Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Etorkinek euskara 'aisa' ikasiko dute

erabili.com / Kultura / 2004-10-07 / 07:09


Euskal Herrira etortzen diren etorkin askoren asmoa hemen bizitzen gelditzea eta bertakotzea da. Horregatik, gero eta gehiago dira euskara ikasi nahi dutenak, eta egoera horri erantzun egokia emateko etorkinentzako “Aisa” euskara ikastaroa antolatu du Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE).



<b>Zer da “Aisa”?</b>

Zer da “Aisa”?

Euskara ikasteko oinarri-oinarrizko harrera-ikastaroa da. Euskal Herrira etorkinak iritsi eta lehen kontaktu horretan behar-beharrezko duten euskara ulertu eta erabiltzeko prestatua. Honetaz gain, etorkinak euskal gizartea hobeto ezagutzen laguntzeko ere bada, bertako gizartean hobeto integratzen laguntzeko. Hori dela eta, ikastaroan ikasleei aukera eskaintzen zaie beraien ohiturak eta gureak alderatzeko: janzkera, familia harremanak, jateko ohiturak, etab.

Norentzat da?

Europako Batasunetik kanpoko etorkinentzat garatutako egitasmoa da, batez ere Afrikatik, Hego Amerikatik, Asiatik edo Ekialdeko Europatik etorritako lagunentzat.

Zein da “Aisa”ren helburua?

Ikastaro hauetan, etorkinek euren oinarrizko komunikazio beharretan parte hartzeko gaitasuna garatzeko aukera eskaintzea da helburu nagusia. Kalean zehar doazela, errotuluetan jasotzen diren hitzak ezagutu eta galduta senti ez daitezen batik bat. Bestalde, kalean daudenean, lanean ari direnean eta administrazio mailan ezer eskatu behar dutenean euskaraz laguntza eskatzeko edo gauzak nola izendatzen diren galdetzeko gutxieneko gaitasuna ere lortuko dute.

Zein metodologia hartu dute oinarritzat?

Eredu metodologiko honen ardatza eguneroko bizimoduan egiten ditugun ekintzak eta jarduerak ikasgelan gauzatzea da. Eta gure komunikazio eginkizunetan lau trebetasun (mintzamena, entzumena, irakurmena eta idazmena) lantzen ditugunez, Aisa ikastaroan ere lau trebetasunak garatzeko ariketak egin beharko dituzte ikasleek. Ariketa horiek egiteko, ikasleek euren bizimoduarekin harreman zuzenean dauden komunikazio eginkizunak gauzatuko dituzte ikasleek ikasgelan. Horretarako, ikusentzunezkoak eta irakurgaiak landuko dituzte eta horiek aintzat hartuta egingo dituzte mintzamenarekin eta idazmenarekin lotutako ariketak. Hau guztia aurrera eramateko ikastaro horietan erabiltzeko ikasmaterial bereziak sortu ditu HABEk.

Azken urteotan bere ikasmaterialetarako aukeratu duen eredu berari jarraiki dator oinarri-oinarrizko ikasmaterial hau ere: Atazetan Oinarritutako Ikaskuntzaren metodologiak ardaztutako programazioa da, beraz, helburu komunikatiboen araberako material errealak, helburuak, edukiak eta ebaluazio irizpideak ditu ezarriak.

Horretarako, alde batetik, ulermena lantzeko bideratutako ariketa ugari daude eta bestalde, eguneroko kaleko komunikazioan erabiltzen diren esamoldeak ikasteko, ariketak egiteko aukera handia eskaintzen du (esate baterako: “gustatzen zait”; “ez zait gustatzen”; “Zer izen duzu?”; etab.). Horrez guztiaz gain, hiztegia lantzeari ere erabateko garrantzia emanik hiztegiarekin lotutako lanketak jarri ez ezik, gai jakinekin lotuta dagoen hiztegia (familia, eskola, garraioa, osasuna, kirola, azoka, etab.) ere Aisa egitasmoaren baitako lana da.

Nola dago osatua?

Aisa egitasmoan parte hartuko duten ikasle eta irakasleek hiru material mota izango dituzte eskuartean: ikastunitateak, ikus-entzunezkoak eta hiztegia.

Noiz eta non dira ikastaroak?

Ikasturte honetako lehen eskaintza urriaren 11tik abenduaren 17ra izango da, eta ondoko udalerrietan: Araban: Gasteiz; Bizkaian: Gernika-Lumo, Barakaldo, Ermua, Bilbo, Getxo, Ondarroa eta Mungia. Gipuzkoan: Tolosa, Azpeitia, Beasain, Eibar, Irun eta Zarautz.

Zenbat ordaindu beharko du etorkinak ikastaroa?

Etorkinentzako ikastaro hauek bereziki sustatu eta diruz lagundu dituzte HABEk eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Saileko Inmigrazio Zuzendaritzak, eta horietan parte hartzeko matrikularen ordaina 10 € izango da. “Aisa” ikaslearentzako materiala eta hiztegia nahi izanez gero, aldiz, beste 28 € ordaindu beharko da.

Inprimatu


Erantzunak


Hiztegi Batuak "aise"

Henrike Knörr / 2004-10-07 / 08:22

Eta salneurri beragatik, zergatik ez "Aise", Hiztegi Batuak dioen bezala? Norentzat da Hiztegi Batua?


(HENRIKE KNÖRR BORRŔS hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1097062766