|
Euskaltzaindiak, Estatuko beste Hizkuntza Akademiekin batera, Bartzelonan egingo den Estatuko hizkuntzen erabilera arautzearen gaineko lan-bileran parte hartuko du gaur (2004-10-08).
Kataluniako Generalitateko Conseller en cap-ek deituta, Estatuko beste Hizkuntza Akademiekin batera izango da Euskaltzaindia, Institut d’Estudis Catalans-en egoitzan egingo den lan-bileran. Bilkuraren xedea hauxe izango da: Espainiako Estatuko hizkuntzetarako lege-arautze berria aztertzea, beti ere hizkuntza guztien koofizialtasun parekatua ziurtatzea delarik helburua.
Euskaltzaindiaren partaidetzari dagokionez, bi pertsona joango dira gaurko bilkurara: Andres Urrutia eta Jose Luis Lizundia euskaltzainak eta Akademiako Zuzendaritzako kideak. Bioi egokitu zaie, beraz, Estatuko Akademia guztietako kideekin batera, hizkuntz erakundeen ikuspuntua eta zeregina argitzea, bai eta dagozkien eginkizunak proposatzea ere.
Lan talde bi izango dira Jardunaldian: lehena, esan bezala, Hizkuntz Akademiek osatuko dute. Bigarrenean, aldiz, Estatu zein Autonomia Administrazioetako ordezkariak ariko dira, gai bera eztabaidatuz. Aurreikusita dagoenez, arratsalderako, biak batuko dira, ondorio bateratua plazaratzeko asmoz.
Lan-bilera hauen nondik norako guztien berri erabili.com-en emango du Euskaltzaindiak.
Ildo bereko artikulua (irakurtzeko gainean sakatu)
|