![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Itxaso Ferreras - Kontseilua / Bestelakoak / 2005-04-12 / 07:00
Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen hizkuntza politikarekin kezkatuta azaldu zen Kontseilua joan den larunbatean, 2005-04-09an, egindako Batzar Nagusian.
Kontseilua osatzen duten euskararen gizarte erakundeek urteko Batzar Nagusia egin zuten larunbatean. 46 bazkideek Bilboko Batzar Nagusien egoitzan izan zen ekitaldian esku hartu zuten, urtean zehar hizkuntza mailan egindako aurrerapenak aztertzeko helburuarekin.
Bertan, Kontseiluak 2004ko balantzea egin eta 2005ean garatu behar dituen ildo nagusiak erabaki zituen. "Hamabi hilabete hauetan normalizazioaren alde ekimen ugari burutu ditugu. Halere, oraindik gizarteko estamentu guztien konpromisoa lortzeko ahaleginak egiten jarraitu behar dugu", adierazi zuen Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek.
Euskalgintzaren kezka nagusia hizkuntza-politika eraginkor baten eza da. "Ahalegin mugatuak sumatu ditugu gobernuen jokabidean", adierazi zuen Mendigurenek.
Honekin batera, Kontseiluak Euskal Autonomi Erkidegoan bukatu berri den Legegintzaldian euskararen normalizazioaren gaineko azterketa ere egin du, "lau urteko agintean egindakoak eta bete gabekoak aztertu ditugu txosten baten bidez eta ez dela aurrerapauso garrantzitsurik eman izan da gure ondorio nagusia", aitortu zuen Idazkari Nagusiak. Izan ere, Euskal Herri osoan euskara garatzeko dauden zailtasunak ere azpimarratu zituen.
Honen ondorioz, euskalgintzak aho batez instituzioen eta alderdien inplikazioa eskatu zuen. "Normalizazioa bizkortu behar dugu, atzera pausoak ematea nahi ez badugu", esan zuen Mendigurenek.
Urtean zehar Kontseiluak egindakoak ere gogoratu zituzten Batzar Nagusian. "Asko izan dira burututako ekintzak: Bai Euskarari ziurtagiria zabaltzekoak, erakunde, elkarte eta norbanakoen konpromisoa lortzekoak eta hizkuntza-eskubideak bermatzeko ahaleginak, besteak beste".
Kontseiluaren ustez "urteko balantzea positiboa izan da", beraz, bide beretik jarraitzea adostu zuten bazkideek.
(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluko komunikazioburua da)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |