|
Boligrafoarekin jan beharreko zopa, nonahi gurutzatzen diren hitzak eta adimena zorrozteko asmakizunak: hori guztia da Luma. Denborari arin-arin aurrea hartzeko aldizkaria.
Denbora-pasen historia Euskal Herrian
Denbora-pasen historia Euskal Herrian
Euskarazko lehen joko idatziak 1883koak dira, Euskal Erria aldizkarian argitaratutakoak, hain zuzen. Koldo Mitxelenaren aburuz, 1936ko gerra ondoko urteetan kartzelan egin ziren euskarazko lehen hitz gurutzatuak. 60ko hamarkadatik aurrera berriz, Zeruko Argia eta Anaitasuna agerkarietan argitaratu ziren jokoak. Geroztik, agerkari askotan dute lekua euskarazko denbora-pasek, baina Luma hilabetekaria da euskarazko denbora-pasa zaleentzako 2002tik merkatuan dagoen agerkari bakarra. Hilabetekaria Bagabiga enpresak sortu zuen eta berak izan du 2004 arte aldizkariaren edukiak sortu eta argitaratzeko ardura. 2004tik aurrera aldiz, ARGIA astekaria argitaratzen duen Komunikazioa Biziagoa S.A.L enpresak argitaratzen du.
Lumaren helburu nagusiak
Lumak, euskaraz eta Euskal Herriko ikuspegitik landutako edukiekin merkatuan posizioa indartu eta normalizazioari eremu berriak irabaztea du helburu. Gainera, euskara ikasten ari direnentzat lagungarri, irakaskuntzan ari direnentzat tresna osagarri eta guztiontzat dibertigarri izan nahi du.
Arrazoi hori bide zabaldu du Komunikazio Biziagoak-ek bere eskaintza komunikatiboa, ARGIA astekaria, ARGIA jolasak eta INTERNET Zerbitzuei LUMA denbora-pasen aldizkaria gehituz.
Edukiak
Edukiek garrantzia berezia dute Luman, jokoen bidez munduko eta Euskal Herriko berri ematen baitugu. Dibertitzea eta ikastea, biak asmo honen ardatz dira; hala, hitzekin jolastuz, inguruneaz, literaturaz, historiaz, kulturaz gehiago ikastea da gure helburua.
Badaude gaien aldetik denetarik jasotzen duten jokoak, hitz gurutzatuak, hitz gezidunak,.... Pasarte kodetua, kontrapasa edo hitz gezidunetan, aldiz, jokoaren abiapuntua, argazki, irudi, idazle eta abarrak izaten dira. Ale bakoitzean bateratasun bat ematen saiatzen gara gaiei dagokienez. Ale batean Bizkaiko herriak lantzea erabakitzen bada, ale horretako hitz gezidunetan argazki nagusi bat agertuko da gaiari erreferentzia egingo diona. Sortze prozesua argazkitik abiatzen da eta herriaren izena abiapuntu hartuta joaten gara jokoa osatzen. Jokoen bidez dibertitzeaz gainera ikasi egin daitekeela diogunean, ezagutza orokorra transmititzeaz ari gara, disziplina orokorren transmisio sakonean sartu gabe.
Sortze prozesua
Joku bakoitzak bere prozesua dauka. Batzuek oso prozesu erraza daukate eta beste batzuek konplexuagoa. Kontrapasa jokua egitea da zailena eta adibide moduan ekarri dugu hona.
Kontrapasa
Kontrapasa jokoa da sortzen zailena. Lehenik, idazle ezagun baten pasarte bat aukeratu behar da, eta pasarte edo gogoeta hori osatzen duten hizkiak bereizi eta zenbatu egiten dira; gero, pasartean azaldutako hizki horiekin hitzak osatzen hasi behar da hizki guztiak agertu arte. Lan hori bukatutakoan, sortutako hitz horien definizoak eman behar dira. Jokoa osatzeko, erantzunak zehaztuz joan ahala hizki zenbakidunak lauki zenbakidunetara pasa behar dira.
Haurrentzako Lum@txo
Haur eta gaztetxoek ere denbora-pasekin dibertitzeko eta ikasteko aukera dute, Lumarekin batera banatzen baita Lum@txo haur eta gaztetxoentzako gehigarria ere. Haur, gazte eta helduek beraz, banaka zein taldean aisialdiaren bertsio berri honekin goza dezakete hilero, baita hainbat gairi buruzko informazioa barneratu eta euskarazko hitzak ikasi ere.
Zenbait datu
Aldizkariaren 3.000 ale banatzen dira hilero; 600 harpidedunen artean eta 2.400 Euskal Herriko saltokietan eta promozio ekimenetan. 52 orrialde ditu Lumak eta 16 Lum@txok, guztira 30 bat joko mota, eta hilero lehiaketa eta sari ezberdinak.
|
|
Urtean argitaratzen diren Luma eta Lum@txoren 12 aleak jasotzeko bide ezberdinen artean, merkeena eta erosoena harpidetzaren bidez jasotzea da. Harpidetuz gero, 30 €-ren truke zuk hautatutako lekuan jasoko duzu Luma, kalean baino 6 € merkeago. Harpidetzeko, nahikoa da ARGIA-ko 943 37 15 45 telefono zenbakira deitzearekin. Internet bidez www.argia.com/luma helbidean edota luma@argia.com posta helbidearen bidez egin daiteke eskaera.
Norbaitek harpidetza bat baino gehiago nahiko balu, eskaintza berezia egingo diogu.
Durangoko Azoka 2005
Aurten ere, Komunikazioa Biziagoa S.A.L Durangora hurbilduko da. ARGIA astekaria, INTERNET Zerbitzuak, eta ARGIA Argitalpenez gain, Luma bertan aurkituko duzu, abenduko zenbakia erosi zein urteko harpidetza egiteko.
|