 |
INEM erakundearen lan-kontratuak euskaraz |
 |
2004-06-30 / 07:05 / Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (HPS) |
ENPRESA |
|
Espainiako INEM erakundearen lan-kontratuak euskara hutsean erabil daitezke. Kontratuen euskarazko eredu ofizial guzti-guztiak erabili.com-en eskura ditzakezu.
Orain arte elebietan nagusiki
Orain arte elebietan nagusiki
Orain arte INEM erakundearen lan-kontratu gehienak gaztelaniaz edo elebietan bakarrik erabil zitezkeen (nahiz eta batzuk euskara hutsean ere bazeuden), orain, berriz, den-denak euskara hutsean erabiltzeko aukera dago.
INEM erakundeak, Gipuzkoan duen Lurralde Zuzendaritzaren bitartez, bideratu ditu lan-kontratuen euskarazko itzulpenak. Oraintsu arte, euskarara itzulitako lan-kontratu ugari elebietan bakarrik erabil zitezkeen. Horretaz jabetuta, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) bere burua eskaini zion INEM erakundeari euskarazko eredu elebakarrak egiteko eta INEMeko Gipuzkoako Lurralde Zuzendaritzak eskaintza onartu zion. Beraz, lan-kontratuen euskara hutsezko ereduak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) prestatu ditu INEM erakundearen oniritziarekin.
Lege balioa
Lan-kontratuen euskarazko ereduek gaztelaniazkoek duten lege-balio berbera dute.
Lan-kontratuen euskarazko eredu hauek euskararen erabilpena arautzen duen 1982ko Legeak herritarrak nahi duen hizkuntza aukeratzeaz dioenarekin bat datoz.
Lortzen zailak
INEM erakundeak amaraunean duen www.inem.es helbidean gaztelaniazko lan-kontratuak bakar-bakarrik eskura daitezke. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (HPS) hutsune horretaz jabetuta lan-kontratuen euskarazko ereduak webgune jakin batean era iraunkorrean eta eskuragarri jartzeko lanean ari da. HPSk euskara hutseko lan-kontratu ereduen banaketa gaztelaniazko agiriek dutenaren parekoa izatea nahi du.
Euskarazko ereduak etengabe berritu
Aldian-aldian, legeetan egindako aldeketen arabera, aldatu egiten dira lan-kontratuen testuak: HPSk bide finko bat ezarri nahi du euskarazko bertsioak ere garaiz eguneratu eta zabaltzeko.
Erabiltzeko erraztasunak
Gaztelaniazko lan-kontratuak ordenagailuz bete daitezke; Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazkoak ere ordenagailuz betetzeko prestatu ditu.
Ezaugarri teknikoak
- Azpian duzun taularen ezkerreko zutabean agertzen diren kodeak Espainiako Gizarte Segurantzaren Gordailuzaintzak erabiltzen dituen berberak dira.
- Euskarazko kontratu ereduak PDF formatuan daude. Beraz, irakurri edo inprimatzeko Adobe Acrobat Reader behar duzu.
- Lan-kontratuen euskarazko ereduak banan-banan eskuratu beharrean denak batera eskuratu nahi badituzu sakatu HEMEN
|
Erantzun |
| |
 |
| Euskarazko lan-kontratu ereduak erabili.com webgunean |
 |
2004-06-30 / 07:06 / Azpeitiko Euskara Patronatua |
|
Azpeitiko Euskara Patronatuak Espainiako INEM erakundearen euskarazko lan-kontratu ofizialak erabili.com webgunearen Lantresnak atalean jarri ditu erabili nahi dituen orok esku-eskura izan ditzan.
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailordetzarekin elkarlanean eredu horiek etengabe berritu eta eguneratuko ditugu edozein aldaketa gertatzen denean.
(PATXI SAEZ BELOKI Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendaria da)
|
| |
 |
| Gipuzkoaeuskara.net webgunean ere bai |
 |
2004-06-30 / 08:35 / Gotzon Egia |
|
INEMen lan-kontratu ereduok joan den maiatzaren 31z geroztik daude eskura Gipuzkoaeuskara.net webgunean:
http://www.gipuzkoaeuskara.net/baliabideak/lankontratu
(GOTZON EGIA GOIENETXEA Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskararen Normalkuntzarako Zuzendaritza Nagusiko Hizkuntza Normalkuntzarako Ataleko arduraduna da)
|
| |
 |
| Ezin da idatzi dokumentuetan |
 |
2004-06-30 / 17:18 / Urtzi Axpe Uribetxebarria |
|
Lehenik eta behin zorionak eta eskerrak eman nahi dizkizuet laneko kontratuak euskaraz egiteko jarri duzuen aukeragatik. Zalantzarik gabe, lan munduan euskararen normalizaziorako bidean beste urrats garrantzitsu bat da. Hala ere, zuek emandako aukera berehala aprobetxatu nahi izan dugu gure enpresan eta sorpresa handia hartu dugu dokumentuetan (kontratuetan) idatzi ezin dugula ikusi dugunean. Dokumentua kopiatu eta itsasten saiatu gara baina "Acrobat-etik" "Word-era" pasatzean dokumentuaren formatua erabat aldatzen dela ikusi dugu. Enpresako informatikariarekin ere izan naiz eta "pdf" formatudun dokumentuak modifikatzeko beste "Writer" bat behar dudala esan dit, nahi izanez gero instalatuko didala baina bere erabilera ez dela batere praktikoa komentatu dit.
Mesedez, argitu kontu hauek eta aukera badago azaldu denoi (zuen web orrialdean) nola moldatu edo erabili dokumentuak.
Aurrez eskerrak emanaz,
(URTZI AXPE URIBETXEBARRIA
Fagor Arrasate Koop. E.-ko Euskara Teknikaria)
|
| |
 |
| Ordenagailuz idatzi ahal izatea hurrengo urratsa |
 |
2004-07-01 / 10:52 / Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza |
|
Lehenengo eta behin, poztu egiten gaitu lan-kontratuen euskarazko bertsioen erabilgarritasuna aitortzeak eta horregatik zure eskerrak plazaratzeak.
Egia da, gure artikuluan bertan ohartarazi dugun bezala, ezin dela idatzi ordenagailu bidez euskarazko kontratu-ereduetan, eta hain zuzen ere, HPSren hurrengo asmoa horixe dela, alegia, ereduok ordenagailu bidez bete ahal izateko prestatzea. Prest dituenean horren berri emango du HPSk . Beraz, une honetan dagoen aukera bakarra, behin dokumentuak inprimatuta, hauxe da: eskuz edo idazmakinaz betetzea.
Bestalde, euskarazko kontratu ereduak PDF formatuan daudenez, irakurri eta inprimatzeko Adobe Acrobat Reader behar duzu. Izan ere, INEMek formatu horretan eginda ditu eta guk formatu bera errespetatuz eta haren baimenez hainbat euskarazko kontratu-eredu ahalbidetu ditugu.
Argitu egin dizugulakoan, agur
|
| |
 |
| INEM erakundearen lan kontratuak euskaraz eta gaztelaniaz non? |
 |
2004-07-09 / 09:21 / Ibon Usarralde Lasarte |
|
Egun on:
LKS, Koop. E.n, lan kontratuak euskaraz eta gaztelaniaz nahi eta behar ditugu. Horiek non eskuratu ditzakegun ba al dakizue?
Mila esker eta ongi izan,
(IBON USARRALDE LASARTE, LKS Koop. E.ko euskara teknikaria)
|
| |
 |
| Lan-kontratuak ele bietan |
 |
2004-09-30 / 11:06 / Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza |
|
Zure eskaria bideratzeko helbide honetara bidali, mesedez, mezu bat: enpresak@ej-gv.es Jasotzen dugun bezain pronto bidaliko ditugu lan-kontratuak ele bietan, INEMek berak prestatuak eta guri igorritakoak.
Azkenik, barkatu hainbat gorabehera direla-eta izandako atzerapena. Ongi izan.
|
|
Erantzun |