|
Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen Estatutu Berriak ez du aldaketa berezirik ekarriko euskararentzat. Gernikako Estatutuak euskarari buruz jasotakoak ia bere horretan berretsi dira Estatutu Berrian.
Estatutu Berria
Estatutu Berria
Atzo, 2004ko abenduaren 30ean, onartutako Estatutu Berriak honela dio euskarari dagokionez:
8. artikulua.- Euskara
1. Euskara, Euskal Herriaren hizkuntza propioa eta Euskal Herri osoaren ondarea, hizkuntza ofiziala izango da Euskadin, gaztelania bezala, eta bertako biztanle guztiek dute hizkuntza biok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.
2. Euskal instituzioek, aniztasun soziolinguistikoa kontuan hartuz, hizkuntza bion erabilera bermatuko dute, bion ofizialtasuna arautuz, eta haien ezagutza ziurtatzeko behar diren neurri eta baliabideak bideratu eta arautuko dituzte.
3. Inor ere ezin izango da hizkuntza dela-eta diskriminatu. Beraz, euskal herritar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatuko dira.
4. Euskarari dagozkionetan Euskaltzaindia da instituzio aholku-emaile ofiziala.
5. Euskara beste euskal lurralde eta giza talde batzuen ondare den aldetik, eta erakunde akademiko eta kulturalen arteko harreman eta loturez gain, Euskadiko Erkidegoak lurralde eta giza talde horiekin kultura-harremanak izateko akordio edo hitzarmenak izenpetuko ditu, euskara zaindu eta bultzatze aldera.
6. Espainiako Estatuak, hizkuntza anitzeko estatua dela aintzat hartuz, euskara errespetatu, sustatu
eta babestu egingo du erakunde -eremu guztietan, baita Europar Batasunean eta nazioarteko foroetan ere.
Gernikako Estatutua
Oraindik indarrean dagoen Gernikako Estatutuak, bestalde, honela dio euskarari buruz:
6. art.-1. Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.
2. Komunitate Autonomoko Erakunde amankomunek Euskal Herriko egoera sozio linguistikoaren ñabardurak kontuan izanik, bi hizkuntzen erabilpena bermatuko dute, beroien ofizialtasuna erregulatuz, eta beroien ezagutza segurtatzeko behar diren neurriak eta medioak erabaki eta baliaraziko dituzte.
3. Hizkuntza dela-eta, ez da inor gutxietsiko.
4. Euskarari dagokionetan, Euskaltzaindia izango da erakunde aholku-emale.
5. Euskara beste euskal lurralde eta komunitate batzutako ondarea ere izanik, erakunde akademiko eta kulturazkoek beroiekin izan ditzaketen harreman eta loturez, kanpo, Euskal Herriko Komunitate Autonomoak eskatu ahalko dio espainol Gobernuari lurraldee eta komunitate horiek kokaturik daudeneko Estatuekin itunak eta komenioak egin ditzala –edo eta hala behar izanez gero Gorte Jeneralei horretarako eskabidea ager dezan, berauek hura onartzeko-, horretara euskara zaindu eta bultza dadin.
Kontseiluaren eta hainbat euskaltzaleren eskaria
Kontseiluak eta hainbat euskaltzalek eskatutakoaren arabera, Estatutu Berriak euskarari buruz jaso beharreko gutxienekoak hauexek dira:
1-Euskara berezko hizkuntza dela hemen eta, euskal herritar guztiek izan behar dutela, euskara ezagutzeko eskubidea eta betebeharra. Horrek gure ordenamendu juridikoan jasota gelditu behar du euskararen normalizazio osoa lortu nahi badugu zeren eta, hori egin ezean ez baita posible izango aurrerapauso serioak ematea normalizazioaren bidean. Herritarrek beren osotasunean hizkuntzaren ezagutza dutenean aukera errealak izango ditugu hizkuntz eskubideak urra ez daitezen.
2-Funtsezkoa dela, beraz, gure belaunaldiak euskaldunak izatea. Hori kosta ala kosta bermatu behar dela, eta horretarako neurri zehatzak hartu behar direla. Hartu eta bete, epe jakin batzuk ipiniz, gainera.
3-Hizkuntz politika oso bat aplikatu behar dela, eraginkorra, epeduna, helburu zehatzak eta lorgarriak dituena, administrazio guztiak inplikatzen dituena eta sailartekoa. Hizkuntz politikak gizarteko sektore guztietara iritsi behar du modu orekatuan garatuz ezagutzaren hedapena eta hori erabiltzeko aukerak.
- 2004ko abenduaren 30ean onartutako Estatutu Berria oso-osorik HEMEN eskuragai.
Albiste honekin lotura duten artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|