasak.

Eskasien artean Ildo Politikoko arduradunak bi puntu azpimarratu zituen. Batetik, Estatutu berrian ez dela euskarak izan behar duen estatusa jasotzen. Bestetik, hezkuntza-ereduen sistemaren aldaketa ez dutela funtsezkotzat hartzen.

Administrazioaren eta Osakidetzaren euskalduntzearen gainean EAJ-EA koalizioak duen jarrera kritikatu zuen Kontseiluak. “PSEk, PPk, EBk eta UAk ere, ez diote zerbitzuak euskalduntzeari arretarik jarri, normalizazioa lortzeko ezinbestekoa izan arren”, esan zuen Ińaki Lasak. Gainera, lan-munduaren euskalduntzean, hedabideenean, dirulaguntza beharretan eta udal mailako politikan hutsuneak nabaritu dituzte.

Proposamen interesgarriak

Azkenik, Kontseiluak proposatutako Akordio Soziopolitikoarekin bi alderdi bat agertu direla azpimarratu zuten: Aralar eta Batasuna. Era berean, EBk bere egitarauan zenbait proposamen interesgarri azaldu ditu.

“Hitzarmen Soziopolitikoarekin lortutako eragina azpimarratzekoa da. Izan ere, gainerako alderdiei Akordioarekin bat etortzeko proposamena zabaldu nahi diegu, honetan azaldu baitugu jarraitu beharreko bidea”, gaineratu zuen Lasak.


Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1113313355