Egin klik hemen INPRIMATZEKO


IKEA-n euskara garesti dago

Nerea Pikabea Amundarain - Kontseilua / Enpresa / 2005-03-01 / 07:00


Gaur, 2005eko martxoak 1, denda berri bat zabalduko du Barakaldon altzariak oso modu onean saltzen dituen Suediako IKEA enpresak. Kontseilua harremanetan izan da IKEA enpresarekin joan den udazkenetik euskararen erabilera berma dadin Barakaldoko saltoki berrian. Kontseiluko idazkari nagusiak eskutitz bat ere bidali dio IKEAko zuzendari orokorrari:



Jaun agurgarria,

Zinez eskertzen dizut datorren martxoaren 1ean Barakaldon irekiko duzuen dendan euskararen erabilera zuentzat lehentasunezko gaia izatea eta horretan jadanik pertsonalaren hautaketa-prozesuan lanean aritzea.

Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Sailordetzarekin harremanetan izatea eta Kontseiluak sustaturiko “Bai Euskarari” akordioaren ondorioak baliagarri izan zaizkizuela jakitea benetan estimatzen dugu.

Era berean, ulertzen dugu pertsonal elebiduna kontratatu nahi izatean herri horretako biztanleen artean zaila izatea euskara ongi menderatzen duten pertsonak aurkitzea; horregatik eskertzen dugu bezeroei bi hizkuntza ofizialetan arreta eskainiko diezula jakitea. Bide batez, esan nahi dizut EAEko legeriak euskararen oinarrizko ezagutza arautzen duela irakaskuntzan, alde batetik, eta IKEA enpresak bere prestakuntza orokorraren barruan euskararen hobekuntza segurtatuko balu, epe laburrean langile gehienak euskara maila baliagarriaren jabe izan litezke. Bestela jokatzeak euskararen normalizazioari traba egingo liokeen mezua zabalduko luke gizartean, hau da, EAEn ez dela beharrezko bezeroei atenditzeko euskara jakitea.

Hala ere, orain arte, zuen instalazioetan ikusi dugunez eta honekin atxikitako argazkietan egiazta daitekeenez, testu ia guztiak, salbuespen txikiren bat kenduta, gaztelania hutsez daude. Jokabide horrek ez du kontuan hartzen EAEko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Legeak 38. artikuluan dioena. Uler dezakezunez, legea ez betetze hori ezin dugu ontzat eman euskararen normalizazioaren aldeko lanean ari garenok. (1)

Bestalde, IKEAk prentsan egingo duen publizitatea dela eta, mindurik ikusi dugu euskarazko prentsa ez duzuelako kontuan hartuko, eta hori ere salagarri zaigu.

Azkenik, esan nahi dizugu, baditugula harremanak Katalunian bertako hizkuntzaren normalizazioan ari direnekin eta, jakinarazi digutenez, ez daude pozik eskaintzen ari zareten hizkuntza-tratamenduarekin eta agindutako zenbait puntu ez dituzuela bete aitortu digute.

Gure kezka ulertuko duzuelakoan, eta egoera hori guztia hobetuko duzuelakoan, zinez espero dugu zuen enpresak gure hizkuntzari dagokion tratamendua ematea, eta horretarako geure lankidetza eskaintzen dizugu.

Besterik gabe, adeitasunez agurtzen zaitut.

Xabier Mendiguren Bereziartu
Kontseiluko idazkari nagusia

Andoain, 2005eko otsailaren 16

Bi euskarri baino ez dugu aurkitu elebietan, beti ere euskara azpian. Gainerako guztietan hizkuntza bakarra espainiera da.

Ikeako arduradunek eskainitako prentsarrekoan erakutsitako irudian ikusten denez, merkatal gune berriaren publizitatea euskarazko prentsan egiteko asmorik ez dago.

(1) Aipatu legearen 40. artikuluak dioen moduan, establezimendu komertzial handiek 38. artikuluko 2. paragrafoan dioena "bete beharko dute":

(NEREA PIKABEA AMUNDARAIN Kontseiluko komunikazioburua da)

Inprimatu


Erantzunak


IKEA badatorkigu

erabili.com / 2005-03-01 / 07:00

IKEAk euskarri guztietan gaztelania bakarrik erabili du.
Gaur egingo du IKEAk Barakaldon eraiki duen dendaren hostrokoa. Goizeko 08:00etan izango da irekiera-ekitaldia eta Juan Jose Ibarretxe lehendakaria ere bertan izango da. Denda berriaren ate aurrean gau osoa igaro dutenak ere badira, zero azpitik sei eta zazpi graduko tenperaturarekin, lehenengo bezeroentzat pagotxak izaten direlakoan.

Barakaldoko denda zabaltzeko IKEAk 60 miloi euroko inbertsioa egin du eta 500 lanpostu sortuko ditu, zuzenekoak eta zeharkakoak. Barakaldoko dendan lan egiteko 12.000 curriculum jaso omen ditu IKEAk.

Euskal Herrian zabaldu behar duen lehendabiziko denda da Barakaldokoa, bertako Megapark-ean dago eta 28.000 metro kuadroko azalera du. Metro horietatik 16.000 bi solairutan banatutako salmenta gunearentzat izango dira. IKEAren Barakaldoko dendak jatetxe bat ere izango du 300 lagunentzako eta aparkatzeko 650 plaza izango ditu. Barakaldoko Megapark izeneko gune komertzialak, berriz, aparkatzeko beste 5.500 plaza ere badauzka.


IKEA munduan

IKEA suediar jatorriko konpainia bat da, lan esparrua, berriz, altzariak eta etxeko dekorazioa ditu. Azken urtealdia itxi zuenean (2004ko abuztuaren 31n), 202 denda zituen 32 herrialdetan. Mundu osoan, berriz, 80.000 langile ditu. 2004ko urtealdian, IKEAk 12.800 miloi euroko salmentak egin zituen, aurreko urtealdian baino %13 gehiago eta munduan barrena barreiatuta dituen dendetan 365 miloi lagun sartu ziren.


Pase forala

Txomin Peillen / 2005-03-01 / 11:21

Euskararekin ezin da "pase foral' delakorik izan. ezen Iparraldean, legerik gabe, euskara ezer ez den lekuetan ere, batzuetan, elebiduntasun hobea baita (Conseil génarl, Baionako Leclerc eta berrogeitahamar bat enpresetan).Beste bat arte. Irmo eta sendo jarrai.


(TXOMIN PEILLEN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)


Nolako harremanak?

Itziar San Sebastian Huizi / 2005-03-01 / 12:56

IKEAk eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak elkarren arteko harremanak izan dituztela aipatu duzue. Zein harreman mota? Zertarako? Zein ondoriorekin?

Aldez aurretik, mila esker erantzuteagatik.

(ITZIAR SAN SEBASTIAN HUIZI itzultzailea da)


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1109616160