Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskararentzako bitaminarik onena

Euskararentzako bitaminarik onena

2005-02-14 / 07:09 / erabili.com   IRAKASKUNTZA

D da euskararentzat bitaminarik onena: haurrak D ereduan eskolatzea, alegia. Horren aldeko zabalkundea egiten saiatzen da Euskal Herriko makina bat udal, erakunde eta euskaltzale. 2-3 urteko umeen aurre-matrikulazio kanpaina gaur zabaldu da, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).

Hazi eta Hezi euskaraz

Hazi eta Hezi euskaraz

Hazi eta Hezi euskaraz! Bizkaiko 45 udalerrietara, 750.000 herritarrengana eta 15.000 familietara iristen den kanpaina da. Kanpainaren xedea umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei EAEko hezkuntza-sareko eskolatze ereduen berri ematea da, betiere euskarazko irakaskuntzaren alderdi onak azpimarratuta.

Hazi eta Hezi euskaraz! Bizkaiko 24 udalerri eta 3 mankomunitateren ekimen bateratua da. Informazio-kanpaina hau 2-3 urteko umeen eskolatze-aldia hasteaz batera zabaldu da eta ekimena ALKARBIDEk -Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak- koordinatu du.

Kanpaina honen sustatzaile diren udalerrietan 725.000 lagun inguru bizi dira eta haietarik 15.000 familiak jasoko dute kanpainaren berri etxean. Gainera, udalerri batzuetako ikastetxeetan ere eskuratu ahal izango dira liburuxkak. Guztira, 16.000 liburuxka eta 16.000 neurgailu banatuko dira.

Parte-hartzaileak

Bizkaiko 24 udal eta 3 mankomunitatek parte hartu dute kanpainan, guztira 45 udalerrik, honako hauek, alegia:

  • Arrieta
  • Alonsotegi
  • Arrigorriaga
  • Balmaseda
  • Basauri
  • Berango
  • Berriz
  • Bilbao
  • ENKARTERRI
  • Erandio
  • Etxebarri
  • Fruiz
  • Gamiz-Fika
  • Galdakao
  • Getxo
  • Gordexola
  • Laukiz
  • Leioa
  • Maruri-Jatabe
  • Mungia
  • Muskiz
  • Ortuella
  • Sestao
  • TXORIERRI
  • URIBE KOSTA
  • Urduņa
  • Zaldibar

Osagarriak eta euskarriak

Kanpainaren osagarri eta euskarri nagusiak hiru dira:

  • Gure hezkuntza-sistemak darabiltzan ereduei buruzko argibideak eskaintzen dituen LIBURUXKA.
    • Liburuxka eskuratu nahi baduzu sakatu HEMEN
  • Tokian tokiko Udalaren ordezkariren batek sinatutako gutuna daroa liburuxkaren barruan.
  • Eskolan hasiko diren neska-mutikoentzako OPARITXOA (neurgailua):
  • Aurreko biak etxerik etxe bidaltzeko GUTUNAZALA, kanpainaren leloa idatzita.

D da bitaminarik onena euskara indartzeko

Udalez gain, han-hemenkako Euskara Elkarteak ere saiatzen dira bi eta hiru urteko haurren matrikulazio garaian euskarazko irakaskuntzaren aldeko informazioa zabaltzen eta gurasoengana iristarazten. Asko dira lan horretan burubelarri aritzen diren elkarteak baina horietako bat ekarri nahi izan dugu hona: Barakaldoko Sasiburu Euskaldunon Elkartea.

Barakaldoko Sasiburu Elkarteak biorriko bat prestatu du Barakaldoko gurasoentzat, seme-alabak D ereduan matrikulatzearen abantailak nabarmenduz. Hona hemen Sasiburukoek haurrak D ereduan matrikulatzeko ematen dituzten 10 arrazoiak:

  1. Barakaldoko 2 hizkuntza ofizialak erraztasun osoz erabili ahal izango dute.
  2. Txikitatik 2 hizkuntza ikasten badituzte, erraztasun handiagoa izango dute aurrerago bestelako hizkuntza batzuk ikasteko.
  3. Ikasketak bukatutakoan errazago gertatuko zaie lana topatzea.
  4. Derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan ez dute euskaltegian euskara ikasteko aparteko ahalegin pertsonalik eta ekonomikorik egin behar izango.
  5. Klasean euskaraz ikasteagatik ez dute gaztelania ahaztuko, Barakaldon hedatuen dagoen hizkuntza dela kontuan hartuta.
  6. Barakaldo bezalako leku erdaldun batean B ereduak nekez lortzen du umeen euskalduntzea. D ereduko ikaslegoak soilik ageri du hizkuntza bietan pareko gaitasun maila, beraz beraiek dira elebidun osatuenak.
  7. Bertako kultura, ohiturak, kantak... ulertzeko euskara ezagutu beharra dago. Hizkuntza bakoitza, ingurua ulertzeko modu desberdin bat delako.
  8. Inkestetako datuek erakusten dute D ereduan ikasten duten ikasleek beste ereduetakoen pareko emaitzak lortzen dituztela.
  9. Euskara, gizartean pertsona modura garatzeko daukaten beste baliabide bat da. Euskara ez ezagutzeak gizarteko zenbait esparrutan parte hartzea eragozten die.
  10. D ereduko ikaslegoak balore, kultura, ohitura, hizkuntza... ezberdinen aurrean jarrera irekiagoa erakusten du.

Berma iezaiezu euskaraz bizitzeko eskubidea. MATRIKULATU D ereduan.

D ereduan matrikulatzearen abantailak
Testua hobeto irakurtzeko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.
Testua hobeto irakurtzeko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com