|
Jose Luis Lizundia euskaltzain osoak sarrera-hitzaldia egin du gaur (2004-07-23) Abadiñon. Euskaltzaindiko sarrera ekitaldian Euskal Kulturgintza 60ko hamarkadan gaia jorratu du.
Jakina denez, Jose Mari Satrustegi zenaren lekua beteko du Lizundiak. Gaur Abadiñoko Salbadore batzar-etxean egindako ekitaldian, Jean Haritschelhar euskaltzainburuak diploma eta domina -2. zenbakia duen domina, aurretik Luis Eleizalde, Karmelo Etxegarai, Bonifazio Etxegarai, Nicolas Ormaetxea “Orixe” eta Jose Mari Satrustegi euskaltzainek izan zutena- eman dizkio.
Goizean osoko bilkura
Goiz partean uztailaren osoko bilkura egin dute euskaltzainek, Abadiñoko Udaletxean. Gero, arratsaldeko 17:30ak aldera, autobusez egin dute Salbadore batzar-etxerako bidea. Bertan, Javier Uriarte herriko alkatea eta hainbat agintari, euskaltzainak noiz helduko zain egon dira. Autobusetik jaitsitakoan, dantzarien artean igaro dira Akademiako kideak, batzar-etxe aurrean bildutako lagun guztien txalo zaparradaren artean. Ondoren, barrura sartu dira guztiak, ekitaldi akademikoan parte hartzeko prest.
Euskal gizartearen ordezkari ugari
Euskal kulturako eta gizarte aurpegi ezagunak ikusi ahal izan dira Salbadore batzar-etxean. Besteak beste, bertan izan dira Jose Luis Bilbao eta Joxe Joan Gonzalez Txabarri, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatu nagusiak; Gotzon Lobera, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia; Nerea Mujika Gerediagako lehendakaria, Balendin Lasuen, Anton Mari Aldekoa-Otalora eta Jon Irazabal, Gerediagako kideak; Abel Muniategi, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Biodibertsitate sailburuordea; Jose Mari Iriondo kazetaria; Jose Mari Arregi eta Jon Lopategi bertsolariak; Maria Angeles Larrauri, Durangaldeko Merinaldeko presidentea; Garaiko alkatea (Jose Loizate), Izurtzakoa (Iker Ajuria), Mañariakoa (Javier Arteaga), Elorriokoa (Agustin Asua), Atxondokoa (Jose Antonio Igarza), Otxandiokoa (Aritz Otxandiano); Jose Jabier Abasolo, “Tiliño”; Abañolako ordezkaria; Maria Jose Balier, Durangoko alkateordea; Maria Asun Ardanza, Ermuako zinegotzia; EiTbko Odile Krutzeta eta Bigen Zubiria, Angel Rodrigo, Ppkoa, Fernando Castillo, PSOEkoa.
Sarrera-ekitaldiaren egitaraua betez, Nekane Alonso Batzar Nagusietako Mahaiko lehen idazkariak eta Javier Uriarte alkatearen hitzak entzun dituzte euskaltzainek.
Ondoren, Andres Iñigo eta Jose Antonio Arana Martija euskaltzainek lagunduta, batzar aretora sartu da Jose Luis Lizundia hitzaldia emateko. Besteak beste, Jose Mari Satrustegi eta Andolin Eguzkitza izan ditu gogoan euskaltzain berriak, Euskal kulturgintza 60ko hamarkadan izeneko hitzaldian. Nafar euskaltzainak euskararen alde eginiko lana goraipatu du Lizundiak –“Nafarroan instituzio bat, euskararentzat ikerlerik onenetarikoa, Euskaltzaindiarentzat zutabe historikoa”-, baita Andolin Eguzkitza izan zenaren izaera eta lana ere: “Nire aitaponteko-erantzule hautatu nuena, Andolin Eguzkitza ere oroitzea nahiko nuke. Galera izugarria euskararentzat eta gure Akademiarentzat; baita lagun eta adiskideontzat ere”.
Hamairu ataleko berbaldia
Euskal kulturgintza 60ko hamarkada gaia jorratu du Jose Luis Lizundiak eta horretarako, hamahiru atal bereiztu ditu bere berbaldian. Hasteko, gerra osteko Euskaltzaindiaren lehen biltzarra -1961ean, Donostian- ekarri du gogora: ´´Bateo data hau hartzen dut hasiera erreferentziatzat gaurko hitzaldirako. Amaierakoa, 1970 urteko iraila, Zuberoako hiriburuan A. Luis Villasante euskaltzainburuaren kargu hartzearena. Garai berri bat hasten zuen hizkuntzaren Akademiak eta euskarak berak ere bai´´.
Euskaltzaindiak Arantzazun -1963an- eta Loiolan -1966an- egindako biltzarrak aipatu ondoren, euskal kantagintza berriaz mintzatu da euskaltzaina, ´´Ez dok Amairu´´ taldeari arreta berezia eskaini diolarik. Bere hitzetan, hauxe da ´´euskal kantagintza berria nagusiki definitzen duena´´.
Euskal artisten taldeak ere gogora ekarri ditu Lizundiak: Emen, Bizkaian; Gaur, Gipuzkoan; Orain, Araban; eta Danok, Nafarroan. “Ama Lur” filmeaz ere aritu da, bai eta Gerediaga, Durango Merinaldeko Adiskideen Elkartearen sorreraz, Euskal Liburu eta Disko Azokaz, Antzerkia eta folkloregintzaz, Euskarazko klaseak eta Alfabetatze Kanpainaren sorreraz, Ikastolen hasieraz, Euskara Batuaz, eta 60ko hamarkadaren euskal prentsaz ere.
Amaitzeko, ondorio gisa, bost alderdi nagusi azpimarratu ditu Lizundiak:
- Posibletasuna: “diktadura zaharkitu eta usteldu batek, diktadore aguretu bat aurrean zuelarik, ezinbestean, zirrikitu batzuk ireki zituen”.
- Hiritartasuna: “gerra aurreko kulturgintza baserri gizarte bukoliko euskaldun baten oinarritzen zen gehienbat. Oraingoa, ikastola nahiz alfabetatze, literatura nahiz hizkuntzalaritza, folklore nahiz kantagintza berri, prentsa nahiz elkarte mundua, hiriburuetatik edo hiri ertainetatik gauzatzen da”.
- Zeharkitasuna: “60. hamarkadan atzeman dut uste izan den baino “transbersalitate” handiagoa. Kulturgizon/andre eta euskaltzale orok bakoitza bere “kaletik” soilik zirkulatu beharrean, maiz igarotzen ziren “Euskal Zeharkaletik”.
- Batasuna: “bai kulturgintzan, orohar eta, bereziki, euskalgintzan ideia guztien gainetik bazegoen batasun handia, frente bat”.
- Naziotasuna: “Kulturgintzak, hamarkada honetan gure naziotasunaren oinarri modernoak jarri zituela uste dut, aipatu alorretan nahiz bestetan”.
Azkenik, entzule guztiei deia bota die: “Hasi 60ko hamarkadan, lehendabizi eta 70koan segi, gure kulturgintza eta, bereziki, euskalgintzaren barne-historia orokorra egitea, “zeharkitasun” baldintza ezinbestekoarekin”.
Durangaldeko euskaltzain bakarra da Jose Luis Lizundia. Gaur egun, Euskaltzaindiko diruzaina da.
Jean-Louis Davanten erantzuna
Jose Luis Lizundia euskaltzain izendatzeko ekitaldian emandako hitzaldian -berari egokitu baitzaio erantzuna ematea- “Euskal Herriko bi hegalez” mintzo da Jean-Louis Davant euskaltzaina: “Oso despare daude Euskal Herriko bi hegalak. Iparrari begira zinez ezkerra, ezkertia, ezkerreta da gure lurra edo herria, halaber gure hizkuntza. Eskuinetik Zuberoako lurralde historiko txikia, “Zuberoa Herria” Athanase de Belapeire apez idazlearen hitzetan; bestetik Bizkaiko jaurreri erraldoia, gure metropoli nagusiarekin; Erkidego autonomoko jendetzaren erdia, Euskal Herri osoko biztanleetan bostetarik bi...”.
Euskara batuaren eta euskalkien arteko lotura ere hizpide izan du Davantek: “Bi hegalen arteko kidetasun horrek ez du baztertzen, jakina, erdigunearen garrantzia; zubi bezala ere hor dago, beharrik. Bidasoan topo egiten baitute gaurko Euskal Herriak dituen hiru eskualdeek, hizkuntzan ere hor dago batasunerako bilgunea, Koldo Mitxelenak erakutsi zigun bidetik: hortik datorkigu gaurko euskara idatziaren hamarretarik zortzia bederen. Baina beharrezkoa zaio inguruko euskalkien ekarpen osatzaile, kualitatibo eta katalizatzailea”.
“Beraz -aurrera egin du euskaltzainak- euskal hizkuntza bakarra dugu, eta hori dela eta, euskara batua ere badugu, bizkaitarrei esker parte handi batean. Baimen eta oniritziaz besterik ekarri digute: beren laguntza osoa, elkarlan handi batean. Gainera, ene ustetan behintzat, bizkaitar idazle batzuk dira euskara batutik hurbilen dabiltzanak lapurterari aski leku emanez. Horretan aitzindaria zuten, eta genuen aita Villasante, Arantzazuko fraidea naski, baina gernikarra, euskara batuaren eraikuntzan gure gidaria hamazortzi urtez”.
Jose Luis Lizundiaren izaeraz eta lanaz mintzatu da Davant euskaltzaina, bai eta Lizundiak berak jorratu duen gaiarekin bat egin ere: “Bai, zinez emankorra izan zen, Iparraldean ere, hirurogeiko hamarkada hori. Orduan esnatzen eta mugitzen hasi zen gaur hain gaztea ez den gure belaunaldi hau, harremanak lotuz euskalgintzan mugaren alde honetakoekin: mendebaldekoekin jakina, baina hegoaldekoekin ere, hots Nafarroa garaiko euskalzaleekin”.
Lizundiak, Euskaltzaindian bete duen zeregina goraipatu du Jean-Louis Davantek: “Oroimena ez da iraganari begira egoteko betaurrekoa, baina geroa haz dezakeen iturria. Oso baliagarria zaigu Lizundiaren esperientzia, eskarmentu sakon eta luzea. Barrenetik bizi izan du Euskaltzaindiaren ibilera, hogeita hamalau urtez. Bukatzen ari zaigu historiako epe bat, garai emankorra, Villasanterekin lehenik, Haritschelharrekin gero. Euskara batuaren oinarriak ediren eta finkatu ditu lehenak, xinaurri lanez, aitasunez, kemen apalez eta diplomazia zuhurrez. Erakundeari behar zuen ospea eman dio bigarrenak, plazaratuz, plazagizon sutsu eta noble baten eginbidea betez ederki. Biek ekin dute jakina euskaltzainon laguntzarekin, eta bereziki Lizundiaren gain bermatuz”.
Amaitzeko, Akademiaren etorkizunaz hitz egin du Davantek eta erreforma egiteko beharra aipatu ere: “Erreforma sakonen beharra ikusten dut, eta ez naiz bakarra. Horiez gogoeta sakonak egingo ditugu nik uste euskaltzain guztiok elkarrekin. Hor gako eta giltza baliosa izanen zaigu, Lizundia, zure oroimena, ikuspegi seguruekin”.
Davanten mintzaldia amaitu denerako, Jean Haritschelhar euskaltzainburuak hartu du hitza, euskaltzain berria zoriontzeko. Bere poza agertzeaz gain, Haritschelharrek Lizundiak urte askotan zehar egindako lana -35 urtez aritu izan da Akademian, idazkariorde bezala hasieran, kudetzaile gisa azken urteotan- eskertu du.
Gero, Abadiñoko Udalaren izenean, Javier Uriarte alkateak Muntsaratz dorretxearen irudiaren erreprodukzioa oparitu dio Jose Luis Lizundiari. Bestalde, Gerediagako elkartearen izenean, Balendin Lasuenek, Vicente Larrea eskultorearen neurri txikiko obra bat eskaini dio Lizundiari.
|