![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Nerea Pikabea Amundarain - Kontseilua / Irakaskuntza / 2005-03-22 / 13:49
Bitarteko irakasleek aspalditik zekiten hizkuntz eskakizuna lortu beharra zutela Kontseiluaren ustez. Bilboko Bertendona ikastetxean itxialdian dauden bitarteko irakasleen auziaz hausnarketa egin du Kontseiluak eta bere iritzia eman du Andoainen egindako prentsa agerraldi batean. Iñaki Lasa ildo politiko-instituzionalaren arduradunak eta Xabier Mendiguren Kontseiluko Idazkari Nagusiak hartu dute parte agerraldian.
Iñaki Lasak azaldu duenez “egonkortasuna galdu duten irakasle horiek bazekiten aspalditik legeak eskatutako 2. hizkuntz eskakizuna lortu behar zutela, inork ez ditu engainatu. Epe egokiak eta nahiko bitarteko izan dituzte eskatutakoa lortzeko, lanordutan eta doan, eta hala ere ez dute pausorik eman eskatzen zitzaiena lortzeko”.
Xabier Mendiguren Kontseiluko Idazkari Nagusiaren ustez “irakasle batentzat hizkuntza ezinbesteko lan tresna da eta eskola tresna aparta da euskararen normalizaziorako. Hezkuntza sistemak euskararen irakaskuntza bermatu behar du”.
Mendigurenen hitzetan “irakasle gehienen ahalegina zinez txalotzekoa da: euskara ikasi dutelako eta, gaur egun, ikasitakoa etengabe hobetzen ari direlako gure seme-alabei behar duten kalitatezko hezkuntza eskaini ahal izateko”.
Kontseiluaren ustez ez da eskola euskaldundu behar duen bakarra, baita Administrazioko beste Sailak ere, Ertzaintza edota Osakidetza esate baterako. Euskal herritarren eskubidea da Administrazioarekiko harreman oro bi hizkuntzetan izatea. Horregatik, euskara ikasteko konpromisoa har dezatela eskatu die Kontseiluak itxialdian dauden irakasleei.
(NEREA PIKABEA AMUNDARAIN Kontseiluko komunikazioburua da)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |
Agurtzane Solabarrieta - Berria / 2005-03-23 / 00:21
Itxialdian dauden irakasleek besteek izan ez dituzten baldintzak izan dituztela gogoratu du Kontseiluak.
Bilboko Bertendona ikastetxean itxialdian dauden irakasleen auzia dela eta, «inork esaten ez duena» nabarmendu nahi izan du Kontseiluak: «Euskara ikasi bezain pronto, egonkortasuna eskura dezakete». Kontseiluarentzat harrigarriak dira auzia komunikabideetan izaten ari den oihartzuna eta egiten ari diren «tonuz kanpoko» deklarazioak, hala nola, «garbiketa linguistikoa» eta «garbiketa ideologikoa» gisako kontzeptuak. Adierazpenok onartezinak dira Kontseiluko ildo politiko-instituzionalaren arduradun Iñaki Lasarentzat; «hala ere, barra-barra erabiltzen ari dira».
Lasaren esanetan, egonkortasuna galdu duten irakasle horiek aspalditik zekiten legeak eskatutako hizkuntz eskakizuna lortu behar zutela; beraz, «inork ez ditu engainatu». «Mende laurdena daramagu gure hizkuntza normalizatzeko ahaleginean eta kontuan hartuz irakasle horietako batzuk 14-15 urte daramatzatela lanean, denbora nahikoa izan dute euskara funtsezko lan tresna izango zela jakiteko». Hain zuzen ere, horretaz jabeturik milaka pertsonek hartu dutela euskara ikasteko erabakia nabarmendu du, eta oso gutxik izan dutela irakasle horiek izan dituzten baldintzak: «Oso gutxik izan du aukera hiru urtez liberatuta egoteko; oso gutxik izan du aukera ikasten zuen bitartean soldata osoa kobratzeko; oso gutxik izan du aukera hizkuntza ordaindu gabe ikasi ahal izateko». Itxialdian dauden irakasleek baldintza horiek guztiak izan dituzte; horregatik, oraindik ere «ulertezinago» egiten da pertsona horien jarrera. Iñaki Lasa bera 17 urtez aritu da helduei euskara irakasten: ehunka ikasle izan ditu. Bere esanetan, motibatua dagoen pertsonak ikasi egiten du, «ez da gaitasun kontua».
Gizarteak egin die eskaera
«Egonkortasuna galdu dutela etengabe gogorarazten digute». Haatik, euskara ikasi bezain pronto egonkortasuna eskura dezaketela inork ez duela esaten salatu du. Lasaren hitzetan, ideia hori ere norbaitek azpimarratuko beharko luke, izan ere, egunotan entzuten ari den «garbiketa linguistikoa» bezalako adierazpenak indargabetzen dituelako. «Eskatzen zaiena eginez gero, berriz ere lanpostua eskura dezakete». Zentzu horretan, auzi horretan ez dagoela lan eskubidearen urraketarik nabarmendu nahi izan du, ez dutelako frogatu lanpostu batean jarduteko eskatu zaien gaitasuna. Kasu horretan, gainera, zerbitzu publikoan lan egiten duten pertsonez ari garela, ezin daiteke hau ahaztu, bere irudiko: «Gizarteak berak egin dizkien eskakizunak ez dituzte bete. Gaur egun, zorionez, herritarrek euskalduntzen duen ereduaren, D ereduaren, aldeko hautua egiten dute». Ondorioz, exijentzia hori irakasle guztiek oso kontuan izan behar dutela azpimarratu du. Ildo horretatik, Lasaren hitzetan, oraindik ere gaur egungo hezkuntza sistemak ez ditu bere eginkizunak betetzen hizkuntzari dagokionez, ez baititu belaunaldi berriak oso-osorik euskalduntzen.
Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenen esanetan, euskararen normalizaziorako ezinbesteko tresna da eskola eta, horregatik, hezkuntza sistemak euskararen irakaskuntza bermatu behar du. Zentzu horretan, irakasle gehienen ahalegina txalotzekoa da: «Euskara ikasi dute eta, gaur egun, ikasitakoa etengabe hobetzen ari dira gure seme-alabei behar duten kalitatezko hezkuntza eskaini ahal izateko».
Dena den, Mendigurenek nabarmendu duenez, ez da eskola euskaldundu behar duen bakarra. Administrazioko beste sailak ere, Ertzaintza edota Osakidetza, esate baterako, euskaldundu egin behar dira. «Euskal herritarren eskubidea da administrazioarekiko harreman oro bi hizkuntzetan izatea».