![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Jaime Altuna Ramirez- Urtxintxa Eskola / Kultura / 2005-01-27 / 07:00
Gauzak dibertigarriak euskararekin lotzeko ahaleginek garrantzi handia dutela maiz entzun dugu. Urtxintxa Aisialdi Eskolan urteak daramatzagu euskara aisiarekin lotzeko lanean eta lan horretarako tresna garrantzitsuena jolasa dugu: euskaraz jolastu nahi dugu eta euskararekin jolastea nahi dugu.
Urtxintxa eskolan antolatzen ditugun formazio eta interbentzio programa guztietan euskararen sustapenari garrantzi handia eman diogu beti: begirale ikastaroetan, aterpeetan haurrentzat antolatutako egonaldietan, udalekuetan, ludoteketan, gazte ekipamenduetan.... Baina honetaz gain, aisialdiko hezkuntza antolatutik kanpo Urtxintxatik haur eta gazteen artean hizkuntzaren sustapenerako gure proposamenak gizarteratu nahi izan ditugu. Urtxintxa Eskola haur eta gazteei hizkuntzarekin jolasteko tresnak eskaintzen saiatu da azken urteetan.
Duela zortzi urte, hau da, 1997. urtean, euskarazko haur jolasak biltzen eta zabaltzen hasi ginen irakasle, begirale eta gurasoei zuzendutako ikastaroen bidez, argitalpenen bidez eta haurrekin interbentzio zuzena eginez. Hasierako helburu bakarra haurrak euskaraz jolasteko tresnak edukitzea zen. Laster konturatu ginen jolasa haurren artean euskara sustatzeko tresna eraginkorra dela; motibazioa, ezagutza eta erabilera areagotzeko balio duela:
Orain dela hiru urte, berriz, 2001. urtean, Ttakun elkartearekin batera Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean programa abiatu genuen. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduko Euskara Zerbitzutik egitasmo hau sortzearen ideia eskaini zenean, Urtxintxak eta TTakunek elkarlana egin zezaketela ikusi zuten, egitasmoaren helburuek bi elkarteenekin bat egiten dutelako, eta betidanik bi elkarteen arteko harremana ona izanik, gai berri bat behar bezala garatzeko aukera hobeak ikusi zirelako.
Programa honekin egoera informaletan euskarazko erregistro kolokialean eragin nahi dugu. Hau da, gazteek hizkuntzarekin jolastea bilatzen dugu, euskararekin ondo pasatzea. Beraiek erabiltzen dituzten esamoldeetatik eta guk proposatutako berrietatik abiatzen gara ligatzeko, haserretzeko eta adar jotzeko gaietan euskarak behar duen tartea berreskuratzera animatzeko.
Programa honen tresna garrantzitsuena, beraz, jolasa da. Gazteekin burutzen ditugun hamar, sei edo lau ordutako saioetan erabiltzen dugun metodologia erabat dinamikoa eta partehartzailea da. Lehentasunezkoa da gazteek ondo pasatzea saio hauetan, benetan helburuak lortu nahi badira. Horregatik, azalpenak oso gutxi izaten dira (esamoldeak berak aztertzen direnean soilik ematen dira azalpenak), eta beraien esperientzia eta esamoldeetatik abiatuz, jolas, antzerki eta dinamiken bidez, lortu nahi diren helburuetara iristen ahalegintzen gara.
Eta hizkuntzarekin jolasten jarraitzeko saio hauetatik kanpo hainbat jarduera osagarri eskaintzen dizkiegu:
Hauen artean jarduera berriena Piropo Lehiaketa dugu. Urtarrila hasieran abiatu genuen hizkuntzarekin jolasteko proposamen berri hau.
Piropo lehiaketarako orri berezia prestatu dugu www.aisia.net web orrian. Orri honetan lehiaketaren oinarriak izateaz gain, bertara piropoak bidaliz parte hartzeko aukera dago. Proposamen guztien artean hautapen batzorde batek hamar piropo aukeratuko ditu eta orri honetan erakusgai jarriko dira piropo aukeratu hauek. Piropo lehiaketaren irabazlea webean sartzen diren pertsonek botoa emanez aukeratuko dute hamar hauen artean. Irabazleak Gorlizko aterpean 8 lagunentzat asteburu bat irabazteaz gain 20 kamixeta jasoko ditu lagunartean banatzeko. Kamixetaren diseinua irabazitako piropoarekin egingo da, eta horrela, piropo hau kalean ikusteko aukera izango da.
(JAIME ALTUNA RAMIREZ Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean egitasmoaren koordinatzailea da eta Urtxintxa Aisialdi Eskolako kide)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |