Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Kulturaren Euskal Plana eta euskara

Kulturaren Euskal Plana eta euskara

2004-11-08 / 07:04 / erabili.com   KULTURA

Oraindik orain argitaratu du Eusko Jaurlaritzak Kulturaren Euskal Plana. Bertan, 2015 urtera arte kulturaren hainbat esparrutan aplikatu nahi den politika eta ardatz estrategikoak agertzen dira. Baita horretarako proposatu dituzten jarduerak eta etorkizunerako proposamenak ere. Horretarako hamar ardatz estrategiko zehaztu dituzte. Guk euskararen gainean esaten direnak ekarri ditugu hona: kultura eta euskara izeneko atala eta zazpigarren ardatz estrategikoa, hau da, Kulturgintzan euskararen erabilera indartzea.

Kultura eta euskara

Kultura eta euskara

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak lehentasun moduan xedatzen ditu ahalik eta hiztun gehien lortzea eta euskararen gizarte erabilera areagotzea. Kulturaren Euskal Planean aurreikusitako jarduera-ildoak eta helburuak ere euskararen egoera hobetzeko baliagarriak izatea dute xede (bai corpusari bai statusari begira). Izan ere, euskararen egoera hobetzea eta hizkuntzaren erabilera normaltzea euskal kulturaren gaineko gure jarduera ardatzen funtsezko elementuak dira.

Euskara euskal kulturaren oinarri nagusietako bat da, euskaldunon berezko hizkuntza izateaz gain, eta, gaztelania eta frantsesarekin batera, historian zehar euskal kultura sortzeko erabili izan den, eta erabiltzen den, tresnetako bat. Euskara eta euskal kultura estuki lotuta daudelarik, euskarak euskal kulturaren etorkizuna baldintzatzen du, eta, hizkuntza edozein delarik ere, kultur garapen orokor baten mende dago, bestalde, euskararen etorkizunak berak kulturak bere adierazpen guztietan iraun eta indarra har dezan behar duela.

Euskarazko kultur produktuen eskalako ekonomiak oso bestelakoak dira gaztelaniazko edo frantsesezko kultur produktuen ekonomiekiko. Euskarak arreta berezia behar du, eta bere zabalkundean eta telebista, irratia, prentsa edo Internet bezalako komunikabideetan (komunikazio publikorako hizkuntza), produktuetan (produktu edo kultur zerbitzuko hizkuntza) eta ekoizpen prozesu kulturaletan (laneko hizkuntza), euskararen erabilera sustatu behar da.

Horretarako, komeni da legearen aldetik laguntzak izatea (zentzuzko kuota politika batez zerbitzu publikoko komunikabideetan, edo kontzertuen eta zerga pizgarrien bidez) eta hizkuntzaren eta zabalkundearen industrietan garapen teknologikoei arreta berezia eskaintzea.

Diagnosia

Diagnosia egiteko AMIA izeneko analisia erabili dute. Hona hemen euskalgintzak dituen indarguneak, aukerak eta ahulguneak.

Indarguneak

  • Euskararen ezagutza eta erabilera asko hazi da azken 25 urteotan.
  • Euskarazko sorkuntza aipagarria da, eta abantailaz jokatzen du, hizkuntza berezitasuna dela-eta, lehiarik ez duelako eta merkatu desberdinetan aritzean bi hizkuntzak, euskara eta gaztelania, osagarriak direlako (egileen ezagutza, tradizio gurutzatuak eta abar), batak bestea sustatzen du eta biek ere egitura produktiboa sortzen dute. Euskarak espezializatzeko aukera ematen du, bai berariazko produktu digitaletan (merkatu gatibua) bai hizkuntzaren eta eleaniztasunaren industrietan (ekarpenak teknologia adiskidetsuetan, edo hizkuntza gutxituen behatokiari laguntzea...).

Aukerak

  • Aukerak sortzen dizkigun elementutzat hartu behar dugu euskara, orokorrean horrelaxe baita alderdi askotatik begiratuta, hala nola kulturan, ekoizpenean, merkatu propioari begira, hizkuntzaren teknologiari dagokionez... Elebitasunak itzulpena errazten du, eta euskal enpresei kanpoarekiko hartu-emanak izaten eta etxeko merkatuan toki egokiak eskuratzen laguntzen die. Sortzaile berrietako askok bere lana euskaraz egiten dutenez, literatur eta musika funtsak handiagotzeko aukera sortzen da, oraindik airean dagoen “Zinea Euskaraz” kontuari heltzeko bezalaxe.

Ahulguneak

  • Euskararen merkatuak mugatuak dira, eta lurraldeka zein kultur politiken arabera banatuta daude. Gai batzuetan – zinean, hedabideetan...- euskara arloko jakintzaren eta gizarte erabileraren atzetik doaz.
  • Euskararen unibertsoaren garapenean argiuneak eta itzalak ditugu. Iparraldean gertatzen ari den atzerakada sozio-kulturalak eta Nafarroan burutzen ari den euskararen inguruko politika oso kezkagarriak dira.
  • Euskalduntze neurri sorta bat prestatzeko dago oraindik; ikus-entzunezkoen, aisialdiaren eta informazio eta komunikazioaren teknologia berrien industriarako oinarrizko plan baten itxura izan beharko du sorta horrek, eta adin goiztiarrenetatik hasita, lehentasun argi gisa.
  • Euskarazko produkzioa adierazgarria da liburu eta musika edizioan; ikus-entzunezkoetan eta multimedian dezentez txikiagoa da; eta batere ez dago zinean. Urtean filmeren bat egin beharra dago euskaraz, eta haur eta gazte merkatua sortzen joan behar da, euskarazko film bikoiztuak edota bertakoak onar ditzan. Euskarazko ikus-entzunezkoak erabilera soziolinguistikoen atzetik doaz, oso atzetik, bai eskaintza arazoak bai eskari arazoak, baita ikus-entzunezkoen gizarte-praktikak ere tarteko direla.

Kulturgintzan euskararen erabilera indartzea.

Ardatz estrategiko honen xede orokorra zera da: Kultur zerbitzuetako ahozko zein idatzizko harremanetan euskararen erabilera bermatu, euskarazko produkzio eta sorkuntza kulturala bultzatu, eta kultura euskaraz eskaintzeari eta erakusteari lagundu.

Horretarako, lehentasunezko zazpi jarduera-ildo zehaztu dituzte, hauetako bakoitza garatzeko jarduerak eta etorkizunean garatzeko proposamenak. Guk banaka banaka ekarri ditugu hona:

Euskarazko kultura ekoizten duten sektoreak garatzeko erakundeek koordinaturiko ekimen publikoak zehaztu.

Jarduerak:

  • Katalogo kolektiboa garatu eta euskal bibliografia egin. 2005-2006
  • Bertoko liburu, disko eta ikus-entzunezkoetan politika koordinatuak garatu, eta arreta berezia jarri euskaraz egindako produkzioari sektorekoen lankidetzarekin eta Hizkuntza Politikako Sailburuordetzarekin. 2004-2005

Etorkizunean garatzeko proposamenak:

  • Kulturaren ataria sortu, erakundeetan dagoen informazio guztia (liburuak, musika, irudiak, eta abar) herritarren eskura jartzeko, baita euskaraz dagoena ere.
  • Lege-gordailu digitala definitu, gaur egun liburutegi edo zerbitzu publikorako baino gehiago agiritegi (adibidez, euskarazko testuaren megacorpusa) eginkizunetarako.

Euskal kulturaren arlo guztietan (ondarea, arteak eta industria) kalitateko euskarazko edukien sorkuntza bultzatu

Jarduerak:

  • Euskaraz sortutako kultur produktuak positiboki diskriminatu, betiere kalitate irizpideekin (2004-2005).
  • Urtero zinea eta telefilmak ekoiztu euskara hutsean; zine zein telebistarako bikoizketa areagotu, euskarazko zine-emanaldiak egiten dituzten aretoetan etenik gabeko gutxieneko bat ziurtatuz (2005-2006).
  • Denboran zehar eta kultur sorkuntzaren arloan euskarak beretzat gorde eta egokitu dituen eremuak sendotu, adibidez, bertsolaritza (2004-2005).
  • Euskarak ia lekurik izan ez duen eremuetan euskara sustatzeko politikak garatu, adibidez, antzerkigintza edo zinegintza (2005-2006).
  • Euskarazko produktu eta zerbitzuen sorkuntza areagotu, hala nola haur eta gazteei egiten zaien eskaintza handitu (2005-2006).

Etorkizunean garatzeko proposamenak:

  • Arlo bakoitzean euskaraz sortzen denari laguntza eman, hori guztia kultura digitaleko formatuetara aldatzeko (testuak, soinuak eta irudiak).

Euskarazko kultur produkzio garrantzitsua lortzen lagunduko duten enpresa-egiturak garatu.

Jarduerak:

  • Ikus-entzunezkoen zerbitzu publikoetan kuota- eta sustatze-politikak zehaztu. 2005-2006

Etorkizunean garatzeko proposamenak:

  • Aldekoak izan daitezkeen industria-, zerga- eta finantza-politikak zehaztu.

Hizkuntza aniztasunerako teknologia sortu, euskaratik abiatuz. Teknologia hori geure premiak asetzeko izango litzateke, hala nola beste gizarte batzuenak. Hizkuntzaren industriak garatuko lirateke euskararentzat eta, bidenabar, beste hizkuntza batzuentzat.

Jarduerak:

  • Itzulpen-teknologien balio estrategikoa indartu eta Euskal Herrian horiek lokalizatu (2004-2005).
  • Kultura eta hizkuntzaren I + G indartu, Europako sareetan parte hartuz (2005-2006).
  • Software librea euskaraz garatu, erakundeetan eta arlo pribatuan horren erabilera sustatuz (2005-2006).

Etorkizunean garatzeko proposamenak:

  • Hizkuntza anitzeko edukiak kudeatzeko eta argitaratzeko sisteman garatzen lagundu.

Euskaraz egiten den kulturaren hedapena bideratu, euskal kultura barruko zein kanpoko merkatuetan bultzatuz.

Jarduera:

  • Kultur zerbitzuetan euskararen erabilera bermatzeko behar diren neurriak hartu: liburutegiak, artxiboak, museoak, abtzerkiak, zine-emanaldiak, kultur informazio guneak. Erabiltzaileen zerbitzurako hizkuntza zer den definitu (2005-2006).
  • Literatura kanporatu, euskaraz egindako literatura oro har, nazioarteko merkatuetan agerpen handiagoa lortzeko. Horrek euskarazko produkzioa itzultzeko politika definitu beharra eskatzen du, betiere barruko eta kanpoko merkatuei begira (2005-2006).
  • Itzulpengintza, bikoizketa, sinkronizazio ostea eta azpititutluen erabilera sustatu, beste hizkuntzetako hiztunek ere euskarazko produktuak ezagutzeko parada izan dezaten, eta euskaldunek, aldi berean, beste hizkuntzetatik datozen kultur produktuak ezagutzeko aukera izan dezaten (2005-2006).

Etorkizunean garatzeko proposamenak:

  • Kulturarekin zerikusia duten teknologiak eta edukiak beste herrialde batzuetara eraman eta nazioartean zabaldu.
  • Irrati eta telebistan euskaraz sortutako musika eta ikus-entzunezko materiala hedatzeko kuotak jarri.
  • Euskal sortzaileen eta kanpokoen artean harremanak sustatu eta kulturaren erreferentziatzat erabil daitezkeen generoak bultzatu.
  • Telebista publikoan kulturaren hedapenerako programazioa prestatu, hala nola irakurketa sustatzekoa.

Euskarazko kulturaren segimendua egin, bai Sarean bai etorkizuneko kulturaren behatokian.

Jarduerak:

  • Hizkuntza aldagaiak kultur behatokiaren programen definiziora gehitu hasieratik eta horiek zorroztasunez aplikatu informazioaren definizioan, bilketan, tratamenduan eta hedapenean. 2005-2006

Etorkinekin kultur truke dinamikak indartu eta saiatu euskarara eta beronen ezagutzara hurbil daitezen.

Jarduerak:

  • Inmigrazioko Euskal Planean euskararen inguruan aurreikusita dauden jarduera-ildoak garatu, euskararen sustapen eta zabalkunderako dirulaguntzen deialdietan sektore horietara zuzendutako berariazko atalak zehaztuz, HABE-tik (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) gara daitezkeen ekintzekin (2005).

Kulturaren Euskal Planari buruzko informazioa sakonagoa (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com