Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Zuberoako pastorala lehen aldiz DVDan

Ana Eskisabel - EITBko prentsa bulegoa / Kultura / 2004-09-13 / 07:01


Euskal Telebistak DVD formatuan argitaratu du "Ramuntxo" pastorala. Produktua erabat berria da, orain arte ez baita pastoralik merkaturatu, ez VHSan, ez DVDan. Grabazioak "Ramuntxo"-ren antzezpena osorik biltzen du, euskara batuan azpidatzita. Osagarri gisa, DVDak liburuxka bat dakar, testuaren bertsio bikoitzarekin: zubereraz eta batuan.



"Ramuntxo" 2003ko uztailaren 27an eta abuztuaren 2an antzeztu zuten Idauze-Mendiko herritarrek, urteetan pastoralik egin gabe egon ondoren. Testua Pier Pol Berzaitzek idatzi zuen, Pier Lotiren "Ramuntcho" eleberri ezagunean oinarrituta. Ramuntxo XIX. mendeko euskaldunen arketipo gisa sortu zuen Lotik, baina Ramuntxoren kezkak eta arazoak garai eta toki guztietako pertsonen kezkak eta arazoak dira: ama-haurren arteko harremana, adiskidantza, maitasuna, aurreiritziak, tolerantzia...

Euskal Telebistak, urtero legez, udan grabatu zuen Zuberoako pastorala, eta hurrengo Aste Santuan emititu zuen, 2004ko apirilaren 8an osorik, eta 2004ko apirilaren 9an eta 10ean zatika. Euskal Telebistak jatorrizko bertsioan ematen du beti pastorala, euskara batuan azpidatzita, eta hala jaso du "Ramuntxo"-ren DVDan.

Pastoralzaleek eta, oro har, euskaltzaleek, orain badute aukera pastorala etxera eramateko eta euren bideotekan gordetzeko. EiTBk "Hirukiak", "Euskal Herria lau haizeetara", "Asterix", "Tintin", "Planeta Urdina" eta beste VHS eta DVD asko argitaratzen ditu, euskaldunek produktu egokiak eta gustagarriak aurki ditzaten entretenigarrien eta dibulgazioaren merkatuan. Oraingo honetan, "Ramuntxo" kaleratu du, Ramuntxo Pastorala Elkartearen eskuzabaltasunari esker, eta horren izenean aritu diren Pier Pol Berzaitz sortzailearen eta Frantxoa Dascon Idauze-Mendiko auzapezaren kolaborazioari esker.

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1094462507