Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskara jalgi hadi mundura eta tailerrera

Euskara jalgi hadi mundura eta tailerrera

2004-12-21 / 07:00 / Joseba Konde Zubiaurre   ENPRESA

Makina Erreminta arloko lehen hiztegia erabilgarri dago amaraunean Elgoibarko KONDIA enpresaren eskutik. 5 hizkuntzatan jasotzen ditu hitzak hiztegiak: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta alemanez.

Euskararen aldeko apustua

Euskararen aldeko apustua

KONDIA osatzen dugunon iritziz, gure enpresak sustraituta dagoen gizartearen sentikortasunarekin bat egin behar du, eta haren beharrak asetzen saiatu. Horrela bada, KONDIAren 50.urteurrenean, 2002an, hain zuzen ere, euskararen aldeko aurrerapausotxo bat ematea erabaki genuen hiztegi hau argitaratzearekin batera.

Izan ere, ikastetxeetatik datozen ikasleek dakarten euskarazko jakituriak eta aberastasunak enpresa eta lantegietan erabiltzeko mugak dituela ikusita, hutsune hori gainditzen lagundu ahal izateko sortu genuen KONDIA hiztegia

Era berean, aipatzekoa da 2001etik dagoela indarrean Euskara Plana KONDIA enpresan, EMUN Lana Euskalduntzeko Kooperatibaren eskutik. Gure langileen %80 euskaldunak dira, eta haien arteko harreman informalen %80 euskaraz izaten dira. Planari esker, lehen gaztelaniaz ziren harreman batzuk orain euskaraz izatea lortu da, baina jakin badakigu oraindik ere bagula zer hobetu. Izan ere, enpresaren ekoizpenaren %65 esportatu egiten dugunez, ingelesa, alemana eta frantsesa dira gaztelaniarekin batera gehien erabiltzen ditugun hizkuntzak maila idatzian, eta inguru-inguruko hornitzaile batzuekin baino ez ditugu euskaraz izaten idatzizko harremanak.

KONDIA hiztegia bost hizkuntzatan

Hiztegian erabiltzen diren hizkuntzak aukeratzeko irizpideei dagokienez, alde batetik, Euskal Herriko hiru hizkuntzak izan genituen kontuan (euskara, gaztelania eta frantsesa) eta, bestetik, KONDIAren merkatuan erabilienak diren hizkuntzak (ingelesa eta alemana), beti ere, euskara beste hizkuntzekiko erreferentea izanik, bera baita hiztegiaren enborra.

Horrela, bada, euskaraz sartzen bada hitz bat, “balazta” esate baterako, beste lau hizkuntzatan agertuko zaigu hitza: “freno” (gaztelaniaz), “brake” (ingelesez), “frein” (frantsesez) eta “bremse” (alemanez). Adibidea ikusteko sakatu hemen

Gainera, beste hizkuntza batean idazten bada hitza, esaterako “brake” eta gaztelaniazko adiera zein den jakin nahi bada, lehen adiera euskaraz emango digu hiztegiak eta gero euskaraz sartu beharko dugu hitza hortik ingeleseko adiera lortzeko.

Hiru aukera hiztegia erabiltzeko: amarauna, paperezko euskarria eta CD-ROMa

Gaur egun amarauna da tresnarik egokiena informazioa mundura zabaltzeko; beraz, hiztegiaren bi helburuak lortzeko, hau da, Makina Erreminta arloan euskararen erabilera errazteko laguntza eskaintzeko eta euskara munduan ezagutzera emateko, ezin aproposagoa iruditu zitzaigun KONDIAkooi amaraunean eskuragarri jartzea hiztegia.

Amaraunaz gain, paperezko euskarrian eta CD-ROMean ere badago erabilgarri KONDIA hiztegia.

800 hitzeko hiztegia

KONDIako langileok egin genuen hiztegia, eta bost bat urte eman genituen hiztegia osatzen duten 800 hitzak biltzen. Eguneroko lanean erabiltzen ditugun hitzak dira: arlo mekanikokoak, arlo elektronikokoak, eta automuntaia ingurukoak.

Terminologia zehazten eta zuzenketa lanetan hizkuntza-teknikari bi aritu ziren, baina, azken finean, KONDIAko langileok izan ginen lanaren oinarri eta zutabe.

Hiztegia osatzeko zailtasunak

Hiztegia egiteko oztoporik handiena Makina Erreminta arloan hiztegi aurauturik ez egotea izan zen, ez gaztelaniaz ez ingelesez, eta, beraz, ez genuen izan non oinarritu euskarazko ordainak zehazteko; hala ere, esan beharra dago DANOBAT enpresak 1976an argitaratutako hiztegi txikia kontuan izan genuela.

Makina eta piezen irudiak ere ikusgai

Hiztegian bertan hainbat makina eta piezaren irudiak daude ikusgai. Horien izenak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta alemanez agertzen dira: makinak eta piezak

Norentzat da erabilgarri KONDIA hiztegia?

Makina Erreminta arloan lan egiten dutenentzat da batez ere erabilgarri hiztegi hau; horrez gain, Lanbide Heziketan dihardutenentzat ere oso lagungarria da, bai irakasle eta baita ikasleentzat ere.

Etorkizunari begira

Elektronika alorrean hutsune handia nabaritzen dugu KONDIAkook, eta hiztegi bat prestatzeko beharra ikusten dugu. Dena dela, jakin badakigu tekonologiaren arlo horretan etengabe izaten direla aldaketak, eta horrek asko zailduko lukeela hiztegia osatzea.

Bestalde, mekanika alorrean ere bada zer eginik; izan ere, ingelesez eta japonieraz bakarrik idatzita dagoen "Foundations of Mechanical Accuracy"·izeneko liburua da arlo horretarako oinarri-oinarrizko liburu "santua". Horren itzulpena da KONDIAk etorkizunera begira duen beste erronka.

(JOSEBA KONDE ZUBIAURRE Kondiako zuzendari orokorra da)


Inprimatu


Erantzun

 
Zorionak
2004-12-21 / 12:41 / Edurne Alegria Aierdi - Urruńa

ZORIONAK zuen lan bikainagatik eta jaso ezazue itzultzaile honen esker ona.

(EDURNE ALEGRIA AIERDI itzultzailea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com