![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Malores Etxeberria Arrese / Kultura / 2005-01-24 / 07:00
Helduen artean euskaraz hitz egiteko ohitura zabaltzeko helburuarekin, Gure artean euskaraz egitasmoa jarri dute martxan aurtengo ikasturtean ere Hernaniko ikastetxeek, Dobera euskara elkarteak eta AEK euskaltegiak, Hernaniko Udaleko euskara batzordearen laguntzarekin. Ekimenak 2003-2004 ikasturteko esperientziari eman dio jarraipena, iazko balorazio positiboa ikusita egitasmoarekin jarraitzea erabaki baitute.
Egitasmoa helburu zehatz batekin sortu zen: Hernaniko helduen artean (batez ere gurasoen artean) euskaraz hitz egiteko ohitura zabaltzea eta sendotzea. Ideiaren sorburua SEI elkarteak 2001ean herrian egindako erabilera neurketaren emaitza izan zen. Ondorio nabarmena eta oso orokorra izan zen: ezagutzatik erabilerara dagoen tartea handia da Hernanin ere. Beraz, haur eta gazteen artean erabilera areagotzeko hainbat ekimen martxan jartzen diren bezala, garrantzizkotzat jo zen helduon arteko komunikazioan euskarazko ohiturak hartzen joatea, euskarari tartea egitea... helduon artean euskaraz egiteak eragina baitu gure haur eta gazteengan ere.
Egitasmoaren oinarrian borondatezko jarduna dago: partaideek elkarri lagunduko diote, dakienak ez dakienari erakutsiko dio, ohiturak aldatzeko ahalegina egingo da..., borondatez lagundu nahi duten euskaldunak bitarteko, euskararen erabilera handitzeko ahalegina egingo da. Horrela, bikoteka edo taldeka elkartuko dira, nahi duten toki eta maiztasunarekin, eta elkarrekin dauden une horietan euskaraz hitz egiteko ohitura hartzen saiatuko dira.
Egitasmoan parte hartzeko izena eman ondoren, bilerak egin ziren ikastetxeetan eta bertan jaso zituzten informazio zuzena eta baita hainbat aholku eta laguntza ere: hizkuntza aholkuak, batetik, eta hilabetero herrian dauden euskarazko jardueren berri (antzerki, hitzaldi, ikuskizun...), bestetik, euskara entzuteko, erabiltzeko edota aberasteko baliagarriak izan zitezkeenak. 30 lagunek eman zuten izena egitasmoan parte hartzeko eta bi gune natural osatu ziren. Bata, AEK euskaltegia, AEK-ko ikasleez eta herritar interesatuez osatuta eta bestea, Langile ikastolako gurasoez osatuta.
Bi aurkezpen bilera egin ziren gune natural horiek errespetatuz. Bilera hauetan taldeak osatu ziren datu hauek kontuan hartuta: Jendearen biltzeko aukerak (ordutegia, maiztasuna...) Parte-hartzaileen gustuak eta zaletasunak
30 lagun horiek taldeak osatu zituzten, batzuk goizez eta beste batzuk arratsaldez biltzen ziren, eta beraiek erabakitzen zuten aldioro noiz bildu eta zer egin. Ez zen beraientzako ekimen berezirik antolatzen, Hernanin badagoelako euskarazko ekintza ugari. Argi utzi zitzaien antolatzaileen lana ez zela tutoretza edo irakasle lana egitea, horretaz beraiek arduratu behar baitzuten. Ziurtatzen zutena zera zen: arazorik balego nora jo bazutela eta arazoa konpontzen saiatuko zirela.
Otsailaren erdialdean balorazio txiki bat egin zen inkesta baten bidez. Egitasmoaren baliogarritasuna eta balorazioa eskatu zitzaien, eta zer moldatuko luketen ere galdetzu zitzaien. Parte-hartzaile gehienen erantzunak jasota erantzunak positiboak izan zirela ikusi zen.
Egitasmoaren amaiera 2004ko ekainean izan zen. Hasierako pertsona gehienenk amaitu zuten, eta balorazioa oso positiboa izan zen.
Aurtengo kanpainan erabilitako irudiek jendeak euskaratik erdarara jauzi egiten duen bi ohiko egoera adierazten dituzte.
Alde batetik, gurasoen arteko gaztelania jarduera agertzen duen irudia sortu dute, nahiz eta haurrekin euskaraz aritu, gurasoen artean gaztelaniaz jarduteko joera agertzen duena.
![]() |
Eta bestetik, euskaltegiko ikasleek euskaltegitik ateratakoan kalean erabilera-esparru falta izaten dute, lagun-artean askotan gaztelania izaten baita erabiltzen den hizkuntza.
![]() |
Kanpainaren helburua bakoitzak bere inguruan gero eta euskara gehiago erabiltzea da, baina euskaraz hitz eginez gaizki edo deseroso sentitu gabe. Beraz, helburua euskaraz gehiago hitz egitea eta saiakera horretan gustura sentitzea da.
Ekimenean parte hartu nahi dutenentzat aholku orri bat prestatu da, funtzionamendua azaldu eta nola jokatu aholkatzen duena. Hemen duzue banatutako orria:
(MALORES ETXEBERRIA ARRESE Hernaniko Udaleko euskara teknikaria da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |