Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskaltzainburua hautatuko du Euskaltzaindiak

Euskaltzainburua hautatuko du Euskaltzaindiak

2004-12-16 / 07:02 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Bihar, 2004-12-17an, Euskaltzaindiaren zuzendaritzako kideak hautatuko dira. Lau urtez behin izaten da kargu-berritzea. Oraingoan, bada aldaketa bat: Jean Haritschelhar jaunak ez du bere burua aurkeztuko euskaltzainburu izaten jarraitzeko. Beraz, bihar beste euskaltzain oso bat hautatuko da euskaltzainburu izateko.

Orain arteko zuzendaritza

Orain arteko zuzendaritza

Hau izan da orain arteko zuzendaritza:

  • Euskaltzainburua: Jean Haritschelhar
  • Buruordea: Henrike Knörr
  • Idazkaria: Xabier Kintana
  • Diruzaina: Jose Luis Lizundia
  • Iker sailburua: Beñat Oihartzabal
  • Jagon sailburua: Andres Urrutia

Zuzendaritzako kideak hautatzeko Euskaltzaindiaren arautegia

Hauxe da Euskaltzaindiaren Arautegiak esaten duena:


Zuzendaritzaren osaera

Euskaltzaindiak zuzendaritza bat izango du, honako kide hauek osatua: euskaltzainburuak, buruordeak, idazkariak, diruzainak, Iker sailburuak eta Jagon sailburuak.

Guztiek euskaltzain oso izan beharko dute. Iker sailburua nahiz Jagon sailburua euskaltzain buruorde ere izan daitezke aldi berean.


Zuzendaritzaren izendapena eta iraupena

Zuzendaritzako karguak lau urterako izanen dira. Izendatuak berriro hautatuak izan daitezke.


Zuzendaritzaren hautatzea

Hautatzea bozketa ezkutuz eginen da, hartakotzat soilki bilduko den ohiz kanpoko barrengo batzar batean.


Hauteskundeak (Quorum)

Hautatzea balioduna izan dadin, gaiak euskaltzain osoen botoen gehiengo osoa erdietsiko beharko du. Quorum hori ez bada, beste bozketa bat eginen da, eta orduan aski izango da gehiengo soila.


Hauteskundeak (noiz)

Zuzendaritzako lagunak hautatzea eta kargu hartzea urtearen azken laurdenean egingo dira.

Jean HARITSCHELHAR

Jean Haritschelhar Duhalde Baigorrin jaio zen, 1923ko maiatzaren 13an. Lehen ikasketak bertako eskola publikoan egin zituen. Ondoren, Baionan, Mont de Marsanen eta Tolosan ikasi zuen. Letretan doktore da Ecole Normale Superiore de Saint-Cloud eta Sorbonne-Parisen, tesiok aurkeztu zituelarik: “Le poéte souletin Pierre Topet Etxahun” ea “L’oeuvre poétique de Pierre Topoet-Etxahun”, 1969an. Madrilen eta Sevillan ere ikasi zuen. “Gustavo Adolfo Becker costumbrista” izeneko tesina egin zuen.

Arlo profesionalean, irakasle izana da, 1952tik 1959ra Agen-eko lizeoan eta 1962tik 1986ra Bordeleko Unibertsitatean, bertan espainiera eta euskara klaseak ematen zituela. 1969an, Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedradun izendatu zuten.

1962an, Baionako Euskal Museoko buru izendatu zuten. Urte horretan ere, Euskaltzaindiak euskaltzain oso hautatu zuen. 1963ko uztailaren 28an, Baigorrin, irakurri zuen sarrera-hitzaldia, “Haritschelhar euskaltzain jaunaren mintzadia (Oxobia)” eta Rene Lafon-ek erantzun zion.

1966. urtetik 1988ra bitartean euskaltzainburuorde izan zen eta 1989an izendatu zuten euskaltzainburu, Luis Villasanteren lekuan.

1971tik 1980ra bitartean Baigorri bere herriaren alkate izan zen. 1988an, Euskal Herriko Unibertsitateak “Doctor Honoris Causa” izendatu zuen.

Besteak beste, Ikas, Euskaltzaleen Biltzarra, Societé de Linguistique de Paris eta Euskal Kultur Erakundearen partaide da. Frantziako Hezkuntza Ministeritzako Conseil des Universites delako erakundearen batzordekide ere bada. Pizkundea, Iparraldeko Kultur Federazioa-ren buru.

Artikulu ugari idatzi izan du bizitzan zehar hainbat aldizkaritan: Gure Herria, B. Du M.B, Revista de Etnografía, Euskera, Bulkletin hispanique, Herria (honen zuzendariorde ere izana da) eta Estudios de Deusto, besteak beste. Pilota aldizkariaren sortzaile eta zuzendari ere izan da, bai eta Pilotarien Biltzarraren zuzendari ere (Pilota Federakuntzako kidea ere izan zen, 1968tik 1996 arte). Bulletin du Musée Basque deritzan aldizkaria zuzendu zuen, bertan euskara, euskal kultura, historia eta arkeologia mailako oinarrizko argitarapenak ezagutarazi zituela.

Bestetik, Udako Euskal Unibertsitatearen sortzailetarik bat dugu Haritschelhar. Bertan, gainera, lau urtez izan zen irakasle.


Sariak:

  • Euskal Herriko Unibertsitateak Honoris Causa doktore izendatu zuen 1988an
  • Officier des Palmes académiques
  • Officier des Arts et Lettres


Argitaratutako lan nagusiak:

  • Etxhahun et Chamisso. 1960
  • Le rythme poétique dans la chanson Intchauspeko alhaba dendaria. 1961
  • Urrugne (1851-1961). Contribution à l’histoire de la pelote. 1961
  • Martin Larralde Bordachuri, le poète galérien. 1963
  • Textes folkloriques de la vallée de Baïgorry (III Congreso Internacional de Estudios Pirenaicos. Zaragoza). 1963
  • Manuscrits d’Etxhahun récemment entrés au Musée Basque. 1964
  • Sur le Pays Basque dans El Siglo de las Luces, de Alejo Carpentier. (Noël Salomonekin batera). 1965
  • Coutumes funéraires à Iholedy (Basse-Navarre). 1967
  • Le poète souletin Pierre Topet-Etchahun (1786-1862). Contribution à l’étude de la poésie populaire basque du XIX siécle. 1969
  • Le poéte souletin Pierre Topet Etxahun. 1969
  • L’oeuvre poètique de Pierre Topet-Etxahun. 1970
  • Don Julio de Urquijo y su aportación a las letras vascas. 1973
  • Les cinquante ans du Musée Basque. 1973
  • Le Professeur René Lafon. 1975
  • Bibliographie de René Lafon. 1975
  • Georges Hérelle et le théâtre basque. 1980
  • Euskal Lingustika eta literatura: bide berriak (Bihotz begietako Euskal Herria Lizardirengan/Le Pays Basque des yeux et du coeur chez Lizardi).. 1981
  • Etre basque. 1983
  • Ser vasco. 1986
  • Hommage au Musée Basque. 1989
  • En torno a la balada. 1989
  • La Langue basque dans la communauté autonome d’Euskadi. 1989
  • Catalogue des manuscrits du Musée Basque. 1989
  • La pastorale souletine: une tradition renouvelée. 1990
  • Dialectes et standardisation. Le cas de la langue basque. 1991
  • Parémiologie et mnémotechnie: l’exemple basque. 1991
  • Leom Elissamburu guarda, pilotari, olerkari. 1992
  • Jainkoa eta Jainkotiarrak Oihenarten atsotitzetan. 1992
  • La femme et l’amour dans la littérature populaire basque (XVIII et XIX siècles). 1993
  • Le rabot et la longue. Contribution à l’histoire de la pelote au XIX siècle. 1994
  • La construction de l’Europe et la politique linguistique de la France: Le cas basque. 1994
  • Ponttokeriak. 1995
  • Ideologiak Lore jokoetako kantuetan. 1998

Ohorezko euskaltzain berriei diplomak

Datorren ostiralean, abenduaren 17an, izendatu berri dituen ohorezko euskaltzainei diplomak banatuko dizkie Euskaltzaindiak eta Ekitaldi berean, Augustin Zubikarai eta Martin Ugalderen hilberri txostenak irakurriko dira

Ekitaldia, arratsaldeko 17:00etan hasiko da, Bilboko egoitzan (Plaza Barria, 15). Orotara, 11 ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen Akademiak, azaroaren 26an, Gasteizen eginiko osoko bilkuran. Hona hemen zerrenda:

  1. Alvarez Enparantza, Jose Luis, Txillardegi
  2. Apezetxea, Pello
  3. Artola, Koldo
  4. Barrenengoa, Federico
  5. Camino- Hasquet, Josep
  6. Dirassar, Jean-Baptiste
  7. Intxausti, Joseba
  8. Lopategi, Jon
  9. Oroz, Patxi
  10. Orpustan, Jean-Baptiste
  11. Rotaetxe, Karmele

Bestetik, diplomak banatu baino lehen, aurten zendu diren bi ohorezko euskaltzain -Augustin Zubikarai eta Martin Ugalde- omenduko ditu Akademiak. Izan ere, bi ohorezko euskaltzain hauen omenezko hilberri txostenak irakurriko dira ostiralean:

  • Augustin Zubikarai Euskaltzain ohorezkoa. (Ondarroa 1914-2004). Omenezko txostena Joan Mari Torrealdai euskaltzain urgazleak irakurriko du.
  • Martin Ugalde Euskaltzain ohorezkoa. (Andoain, 1921-2004). Omenezko txostena Andres Urrutia euskaltzain osoak irakurriko du.

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com