Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Etorki(zu)na euskararen altzoan biltzeko gida

Etorki(zu)na euskararen altzoan biltzeko gida

2005-01-18 / 07:00 / Sakanako Mankomunitatea   IRAKASKUNTZA

Sakanako Mankomunitateak bailarako Hezkuntza Gida argitaratu du etorkinentzat, eskualdean dituzten ikastetxeak ezagutzera emateko eta D ereduaren aldeko mezua zabaltzeko. Gida hau, etorkinentzat ez ezik, seme-alabak lehendabizikoz eskolatu behar dituztenentzat eta Sakanako hezkuntza-eskaintza ezagutu nahi dutenentzat ere bada.

Sakanako eta, oro har, Nafarroako ikastetxeetan, gero eta ikasle atzerritar gehiago dago. Nolanahi ere, Nafarroara iristen diren ikasle atzerritarren % 99,8 G ereduan matrikulatzen da, hau da, irakaskuntza gaztelania hutsean ematen duen ereduan. 2003-2004 ikasturtean 6.745 ikasle atzerritar zeuden eskolatuta Nafarroako ikastetxeetan, eta horietatik 20 A ereduan (irakaskuntza gaztelaniaz eta euskara ikasgai gisa) eta D ereduan (irakaskuntza euskaraz eta gaztelania ikasgai gisa) zeuden matrikulatuta.

Nazionalitateei dagokienez, hegoamerikarrak ikasle atzerritarren kopuru osoaren % 69,1 dira, magrebtarrak % 10,7 eta Europako ekialdeko ikasleak % 10,2. Askoz ere gutxiago dira Europako Erkidegokoak (% 5,9), subsahararrak (% 1,3) eta asiarrak (% 1,2).

2004-2005 ikasturtean matrikulatutako 6.989 ikasle atzerritarretatik 5.527 (% 79) ikastetxe publikoetan matrikulatuta daude eta 1.462 (% 21) hitzartutako ikastetxeetan.

Nafarroako Gobernuaren “informazioa”

Nafarroako Gobernuak ikasle etorkinendako argitaratutako gida informatiboan orrialde bat baino ez dio eskaintzen Nafarroan dauden lau hizkuntza ereduei buruzko informazioari, eta honela dio: “Nafarroan lau hizkuntza eredu eskaintzen dira eskualde eta ikastetxeen arabera. Hiru eskaintzaren artean aukeratu daiteke, kontuan harturik ikastetxe bakoitzak eskaintzen dituen hizkuntza ereduak (…). Matrikulatzeko orria hartzerakoan, gurasoek haien seme-alabentzat nahiago duten eredua aukeratu beharko dute”.

Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko ikasle atzerritarren eta egoera sozial eta kultural behartuan dauden gutxiengoetako ikasleen hezkuntzarako arauak ematen dituen 253/2004 Foru Aginduak aurreikusten du gaztelaniaz jakin gabe hezkuntza sisteman hasten diren ikasle atzerritarrei gaztelaniazko irakaskuntza eta murgiltzea. Hala ere, ez du aipatu ere egiten euskara eta bertako errealitate soziolinguistikoa, hau da, ez du kontuan hartzen Nafarroako hainbat eskualdetako ikasle gehienak D ereduan matrikulatuta egotea.

Euskarazko irakaskuntza

Azken urteotan Sakanako biztanleen hizkuntza gaitasunean eragin gehien izan duen faktoreetako bat euskarazko irakaskuntza izan da. Sakanan, jendeak besterik uste duen arren, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn A eta D ereduak baino ez dira eskaintzen, hau da, ez da eskaintzen B eredua -ikasgaiak euskaraz eta gaztelaniaz ematen dituen eredua-. Batxilergoetan A eta D ereduak eskaintzen dira; Lanbide Heziketan, berriz, ez dago hizkuntza eredurik, euskarak ez du sarbiderik Lanbide Heziketan.

Hizkuntza ereduei arreta berezia

Hizkuntza ereduei arreta berezia jarri diegu gidan; izan ere, gurasoek semea edo alaba eskualdeko ikastetxe batean lehenbiziko aldiz matrikulatzen dutenean, A -irakaskuntza gaztelaniaz- eta D -irakaskuntza euskaraz- ereduen artean aukeratu behar izaten dute.

Sakanako Mankomunitatetik gurasoak animatu nahi ditugu seme-alabak D ereduan matrikulatzera, D ereduak bakarrik bermatzen baitu haur horiek Sakanako berariazko hizkuntzak diren euskara eta gaztelania ikastea.

Euskara, Euskal Herriko hizkuntza

Euskara, gaztelaniarekin batera, Sakanako hizkuntza da. Sakanako biztanleen herenak euskaldunak dira. Hortaz, euskara da gure eskualdearen ezaugarririk garrantzitsuenetako bat. Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza. Euskara berreskuratzeko lan handia egin den arren, gaur egun hizkuntza minorizatua da eta ez da ofiziala Euskal Herri osoan. Gainera, Sakanako biztanleetako askok hezkuntza arautuaren bidez (haurrek) eta euskaltegien bidez (gazte eta helduek) ikasi dute euskaraz.

D eredua: aukerarik onena

Bi hizkuntza eredu eskaintzen dira Sakanako ikastetxeetan: A eta D. A ereduan irakaskuntza gaztelaniaz da eta euskara ikasgaia da. D ereduan, berriz, euskaraz irakasten da eta gaztelania ikasgaia da. Sakanako Mankomunitatetik seme-alabak D ereduan matrikulatzera animatu nahi ditugu gurasoak, eta hori ondoko arrazoi hauengatik:



  • D ereduak soilik bermatzen du Sakanako bi hizkuntza ofizialak -euskara eta gaztelania- ikastea. Hori frogatzen dute ereduaren berrogei urte inguruko esperientziak batetik, eta beste herrialde elebidunetako esperientziek (Kanada, Belgika, Katalunia…). A ereduak ez du bermatzen euskara ikastea. Euskaraz hitz egiten duten euskaldunek aukera galtzen dute hainbat ikasgai -matematika, ingurumenaren ezaguera…- euskaraz ikasteko eta, horren ondorioz, beraien euskarazko gaitasuna mugatua izango da. Euskara ez dakiten ikasleek, berriz, euskararen oinarrizko kontzeptuak baino ez dituzte ikasiko.
  • Haur batek inolako zailtasun erantsirik gabe ikas ditzake bi hizkuntzak. Hizkuntzak modu naturalean ikasten dira: lengoaiaren garapenarekin batera eta irakaskuntza eta jolasaren bidez. Gainera, bi hizkuntza dakiten haurrek abantaila linguistiko eta kognitiboak izaten dituzte (ingelesa ikasteko motibazio handiagoa, bi hizkuntza etengabe alderatzean adimenaren malgutasun handiagoa…).
  • Euskaraz ikasteak ez du, inolaz ere, gaztelania ikastea oztopatzen. Izan ere, hala izan ordez, kontrakoa gertatzen da: hizkuntza batean ikasitakoak indartu egiten du beste batean edo batzuetan ikasitakoa. Gaztelania hizkuntza gehiengoaren hizkuntza da, eta berrindartua dago gizartean. Gainera, ikastetxeetan lan berezia egiten da ikasleek duten gaztelaniaren ezagutzatik abiatuta. Horrela, ikastetxeetan egindako neurketek argi eta garbi erakusten dute ikasleek gaztelaniaren ezagutza maila berdintsua dutela, edozein izanda ere ikasle horiek aritutako eredua.

D ereduaren aldeko apustua

Sakanako Mankomunitateak apustu garbia egin du haur etorkinak D ereduan matrikulatu daitezen lortzeko, hau da, haur horiek A ereduan matrikulatzeko dagoen jarrera aldatzeko. Haur etorkin asko ez direla euskara ikasten ari jakitun gara eta, gure ustez, horrek hainbat ondorio izango ditu epe laburrera, honako hauek:

  • Gure gizartean, haur batek bi hizkuntzak -euskara eta gaztelania- ondo jakin gabe eskola uzten badu, haur horrek ez du izango gainerako haurrek duten adina aukera, ez lan munduan, ez eta bizitza arruntean ere. Hori gutxi balitz, herrialde honetako kultura bere osotasunean ezagutzeko aukera galduko du.
  • Ikasle horrek euskara geroago ikasi nahi izanez gero, ordaindu egin beharko du zerbitzu hori. Gaur egun euskara eskolatik kanpo ikastea ez da doan, ordaindu egin behar da (euskaltegiak, etab). Etorkin batzuk kexu daude horregatik; izan ere, helduentzako irakaskuntzaren bidez gaztelania ikas daiteke, euskara ez, ordea. Etorkinek ez dute ulertzen, euskara eta gaztelania biak ofizialak izanda, zergatik ordaindu behar duten hizkuntza bat ikasteko eta ez bestea. Zorionez, Sakanako Mankomunitateak neurriak hartu ditu eta doaneko ikastaroak eskaintzen ditu.

A ereduaren ondorioak

Etorkinen seme-alabak A ereduan matrikulatzearen ondorioa da haur horiek ikastetxe jakin batzuetan biltzea eta horrek bertako eta kanpotik etorritako haurren arteko elkarbizitza eta ezagutza oztopatu egiten du. Gainera, ikastetxe horietako batzuk ghetto bihurtzeko arriskuan daude: bertakoek utzi egin dituzte eta haietara ia bakarrik etorkinen seme-alabak joaten dira.

Bi hizkuntzak ikastea bermatzea

Laburbiltzeko, Sakanako Mankomunitateak etorkinen eta bertakoen seme-alabentzat gauza bera nahi du, hots: eskolak bi hizkuntzak ikastea bermatzea. Eta, denok dakigunez, A ereduak ez du hori bermatzen.

- Sakanako Hezkuntza Gida oso-osorik (euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz) HEMEN eskura dezakezu.

(GORKA OVEJERO GANBOA Sakanako Mankomunitateko lehendakaria da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com