![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Nerea Pikabea Amundarain / Bestelakoak / 2005-03-04 / 18:06
Ehundaka lagun elkartu ziren (2005-03-03an) Donostiako Kursaal jauregian Bai Euskarari Ziurtagiriaren ekitaldia egiteko. Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu zituen, eta dagoeneko 823 enpresa, saltoki eta entitatek eskuratu dute ziurtagiria, eta urtez urte, kopurua handituz doa.
Une honetan 800dik gora gizarte eragilek dute ziurtagiria, eta urtez urte, kopurua handiagoa da. Iaztik hona, esate baterako, %32ko hazkuntza egon da ziurtagiria duten erakundeen kopuruan. Xabier Mendigurenek esan zuenez, Kontseiluaren helburua da epe motzean egungo kopurua bikoiztea.
Donostiako Kursaal Jauregian egindako Bai Euskarari Ziurtagiriaren ekitaldian hamaika alorretako erakunde eta elkarte bildu ziren, hala nola; hezkuntza alorrekoak, komunikabideak, kirol elkarteak, zerbitzu erakundeak, banketxeak, gizarte mugimenduak, komertzioak... Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek azaldu bezala, Kursaalean gizarte oso bat bildu zen; eta, guztiak, euskararen inguruan. Kontseiluarentzat hori «pozgarria» da, izan ere, euskarak gizarte osoaren inplikazioa behar duelako. Zentzu horretan, Kontseiluak eredugarritzat jo zuen erakunde, saltoki eta entitate horiek euskararen normalizazioaren alde egunez egun egiten ari diren lana eta hartzen ari diren konpromisoak. «Euskararekiko konpromisoa erakusten duen jendea ikustea , euskararen alde lanean ari garenontzat motorra da». Egin edota egiten ari diren lanaren aitortza publikoa jaso zuten atzo.
Xabier Euzkitzek eta Izaro Iraetak aurkeztu zuten ekitaldian hainbat hizlarik parte hartu zuen, besteak beste, Ramon Etxezarreta Donostiako Kultura zinegotziak, Jokin Azkuek Eusko Jaurlaritzaren izenean, Rebeka Arraras Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko kideak, Xabier Mendiguren Kontseiluko Idazkari Nagusiak eta Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako Aldun Nagusiak.
![]() |
| Argazkia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. |
Euskararekiko guztion konpromisoa behar dela azpimarratu zuten guztiek, eta konpromisoak hartu eta bete egin behar dituztela instituzioek, gizarte eragileek eta norbanakoek.
Karlos Argiñano sukaldaria izan zen ekitaldiko gonbidatu berezia. Bera da Bai Euskarari Ziurtagiria sustatzeko Kontseiluak egin duen iragarkiaren protagonista. Euskaldun izateaz harro dagoela adierazi zuen eta eskerrak eman zizkien han bildutako guztiei.
Ekitaldiaren amaieran Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu zituzten Kontseiluko Zuzendaritzako kideek. Jose Luis Zumetak ekitaldirako emandako artelan baten lamina eman zitzaion Ziurtagiridun bakoitzari.
![]() |
(NEREA PIKABEA AMUNDARAIN Kontseiluko komunikazioburua da)
![]() | Inprimatu |