Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain berriak izendatu ditu

Euskaltzaindia / Bestelakoak / 2004-11-26 / 17:50


Gaur, azaroak 26, Euskaltzaindiak Gasteizen egin duen osoko bilkuran, ohorezko euskaltzain berriak izendatu ditu. Orotara, 11 ohorezko euskaltzain berri izango ditu Akademiak gaurtik aurrera.



Euskaltzaindiko Araudiaren 39. artikuluak esaten duen legez, Euskaltzain ohorezkoen mailan sartuko dira Euskaltzaindiaren ustetan euskarari mesede bikainak egindako lagunak. Izendatuak izateko, idatzizko proposamena behar da, nahiz Zuzendaritzak nahiz bi euskaltzain osok egina, eta batzarrak berak onartzea.

Gauzak horrela, hona hemen Euskaltzaindiko osoko bilkurak gaur, 2004ko azaroaren 26an, onartutako ohorezko euskaltzain berrien zerrenda.

  1. Alvarez Enparantza, Jose Luis, Txillardegi
  2. Apezetxea, Pello
  3. Artola, Koldo
  4. Barrenengoa, Federico
  5. Camino- Hasquet, Josep
  6. Dirassar, Jean-Baptiste
  7. Intxausti, Joseba
  8. Lopategi, Jon
  9. Oroz, Patxi
  10. Orpustan, Jean-Baptiste
  11. Rotaetxe, Karmele

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi

Jose Luis Alvarez Enparantza Donostiako Antigua auzoan jaio zen 1929ko irailaren 27an.

Ingeniaritza Industriala ikasi zuen, Bilbon, baita Linguistika ere, Pariseko Sorbonan. 1983an, tesia burutu zuen Bartzelonan, Euskal Azentu gaiari buruzkoa.

1904. urtean, aitona, Tolosatik Antigua auzunera joan zen eta han, Txillardegi izeneko baserria eta lurrak zeuden inguruan eraiki zuen etxea. Hortik datorkio Alvarez Enparantzari Txillardegi goitizena.

Etxean entzun ez eta bere kabuz hasi zen 1947an euskara ikasten, orduantxe prestatu baitzuen bere lehen “hiztegi” pertsonala. Horrekin batera, Bilbon ingeniaritza ikasten ari zela, gazte mugimendu abertzale zenbaitetan esku hartu eta presondegia ezagutu zuen lehenengoz. Beste ikasle batzuekin batera Ekin taldea sortu zuen, zeina gerora ETA bihurtuko baitzen 1958an.

1950ean, 20 urte zituelarik, euskaraz idazten hasi zen. Alphonse Daudet-en ipuin labur baten itzulpena izan zen sinatu zuen lehenbiziko lana.

1957an, Leturiaren egunkari ezkutua izeneko eleberri existentzialista argitara eman zuen eta euskal literatura modernitate literarioaren bidean jarri zuen. Urte horretan bertan, 1957ko uztailaren 26an, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.

1958tik 1960ra bitartean, Gipuzkoako Diputazioan, euskal literaturari buruzko eskolak eman zituen. 1961n, aldiz, erbesteko bidea hartu zuen. Beste zeregin askoren artean, Euskaltzaindiarekin kolaboratuko du Euskara Batuaren eratze prozesuan, prozesu honen eragile nagusienetakoa delarik. 1967an ETA utzi zuen. 1977an, behin Hegoaldera itzulita, politikagintzan murgildu eta ESB alderdiaren sortzaileetako bat izan zen. Urte batzuk beranduago Herri Batasunaren senadore izatera iritsi zen.

1976. urtean, Unibertsitatean hasi zen lanean, linguistikaren espezialista gisa. Hala bada, Bordeleko Unibertsitatean, EUTG eta Deustuko Unibertsitatean, irakasle izen zen, 1976tik 1983 arte. 1983-84 ikasturtetik aurrera, Zorroagako Fakultatean, Sozio-linguistikako irakasle izan zen. 70 urte bete zituenean, katedratiko emeritu izendatu zuen EHUk

Euskera, Euzko Gogoa, Egan, Zutik, Jakin, Tierra Vasca, Herria eta beste aldizkari askotan kolaboratzaile izan da. Branka aldizkariaren sortzailea. Bat soziolinguistikako aldizkariko zuzendaria izan da, 10 urtez (1992-2002).

Euskal Herrian Euskaraz taldearen sortzaileetarikoa da eta Udako Euskal Unibertsitateko kide, sorreratik. Pianoa ere jotzen du, zaletasunez.

Euskaltzaindian, hiru aldiz proposatu zuten euskaltzain oso izateko: 1980. urtean (Patxi Altuna aukeratu zuten); 1987. urtean (Juan Mari Lekuona); eta 1987. urtean (Ibon Sarasola).

2000. urtean, Euskaltzaindiak “Txillardegiren bibliografia 1956-1999” lana egin eta eman zion Txillardegiri berari. 954 sarrera bibliografiko ditu lanak.


Sariak, omenaldiak:


Bibliografia

Lan nagusiak zerrendatzen dira. Horietaz gain, badira beste ehunka artikulu, akademikoak batzuk, kazetaritzazko besteak, aipatzen ez direnak. Orobat elkarrizketak, gutundegiak, txosten politikoak, eta beste.

Informazio osoa Azkue Bibliotekaren katalagoan aurki daiteke.

Pello Apezetxea

Pello Apezetxea Zubiri Goizuetan (Nafarroa) sortu zen, 1932ko ekainaren 24an.

Giza Zientziak, Filosofia eta Teologia ikasketak burutu zituen, Iruñeko Apaizgaitegian, 1943tik 1955 urtera arte. 1955an apaiztu zen eta Etxarri Aranatzen hasi zen lanean, apaiz laguntzaile, baita organojole eta Abesbatzaren arduradun gisa ere. Gero, Elizbarrutiko Presbiterio Kontseiluko kidea izan zen (1970-1985) eta Bortzirietako Artzapeza (1975-1985). Gaur egun, Etxalarko Parrokian erretorea da.

Ttipi-Ttapa hamabostekariko eta Telebista Fundazioko kidea. Aldizkarian, gainera, Etxalarko berri emailea izana da, 1990. urtetik 2002. urtera arte. Gaur egun, Fundazioko presidentea da.

Euskararen irakasle era eragile sutsua izan da betidanik Pello Apezetxea eta euskara klaseak eman dizkie umeei zein helduei, eskola publikoan, Gaueskolan edota Euskaltegian. 1976. urtean, Etxalarko 3, 4 eta 5 urteko haurrentzako Ikastola sortzen lagundu zuen.

Euskal Elizan Euskaraz nafar apaiz taldek kide eta bultzatzailea, 1985-1987 urteetan.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sortzaileetako bat dugu Apezetxea, 1989. urtean. 1990ean legeztatuz geroztik, Aholkulari Batzordekidea da, bai eta Etxalarko Euskara Batzordekidea ere.


Argitaratutako lan nagusiak:

Koldo Artola

Koldo Artola Kortajarena Donostian sortu zen,

1980tik 1998ra arte, Donostiako Aurrezki Kutxaren euskara bultzatzeko zerbitzua zuzendu eta kudeatu zuen Koldo Artolak.

Dialektologian aditua da Koldo Artola.


Argitaratutako lan nagusiak:

Pedro de Yrizarren kolaboratzailerik hurbilena, urte askotan zehar. Aditz-morfologiaren arloan, Yrizar euskaltzain ohorezko zenak egin eta Euskaltzaindiak argitaratu dituen Morfología del verbo auxiliar liburu sortan parte hartu du Koldo Artolak: Morfología del verbo auxiliar guipuzcoano I eta II, Morfología del verbo auxiliar alto navarro septentrional I eta II, alto navarro meridional, roncalés, bajo navarro occidental, oriental I, II eta III eta suletino.

Federico Barrenengoa

Federico Barrenengoa Arberas Amurrion (Araba) sortu zen, 1916ko urriaren 18an.

Magisteritza eta Filosofia ikasketak eginak ditu. Euskaldun berria -18 urte zituela ikasi zuen euskara- AEKn eta Ikastolen munduan ibilia da, beti ere euskararen aldeko lana egiten.

Toponimian eta onomastikan aditua. Ikerkuntza-lan asko egin ditu, Aiarako toponimiaz bereziki. Amurrioko euskal toponimia berreskuratzeko eratu zen lehenbiziko batzordean izan zen eta gaur egun parte hartzen ari da, Euskaltzaindiko Onomastika batzordearekin batera, herri horretako toponimia finkatze-lanetan.

Jose Paulo Ulibarri arabar euskaltzalearen biografia idatzia du.

Firestone lantegiko liburuzaina izan zen, jubilatu arte.

1979ko abenduaren 20an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. Azkue Bibliotekako batzordekidea izana da.


Argitaratutako lan nagusiak:

Joseph Camino - Hasquet

Joseph Camino-Hasquet Arnegiko (Nafarroa Beherea) “Argaia” baserrian sortu zen, 1927ko otsailaren 7an.

Ikasketak Arnegi, Hazparne, Uztaritz eta Baionako seminarioetan burutu zituen. 1951n apeztu zen, orduan Baionako San Andreseko bikario zen.

1953. urtean, Ipar Euskal Herriko umeen eta gazteen aholkulari ihardun zuen. Urte berean, Donazaharren, Euskaltzaleen Biltzarraren idazkari hautatu zuten.

Pan Pin aldizkaria sortu zuen. Etxea, Gazte, Otoizlari eta Herria aldizkarietan ere idatzi du noizbehinka.

1965ean, Baionako apez nagusi hautatu zuten. Lau urte beranduago, 1969an, Hazparneko misionisten buru aukeratu. Gero, Hazparneko apez nagusi izan zen (1976. urtean), Baionako katedraleko apez nagusi (1982an), Seminarioko buruzagi (1987an), Ipar Euskal Herriko bikario nagusi (1990ean) eta apez laguntzaile Getarian (Lapurdi), 2002an.

Euskaltzaindiak, 1961eko abuztuaren 25ean euskaltzain urgazle izendatu zuen.


Argitaratutako lan nagusiak:

Jean-Baptiste Dirassar

Jean-Baptiste Dirassar 1937ko otsailaren 17an jaio zen, Hazparnen, (Lapurdi) “Irriberria” baserrian (Zelai auzoan). Eskolak Zelaian eta Hazparneko San Josep ikastegietan burutu zituen.

17 urte bete zituenean, lanean hasi zen, Basque Eclair eta Herria agerkarietan: lehenengoan, frantsesez idazten zituen kronikak (10 urtez lan egin zuen egunkari horretan) eta bigarrenean, aldiz, pilotari buruzko kirol artikuluak egiten zituen, euskaraz.

Sud-Ouest egunkarian, frantsesez eta euskaraz, 25 urtez aritu izan da, kazetari gisa.

Jubilatuz geroztik, Herria agerkarian gero eta ardura gehiago hartu du bere gain. Gaur egun da bere arduradun nagusia.

Ondoko lanak argitaratu ditu: Hegiko bordatik (1995) eta Bihotzeko mina (1999)

Joseba Intxausti

Joseba Intxausti Rekondo Seguran (Gipuzkoa) sortu zen, 1936ko uztailaren 20an.

Filosofia (Nafarroako Erriberrin), Teologia (Arantzazun) eta Historia Moderno eta Garaikidea (Bartzelonan) ikasketak eginak ditu. Euskal Herriko historia erlijiosoa eta Euskararen Historia Soziala bereziki landuak ditu Intxaustik.Fraide frantziskotarra izana da.

Irakaskuntzan ibilia da: besteak beste, Euskal eta erdal literaturak, alfabetatze-ikastaroak, Kristau Elizen Historia, Artearen Historia eta Eliza eta aldakuntza-uneak Historian irakatsi ditu, Foruan, Bartzelonan, Arantzazun, Tolosan edota Amerikan.

Jakin Taldeko kidea (1958tik) eta UZEIko bazkidea (1978tik) da. UZEIko lehen zuzendaria izana da. 1978tik 1981 arte, Udako Euskal Unibertsitateko Historia Sailaren arduraduna izan zen. Jakin aldizkaria ere zuzendu zuen (1959-62), bai eta Gure Izarra (1957-58) eta Anaitasuna (1972-74) ere. 1989tik 1990 arte, Jakin aldizkariko bitarteko zuzendari-ordetza egin zuen.

Euskararen Aholku Batzordeko partaidea, 1988tik 1992 urtera arte. Eusko Ikaskuntzako bazkidea ere bada, 1985etik.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen, 1961eko abuztuaren 25ean.

Kulturaren aldeko Euskal Fundazioko idazkaria da, 1994 urteaz geroztik.


Argitaratutako lan nagusiak:

Jon Lopategi

Jon Lopategi Muxikan (Bizkaia) sortu zen, 1934ko martxoaren 17an.

Sakramentinoen Ikastetxean ikasi zituen Humanitateak (Tolosan) eta Filosofia eta Teologia (Arratiko Areatzan). Derioko Magisteritza Eskolan Maisu titulua lortu zuen.

Bertsolari eskolatua da eta, 24 urtez hasi bazen ere, arrakastatsu suertatu da plazaz plazako bere ibilbidea. Bizkaiko Txapela lau aldiz eskuratu du: 1962an, 1963an, 1966an eta 1967an. Bestetik, 1961ean eta 1962an, Mungian, eskualdeko txapeldun suertatu zen eta 1962an ere, Gernika egindako final aurreko saioan, lehenengo saria eskuratu zuen.

Euskal herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari dagokionez, 1989an eskuratu zuen txapela. Txapelketa honetan ere, bi aldiz geratu da bigarren (1982an eta 1986an).

Bergarako UNED zentroan, EGA titulurako eskolak eman zituen, 1982tik 1990 arte. Zentro bereko Magisteritza Eskolan, Bertsolaritzari buruzko ikastaroak ere eman ditu. Bestalde, Udako Euskal Unibertsitatean bertsolaritzaren inguruko ikastaroak eman ditu, 5 urtetan.

1983tik 2000 urtera bitartean, Bizkaiko Ikastolen Elkartearen eskutik, Bizkai osoko ikastoletan eta zenbait eskola publikotan Bertsolaritza gaiaren arduradun nagusi izana da, bai irakasle moduan, baita bertso-eskolen sortzaile gisa. Gaurko Bizkaiko bertsolarien maisua da Lopategi.

Olerti eta Karmel aldizkarietan eman du argitara bertso gehienak. Epaimahaiko eta gaijartzaile moduan ere ibilia da Jon Lopategi, baita hizlari gisa ere, hitzaldi ugari eman baititu ahozko literaturari buruz.

Patxi Oroz

Patxi Oroz Arizkuren Beriainen (Nafarroa) sortu zen, 1934ko abenduaren 2an.

Alemanian ikasi zuen Filologia -espainola, frantsesa eta latina- eta hainbat unibertsitatetan jardun zuen, irakasle gisa: Tubingako Unibertsitatean, Bonnekoan eta, berriro ere, Tubingakoan: honetan irakatsi zuen Hispaniar Filologia 1981etik 2000 urtera arte, hots, jubilatu zen arte. Tartean, 1988an, Hispaniar Filologian katedra lortu zuen.

Literatura irakasle izan bada ere -Espainiako literaturaren aro eta genero ezberdinak irakatsi ditu bere ibilbide profesionalean- Hizkuntzalaritza da Orozek bereziki landu duen gaia. Hala bada, gaztelaniaz eta hizkuntz erromanikoez gain, euskara ere aintzat hartu izan du, eta hizkuntz horren eta iberiarraren arteko harremanaz aritu izan da haren lan zein eskoletan. Izan ere, 1981n, “Wilhelm von Humboldt und die Theorie des Basko-Iberismus” gaia prestatu zuen tesirako.

1993an, Kultura Ministroak ohorezko diploma eman zion, 25 urtez jarraian, Baden-Württemberg-en egindako lanagatik.

Carmen vasconicum plus quingentis linguis izeneko bere liburua goraipatu zuen Koldo Mitxelena zenak. Gaur egun, liburu horren edizio berritua prestatzen ari da.


Argitaratutako lan nagusiak:

Jean-Baptiste Orpustan

Jean Baptiste Orpustan Ortzaizen (Nafarroa Beherea) sortu zen, 1934ko urriaren 3an.

Bordeleko Unibertsitatean eta Sorbonan egin zituen ikasketak. Tesia 1983. urtean irakurri zuen, “Nom et statut de la maison basque mediévale en Basse-Navarre, Labourd et Soule, étude d’histoire et de toponymie médiévales” izenburupean. 1986an, Bordeleko Unibertsitateko katedra eskuratu zuen.

Lapurdum aldizkariaren sortzailea eta lehenbiziko zuzendaria izan zen. Bestalde, artikulu ugari idatzi ditu, ondoko aldizkarietan: Bulletin du Musée Basque- Baiona R.I.E.V., Euskera, Egan, Iker, Hegats, Nouvelle Revue d’Onomastique, Boletin de la Societé des Sciences, Lettres et Arts de Bayyonne, Maiatz, e.a.

Pierre Lafitteren edota Oihenarten lana aztertu du, bai eta horren gaineko liburuak argitaratu ere.

Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko aholkularia da.


Argitaratutako lan nagusiak:

Karmele Rotaetxe

Karmele Rotaetxe Amusategi Bilbon jai ozen, 1932ko urtarrilaren 17an.

Batxilergoa Frantzian ikasi zuen. 1967an, Filosofia eta Letretan lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean. Hamar urte beranduago, 1977an, “Estudio estructural del euskera en Ondarroa” izeneko tesiari esker -Koldo Mitxelenak zuzendua- lortu zuen Doktoretza.

1977tik aurrera, euskara klaseak ematen hasi zen, Bilboko Unibertsitate Autonomoan. Geroztik, Leioako Kazetaritza Fakultatean lan egin zuen, euskara eskoletako koordinatzaile moduan. 1978an, Gasteizko Filologia, Geografia eta Historia Fakultatea martxan jarri zen eta bertan jardun zuen Rotaetxek, Frantses eta Hizkuntzalaritza Sailaren arduradun gisa. 1997an, EHUko Kazetaritza Fakultatera itzuli zen.

2001 urteaz geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle emeritua da.

Europako Zientziarako Erakundean hizkuntzaz arduratzen den taldeko partaidea izana da.

1979ko abenduaren 23an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. Akademiako Gramatika batzordekidea da, hasieratik. Bestalde, EGLU liburuetan parte hartu du hasieratik eta, gaur egun, parte hartzen ari da.

Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan argitaratu ditu artikulu ugari.


Argitaratutako lan nagusiak:

Albiste honen aurrekariak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzunak


Ez daukat Euskaltzaindiaren izendapena onartzerik.

Jose Luis Alvarez Enparantza / 2004-11-30 / 07:06

Euskaltzaindiak Euskaltzain Urgazle izendatu ninduen 1957ko Irailaren 26an. Geroztikako 47 urte horretan, honegatik edo hargatik, ez nau Euskaltzain Oso izendatu. Eta horrela jokatzeko eskubidea ez diot inondik inora ukatuko.

Baina urte horietan hartutako erabakietan ez dut ezertan neure botoa emateko aukerarik izan; boto eskumena, betidaniko barne-araudiak finkatuta, 24 Euskaltzain Osoei dagokielako, eta ez beste inori .

Oraingoan, gaur prentsa bidez ikasi dudanez, nire irizpideaz kontsultatu gabe, Ohorezko Euskaltzain izendatzea erabaki du.

Askotan esan eta idatzia dut, ordea (Hemeroteka lekuko) ez nagoela prest orain neure euskaltzain mailan aldaketarik batere onartzeko. Areago Euskaltzaindiak alor desberdin batzutan hartua duen bidea gaitzesten dudalarik .

Ez dut ikamikarik nahi; eta gai honetaz ez dut besterik deus ere erantsiko.

Beude gauzak beren horretan.

Euskal Herriak eta euskarak berak badaukate ohorezko izendapen hauek baino kezka iturri larriagorik. Anitz esker, beraz . Baina ez daukat Euskaltzaindiaren izendapena onartzerik.


(JOSE LUIS ALVAREZ ENPARANTZA Txillardegi hizkuntzalaria eta idazlea da)


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1101523831