Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Etorkinek euskara 'aisa' ikasiko dute

Etorkinek euskara 'aisa' ikasiko dute

2004-10-07 / 07:09 / erabili.com   KULTURA

Euskal Herrira etortzen diren etorkin askoren asmoa hemen bizitzen gelditzea eta bertakotzea da. Horregatik, gero eta gehiago dira euskara ikasi nahi dutenak, eta egoera horri erantzun egokia emateko etorkinentzako “Aisa” euskara ikastaroa antolatu du Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE).

<b>Zer da “Aisa”?</b>

Zer da “Aisa”?

Euskara ikasteko oinarri-oinarrizko harrera-ikastaroa da. Euskal Herrira etorkinak iritsi eta lehen kontaktu horretan behar-beharrezko duten euskara ulertu eta erabiltzeko prestatua. Honetaz gain, etorkinak euskal gizartea hobeto ezagutzen laguntzeko ere bada, bertako gizartean hobeto integratzen laguntzeko. Hori dela eta, ikastaroan ikasleei aukera eskaintzen zaie beraien ohiturak eta gureak alderatzeko: janzkera, familia harremanak, jateko ohiturak, etab.

Norentzat da?

Europako Batasunetik kanpoko etorkinentzat garatutako egitasmoa da, batez ere Afrikatik, Hego Amerikatik, Asiatik edo Ekialdeko Europatik etorritako lagunentzat.

Zein da “Aisa”ren helburua?

Ikastaro hauetan, etorkinek euren oinarrizko komunikazio beharretan parte hartzeko gaitasuna garatzeko aukera eskaintzea da helburu nagusia. Kalean zehar doazela, errotuluetan jasotzen diren hitzak ezagutu eta galduta senti ez daitezen batik bat. Bestalde, kalean daudenean, lanean ari direnean eta administrazio mailan ezer eskatu behar dutenean euskaraz laguntza eskatzeko edo gauzak nola izendatzen diren galdetzeko gutxieneko gaitasuna ere lortuko dute.

Zein metodologia hartu dute oinarritzat?

Eredu metodologiko honen ardatza eguneroko bizimoduan egiten ditugun ekintzak eta jarduerak ikasgelan gauzatzea da. Eta gure komunikazio eginkizunetan lau trebetasun (mintzamena, entzumena, irakurmena eta idazmena) lantzen ditugunez, Aisa ikastaroan ere lau trebetasunak garatzeko ariketak egin beharko dituzte ikasleek. Ariketa horiek egiteko, ikasleek euren bizimoduarekin harreman zuzenean dauden komunikazio eginkizunak gauzatuko dituzte ikasleek ikasgelan. Horretarako, ikusentzunezkoak eta irakurgaiak landuko dituzte eta horiek aintzat hartuta egingo dituzte mintzamenarekin eta idazmenarekin lotutako ariketak. Hau guztia aurrera eramateko ikastaro horietan erabiltzeko ikasmaterial bereziak sortu ditu HABEk.

Azken urteotan bere ikasmaterialetarako aukeratu duen eredu berari jarraiki dator oinarri-oinarrizko ikasmaterial hau ere: Atazetan Oinarritutako Ikaskuntzaren metodologiak ardaztutako programazioa da, beraz, helburu komunikatiboen araberako material errealak, helburuak, edukiak eta ebaluazio irizpideak ditu ezarriak.

Horretarako, alde batetik, ulermena lantzeko bideratutako ariketa ugari daude eta bestalde, eguneroko kaleko komunikazioan erabiltzen diren esamoldeak ikasteko, ariketak egiteko aukera handia eskaintzen du (esate baterako: “gustatzen zait”; “ez zait gustatzen”; “Zer izen duzu?”; etab.). Horrez guztiaz gain, hiztegia lantzeari ere erabateko garrantzia emanik hiztegiarekin lotutako lanketak jarri ez ezik, gai jakinekin lotuta dagoen hiztegia (familia, eskola, garraioa, osasuna, kirola, azoka, etab.) ere Aisa egitasmoaren baitako lana da.

Nola dago osatua?

Aisa egitasmoan parte hartuko duten ikasle eta irakasleek hiru material mota izango dituzte eskuartean: ikastunitateak, ikus-entzunezkoak eta hiztegia.

  • Ikastunitateak

    Liburuetako ikastunitateak gaika daude antolatuta. Unitate horietan gai interesgarri eta motibagarriak lantzen dira, tokian tokiko gizartea ezagutzeko aukera ematen dutenak: aurkezpenak, familia, hiriak, herriak, azoka, sukaldaritza, dendak, jantziak, osasun zentroak, udala, zerbitzuak, etab. Eta gaiarekin loturiko eginkizunak egin beharko dituzte ikasleek. Lehen-lehenik, ulermenari zuzendutako ariketa ugari egingo dituzte eta horretarako, euskaraz mintzo diren hiztunen hainbat entzungai izango dituzte ideiak identifikatzen ikasteko. Sormen lana ere egin beharko dute ikasleek: hasierako agurrak egiten, aurkezpenak egiten eta bakoitzaren herriko ezaugarriak kontatzen ikasiko dute. Beranduxeago hasiko dira idazmena lantzen eta trebetasun hori lantzerakoan, idatzizko eskakizunak egiten, administrazio ziurtagirietan euren datuak betetzen eta gisako lanak egiten ikasiko dute.

    Ikasmateriala lau liburutan dago banatua. Liburu bakoitzak bost unitate ditu eta unitate bakoitza lantzeko hiru ordu beharko ditu ikasle-taldeak. Beraz, lau liburuak burutuz gero, 60 orduren buruan oinarrizko hizkuntza gaitasunen jabe izango dira ikasleak. Harrera-ikastarootan “Aisa” ikasmaterialak erabiliko dituzte irakasleak eta ikasleek eta astean hiru egunetan banatuta, asteko 6 orduko ikastaroak izango dira.

    Unitateak euskaraz eta gaztelaniaz daude idatzita. Bi hizkuntzotan idatzita egoteko arrazoiak bai baititu HABEk: etorkinen inguruan egin diren estatistiken arabera, azken aldi honetan datozen etorkinen %80 Hego Amerikatik etorriak dira eta gaztelania ezagutzen dute. Bestalde, Hego Amerikatik etortzen ez diren etorkinek ere, bestelako gunetakoak izanik ere, lehenik gaztelania ikasteko joera dute eta euskara ikasterako gaztelaniaren inguruko oinarrizko ezagutzak izaten dituzte. Horri begira, hain zuzen ere, daude ikastunitateak euskaraz eta gaztelaniaz.

    Irakasle eta ikasleentzako liburuxkak euskaltegietako irakasleek HABEren webgunean dituzte eskura, habe helbidean.

  • Ikus-entzunezkoak

    Unitate bakoitzean bideoak eta entzute-gaiak daude: telebistatik nahiz irratitik hartutako dokumentuak eta berariaz sortutako grabazioak entzun eta horien harreman zuzenean dauden ariketak egingo dituzte ikasleek. Ariketa horiek, beti ere, ulermenarekin lotutakoak izango dira batik bat.

  • Hiztegia

    Unitateekin batera, irudizko hiztegia ere izango dute ikasleek. Zazpi hizkuntzatan egina dagoen hiztegia: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, arabiera, berberera eta txinera. Hiztegi honetako hitzak gaika antolatuta daude eta hitz edo ekintza bakoitzak dagokion irudia dauka. Horrela, hitza eta irudia uztartuz esanahia topatu, ulertu eta erabiltzeko erraztasuna izango du.

Noiz eta non dira ikastaroak?

Ikasturte honetako lehen eskaintza urriaren 11tik abenduaren 17ra izango da, eta ondoko udalerrietan: Araban: Gasteiz; Bizkaian: Gernika-Lumo, Barakaldo, Ermua, Bilbo, Getxo, Ondarroa eta Mungia. Gipuzkoan: Tolosa, Azpeitia, Beasain, Eibar, Irun eta Zarautz.

Zenbat ordaindu beharko du etorkinak ikastaroa?

Etorkinentzako ikastaro hauek bereziki sustatu eta diruz lagundu dituzte HABEk eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Saileko Inmigrazio Zuzendaritzak, eta horietan parte hartzeko matrikularen ordaina 10 € izango da. “Aisa” ikaslearentzako materiala eta hiztegia nahi izanez gero, aldiz, beste 28 € ordaindu beharko da.

Inprimatu


Erantzun

 
Hiztegi Batuak "aise"
2004-10-07 / 08:22 / Henrike Knörr

Eta salneurri beragatik, zergatik ez "Aise", Hiztegi Batuak dioen bezala? Norentzat da Hiztegi Batua?


(HENRIKE KNÖRR BORRŔS hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com