Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskararen geroa: geurea

Euskararen geroa: geurea

2004-10-19 / 07:29 / Jabier Zabaleta Iraola   KULTURA

Iturri-zaharretik etengabe berritzen den ura bezalaxe dira euskaldunak euskararentzat. Ur berria behar du euskararen iturriak hiztunen emaria ez agortzeko eta hizkuntzari bizi-bizirik eusteko. Oinarri-oinarrizko behar horretaz jabetuta, hainbat udalek euskararen belaunez belauneko transmisioa indartzen dihardute. Orioko Udalak ere bai.

Jakina da familiak garrantzi handia duela hizkuntzaren transmisioan. Familia bidez transmititu zaion hizkuntza nekez galduko du haurrak. Hori dela eta, aspaldi samarrekoak dira Euskal Herrian familietan euskararen transmisioa ziurtatzeko ahaleginak; baina gurean, Orion, ez diogu kontu honi oraintsu arte heldu.

Eta zergatik orain?

Euskararen transmisioa nahiko modu naturalean gertatu da orain arte Orioko familietan. Herritar gehienak euskaldunak dira eta herriko giroa oso euskalduna da. Ondorioz, familia gehienetan haurrak euskaraz hazi eta hezten dira. Natural gertatzen den zerbait da eta, hortaz, Udal Euskara Zerbitzuan ez dugu inoiz izan transmisioarena lehentasunen artean.

Orain, ordea, gero eta bikote erdaldun edo misto gehiago ditugu herrian (bikote misto, testuinguru honetan, honako honi esaten diogu: bikotekide bat euskalduna eta bestea erdalduna duena). Horren arrazoietan sartu gabe (immigrazioa, mugikortasun geografikoa…), garbi dago egoera aldatzen ari dela eta, beharbada, iritsi zaigula guri ere euskararen transmisioaren gaiari orain arte baino arreta gehiago jartzeko ordua.

Hori izan da 2004an transmisioaren aldeko kanpainatxoa egitearen arrazoia. Kanpainak segida izango du datozen urteotan.

Opariak gurasoentzat

Orioko Udalaren Euskara Biziberritzeko Planaren barruan txertatuta dago ekimena, eta helburu garbia du: herriko familietan euskararen transmisioa indartzea, gurasoei ikusaraziz zein den prozesu horretan daukaten garrantzia.

Kanpainaren barruan, ume jaio berria duten gurasoei oparitxoa egiten die Udalak, euskara transmititzeko duten rolaren garrantzia azpimarratzeko. Haurra jaio eta berehala iristen zaie oparia etxera, Udaleko kartazal handi batean. Kartazalaren barruan, honako hauek aurkitzen dituzte:

  • Pintore oriotar batek propio kanpainarako egindako koadro baten erreprodukzioa, paper onean egina eta, nahi izanez gero, berehala paretan zintzilik jartzeko modukoa. 2004an Iņigo Manterola oriotarrak egin du koadroa, "Familia" izeneko alegoria ederra. Udalak koadroaren erreprodukzio kopuru jakin bat egin du eta, bukatzen direnean, beste pintore bati eskatuko dio koadro berria egin dezan, hurrengo urtean erabiltzeko.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Koadroaren erreprodukzioaren atzean alkateak izenpetutako mezu bat dator euskaraz eta gaztelaniaz, gurasoei zorionak emateaz gain, kanpainaren helburu eta zergatiak biltzen dituena:

Hasteko eta behin, zorionak eman nahi dizkizuet, Udalaren izenean, guraso izan berri zaretelako.

Hemendik aurrera haurraren etorkizuna bideratzen hasi beharko duzue. Ume sortu berriari hainbat gauza eman behar zaizkio: babesa, arreta, maitasuna, janaria, arropa… eta hizkuntza(k).

Umearen mundua —lehen urteetan, batez ere— familiak osatzen du. Hortik jasoko duena izango du lehen hizkuntza, bere mundu afektiborako erabiliko duena. Umeari euskaraz eginez gero, eta gurasoen artean ere euskaraz eginez gero, osoagoa izango da umeak euskararekin duen harremana eta lotura. Bizi-bizi jasoko du hizkuntza.

Orio oso herri euskalduna da eta, beraz, zuen umeari ez zaizkio faltako aukerak ikastetxean euskaraz ikasteko edota aisialdiaz euskaraz gozatzeko. Bere baitako hizkuntza, ama hizkuntza, euskara izan dezan, ordea, zuen ahaleginaren gain dago neurri handi batean.

Ahalegin horretan laguntzeko bidaltzen dizuegu honako material hau:

- Iņigo Manterola pintore oriotarrak egindako ‘Familia’ izeneko koadroaren erreprodukzioa.

- Umeekin erabiltzen diren hitz goxoen zerrendatxoa.

- Olatz Zugastik grabatutako sehaska kanten diskoa: Bulun-bulunka.

- Bertsoa jasotzen duen postaltxoa.

- Autoan jartzeko pegatina.

Lagungarri izango dituzuelakoan, besterik gabe, jaso ezazue berriz nire zorionik beroena.

Mirari Arruabarrena, alkatea

  • Hiztegitxo bat, haur txikiekin erabiltzen diren hitz bereziak azaltzeko: arreborritxiko, koko, pitxitxi, pusta-pusta… Haurren hiztegi hori dezente aldatzen da herri batetik bestera eta Orioko Euskara Zerbitzuak ahalegina egin du gure inguruan gehien erabiltzen diren hitzak zerrendatzen.

    Hiztegiaren diseinua Buruntzaldeko euskara zerbitzuek prestatu zuten 2003. urtean beren eskualdean erabiltzeko. Guri gustatu, baimena eskatu, eta diseinua bere horretan gordez hiztegiaren edukia gure herrira egokitu dugu.

  • Olatz Zugasti hernaniar oriotartuak grabatutako sehaska kanten diskoa: Bulun-bulunka.
  • UEMAk argitaratutako postaltxo bat, euskararen transmisioari buruzko bertso bat jasotzen duena.

  • UEMAk argitaratutako pegatina bat, autoan jartzekoa, Kontuz, haurrak! dioena.

(JABIER ZABALETA IRAOLA Orioko Udalaren Euskara Zerbitzuaren arduradun teknikoa da)

Inprimatu


Erantzun

 
Toto
2004-10-19 / 11:10 / aizkorri

Haurren hizkuntzan, txakurraren izena, nik dakidala, betidanik izan da TOTO, eta ez "babau"

 
Orion "ababau" edo "babau"
2004-10-19 / 14:14 / Jabier Zabaleta

> Haurren hizkuntzan, txakurraren izena, nik dakidala, betidanik izan da TOTO, eta ez "babau"

Tira. Ez naiz ni ausartzen kontu hori "betidanik" nola izan den esatera. Beharbada, "toto" esaten zaio toki askotan eta seguru arrazoiak badituzula hori hain borobil adierazteko; baina Orion, gaur egun, hiztun "kurioso" samar gehienek "ababau" edo "babau" baizik ez dute erabiltzen.

Herriko erabileraren berri eman nahi izan dugu orritxo horretan eta ez, jakina, gauzak "nola diren" inori erakutsi. Guk dakiguntxoa baino gehiago jakin behar da horretarako eta, bestalde, ez dakit xehetasun txiki hauek ere batzeko ahaleginak merezi ote duen. Berezitasunen bat ere gorde beharko dute, ba, herri hizkerek!

Ondo-ondo bizi.

 
Tradizio eta konfluentziako hitzak erabiltzearen alde
2004-10-20 / 12:08 / aizkorri

Agur!

Gehiegi luzatu gabe bada ere, komenigarri deritzot lerro bat edo beste eransteari.

Egia esan, inoiz ez dut ongiegi ulertu mende hauotako euskaldunok norberaren "tasunak" azpimarratzeko dugun zaletasun hori, iruditzen baitzait, konfluentzi puntuak bilatu beharrean, balio gehiago ematen diegula "gurekeriak" (barka bekit ausardia!) nabarmentzeari. Hala ohituretan nola hizkuntzan bertan (bai arlo mintzatuan eta bai, maiz asko, idatzian), etengabeko fenomenoa dugu tokian tokiko azpi-azpi-euskalkiak, llaburdurak, fonetismoak, arkaismoak, txokokeriak, etab. erakustearena, horrela komunitate-pertenentzia areagotuko bagenu bezala. Ohartzeke, antza denez, komunitate handiago baten kide garela euskaldunok eta hori baino ez genukeela benetan nabarmendu behar.

Haur hizkuntzaren kasuan, esate baterako, ez dut uste bospasei urteko "tradizioak" inolako esklusibitate-patenterik eman liezaiokeenik "babau" bezalako onomatopeia bati, are gutxiago Gipuzkoa guztian (eta beste lurraldeetan, jakina) tradizio luze-zabala duen TOTOri tokia kentzeko bada. Horrelakoetan (honelako hau bezalako herri mailako zabaldunde kanpainetan esan nahi baitut), nago ez litzatekeela kirtenkeria bat "tradiziozko" haur hitza lehen tokitik ez alboratzea.

Esango nuke hobe dela tradizio eta konfluentziako horiek erabiltzea, besteak beste beste herrialdeetakoekin "batago" egiteko eta, nola ez, Orioko haurrek ere Kazabonek argitaratu berri duen Toto eta Otsoto bezalako liburutoak esplikazio paterno-filologikorik gabe uler ditzaten.

Edozein modutan, zinez aitortzen dut, ez nuen Orioko udalak kaleratutako lanaren kritikarik egin nahi, zeharo laudagarria baita horrelako ekimenetan sartzen den udalbatza. Alderantziz baizik, aportazio gisa eskaini bainuen ohartxoa. Eta, beraz, bakar-bakarrik ekarpen positibo gisara ulertuko zaidalako usteak bultzatzen nau gaurkoan ondoko zehazpenak gehitzera zuen hiztegitxoari. Badihoaz batzuk:

  • "alolo joan": hasierako "a" hori gaztelaniaren eraginez erantsitako preposizioa baino ez da. Horren ordez, "Lolo egitera joan" edo beharko (??) luke.
  • "Koko": tradizio zabalenean arrautza edo oiloa da. Txokolatea KOKOLO izan da.
  • "Ninia": NINI edo ŅIŅI beharko luke, "a" hori ez baita itsatsia eta gure haru hizkuntza ez baitu artikulurik onartzen.
  • "Pitito": tradizio zabalxeagoa izan dute "lilipa"-k "lilika"-k, edota, zalantzarik gabe, PITILI, PITILIN familiakoek.

Eta, zerrenda osatzeko, horra hor gogora etorri zaizkidan beste hiruzpalautxo:

  • TXETXE: umetxoa, panpina
  • PIPI: etxeko hegaztiak izendatzeko hitza (oilo-oilarrak batik bat)
  • PAPA: ogia
  • TITI: bularreko esnea, hots "titi nahi duzu?"

Zuen lana aberasteko izan daitekeelakoan, aikorri

 
Lur labanak
2004-10-21 / 11:55 / Jabier Zabaleta

> Egia esan, inoiz ez dut ongiegi ulertu mende hauotako euskaldunok norberaren "tasunak" azpimarratzeko dugun zaletasun hori, iruditzen baitzait, konfluentzi puntuak bilatu beharrean, balio gehiago ematen diegula "gurekeriak" (barka bekit ausardia!) nabarmentzeari.

Lur labanak dira horiek, irrista egiteko arrisku handikoak. Zer da "gurekeria" eta zer, berriz, gorde beharreko aberastasuna? Seguru nago, kasuak banan-banan aztertzen hasita, gehienetan bat etorriko garela biok; baina zail dago irizpide finko erabatekorik ezartzea. Nolanahi ere, berriz diot, gure helburua ez zen, inolaz, araurik finkatzea, baizik-eta herriko erabilera erreala agertzea. Egokia zela orri horretan "toto" ere agertzea? Tira, ez dizut ezetzik esango; zergatik ez, benetan hain zabaldua badago eta hain tradizio sendokoa bada (eta, sinesten dizut, hala izango da; nahiz eta, sinetsidazu zuk ere, nik egundo entzun gabea dudan nabilen inguruetan)?

> Eta, beraz, bakar-bakarrik ekarpen positibo gisara ulertuko zaidalako usteak bultzatzen nau gaurkoan ondoko zehazpenak gehitzera zuen hiztegitxoari. Badihoaz batzuk:

  • "alolo joan": hasierako "a" hori gaztelaniaren eraginez erantsitako preposizioa baino ez da. Horren ordez, "Lolo egitera joan" edo beharko (??) luke.

(...)

Eskertzen dizkizut, benetan ekarpenak, eta kontuan hartuko ditugu hurrengo ediziorako.

Ondo-ondo bizi.

OHARRA: Aurrekoa idatzi eta gero, tarte txiki bat hartu dut "toto" hitza bilatzeko Euskaltzaindiak sarean jarrita duen corpusean. Behin bakarrik erabilita azaldu zait: 1939ko bizkaierazko lo kanta batean. Ereduzko Prosa Gaur lexiko arakatzailean begiratu dut gero eta han ere behin bakarrik agertzen da, Atxagaren testu batean, baina pertsonaia baten ezizen gisa. Ez dakit. Beharbada, hitzak ez dauka zuk uste adina tradizio eta zabalpenik (inork ezer esan aurretik, "babau" hitzarekin ere egin dut proba, eta ez dit eman adibide bakar bat ere.)

 
Toto
2005-10-12 / 20:03 / zaldi ero

"toto" dela eta. Herrian ikasia, azpeitian: "jarduiok ttottoari", hau da, "jarduiok txakurrari", edo "utzi nauk pakean", "aldegik/n hortik"... oker ez banago, "toto", Azkuerenean, haurrak txakurra izendatzeko hitza da. ero arte,


(MIEL ANJEL ELUSTONDO)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com