|
Itsasoarekin lotutako herria gara, baina, orain arte, ez dugu itsasgintza arloko hiztegirik izan. Orain bai, ordea. Pasaiako Portuko Agintaritzak egin berri du eta erabili.com-en duzu eskuragarri.
2004ko martxoan Pasaiako portuaren hiztegia kaleratu zen. Ez da ezerezetik sortua: Euskara Planaren baitan, langileen lanaren emaitza da, Elhuyar Aholkularitzak lagunduta. Hurrengo lerroetan hiztegi horren nondik norakoak laburbilduko ditugu, esperientzia norbaitentzat baliagarria izan litekeelakoan.
Pasaiako portua
Gipuzkoako portu nagusia da, bai tamainarengatik, baita jarduerarengatik eta trafikoarengatik ere. Portu naturala da, badiaren ertzetan zabaltzen dena. Moilak, guztira, 5.200 luze dira; azalera, berriz, lehorrekoa 600.000 m2 ingurukoa eta uretakoa 340.000 m2 ingurukoa. Itsasontziek produktu-mota asko lehorreratzen edo ontziratzen dituzte: autoak, ikatza, burdin barrak, egurra, txatarra, zereala...
Lau udalerri ditu inguruan: Pasaia, Donostia, Errenteria eta Lezo. Zalantzarik gabe, portua da eskualdeko ekonomiaren oinarri nagusietako bat eta inguruan hainbat enpresa hazi dira, zuzenean edo zeharka portuan edo portuarekin lanean: arrantzarekin zerikusia daukatenak, garraiolariak, kontsignatarioak eta abar.
Portuaren ardura eta gestioa Pasaiako Portuko Agintaritzari dagokio. Erakunde hau Estatuko Sustapen Ministerioaren menpe dago, baina eskumen batzuk Eusko Jaurlaritzarenak dira (adibidez, portuko lehendakaria izendatzea).
Pasaiako Portuko Agintaritzan 200 langile inguru ari dira lanean. Zerbitzu-enpresa izanik, batez ere bulegoko lanbideak dira nagusi (idazkariak, administrariak, kontulariak...), baina bestelakoak ere badaude, batzuk portuko jarduerekin zerikusi zuzena daukatenak (itsasontziko mekanikari nagusia, barne-zirkulazioko patroia, kaizain edo zaintzaileak...) eta beste batzuk arruntagoak (delineatzaileak, argiketariak, garbitzaileak eta abar).
Pasaiako portua eta euskara
Dagoen inguruan egonik, ez da harritzekoa euskarak ere lekua nahi izatea portuan. Saiakera bat baino gehiago egin izan dira azken urteotan, euskarak merezi duen tokia izan dezan, baina apusturik sendoena 2000. urtean egin zuen Portuko Agintaritzak. Urte hartan, PPAk hiru urteko Euskara Planari ekin zion, Elhuyar Aholkularitzak lagunduta. Euskara Planaren bidez, euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko helburu zehatz batzuk ezarri ziren, baita horiek lortzeko egiturak ere: Euskara Batzordea, hobetze-talde edo lan-taldeak (4), euskalduntze-taldeak (3, behe urratsetakoak), Euskara Planaren koordinatzailea...
Hiztegia nahi
Euskara-planetan beti saiatzen gara langileei baliabideak edo tresnak ematen, lana euskaraz errazago eta erosoago egin dezaten, eta bereziki ahalegintzen gara baliabide edo tresna horiek enpresan bertan txertatzen, lehendik dauden bitartekoez baliatuta. Horrela, azkenaldian bereziki garrantzitsua da intraneta edo barne-sarea eta hainbat material erabilgarri jartzen dugu bertan: hiztegi arruntak eta berezituak, Xuxen zuzentzailea jaisteko lotura, zalantzak argitzeko materialak (adibidez, IVAPen Zalantza-dantza ), softwarea (adibidez, duela gutxi kaleratu dugun Enpresan Euskaraz)... Horrez gain, enpresa bakoitzean hiztegi berezitua osatuz joaten gara, enpresa horri dagozkion hitzekin, hori baita, hain zuzen ere, langileen eskaera edota nahi nagusietako bat: egunero erabiltzen dituzten hitz arruntenak edo beraiek baino erabiltzen ez dituztenak hiztegi batean biltzea eta hitz horiek, pixkanaka, euskaraz erabiltzen hasteko trebatzea.
Enpresako hiztegia osatzeko zenbait bide izaten ditugu aukeran. Azkarrena eta errazena da enpresako dokumentazioa hartzea eta hustea, hitzak zerrenda batean biltzea eta euskarazko ordainak jartzea. Gure metodologiaren ezaugarrietako bat, ordea, parte hartzea da, langileak planetan eta lanetan inplikatzea, elkarrekin lan egitea eta elkarrekin/elkarrengandik ikastea. Horregatik, Pasaian ere parte-hartzea sustatu nahi genuenez, hobetze-talde batek, "Euskaraorain" izenekoak, hartu zuen hiztegia osatzeko ardura. Talde horretan eskulangileak biltzen dira (bat pintorea da, beste bat igeltseroa, beste bi lorezainak, beste bat mantentze-lanetakoa...) eta, beraz, beraientzat ere esperientzia berria izan da hiztegigintza.
 | | Argazkian Euskaraorain taldeko kideak |
Hiztegia bai, baina nolakoa?
Lehenik eta behin, taldeak saiakera berezia egin zuen portuko hitz guztiak biltzeko eta datu-base batean sartzeko. Horretarako, sare berezia antolatu zuen, portu osoa eta lanbide guztiak hartzen zituena, arduradun eta guzti, aldian behin hitzak jasotzeko. Baina eginkizun handia eta konplikatua zen, nonbait, kate-maila asko eta astunak zituena, eta taldeak erabaki zuen horretan indarrak alferrik xahutu eta erre baino, hobe zuela helburu apalagoak eta lorgarriagoak jartzea.
Horrela, hainbat bileratan, taldeak erabaki zuen hiztegi “txikiagoa” egitea eta horren ezaugarriak definitu zituen:
- PPAko langileentzako hiztegia izan behar zuen, bertako langileek erabiltzekoa.
- Bi hizkuntza izan behar zituen: euskara-gaztelania/castellano-vasco.
- 500 hitz ingurukoa. Ez handiegia, ez txikiegia. Muga ezarri beharra zegoen: guztiontzat erabilgarria, baina aldi berean bakoitzak bere jardunean erabiltzen dituen hitz bereziak jasotzen zituena.
- Paperean, liburu-formatuan: mahaiaren gainean jartzeko eta zabalik edukitzeko (horregatik da, adibidez, uztaiduna), baita laneko poltsan eraman ahal izateko ere. Baina ez genituen baztertzen beste euskarriak (CDa, intraneta...).
- Erakargarria izan behar zuen, polita: koloretan, diseinu bereziarekin...
- Erabilerraza izan behar zuen. Nola antolatu? Hitz guztiak jarraian, alfabetoaren arabera? Gaika edo atalka?
- Ezin zuen izan prozesu itxia, hiztegia argitaratzearekin amaitzen zena: hurrengo bertsio hobetua osatzeko bideak jarri eta ziurtatu.
- Lankideak inplikatu beharra zegoen, bai hitzak jasotzeko, baita iritziak emateko ere.
Hainbat bileraren ondoren, edukiak jaso ahala, taldea konturatu zen egokiagoa zela informazioa atalka eratzea, orokorretik zehatzera antolatuta, portu osotik lanpostu zehatzetako hitzetara, eta arlo hauek bereizi zituen: portuaren mapa, itsasoa eta haizea, PPAren antolaera edo egituraketa, eraikin nagusiak, ibilgailuak, lan-kontuei zegozkienak, bulegoko gauzak, eskulangileen erremintak eta itsas espezieak.
Atal horietako bakoitzean, antzeko lan-metodologia erabili zuen taldeak: dokumentu edo agiri bat(zuk) hartu, lehenengo zerrenda osatu eta horren gainean lan egin, bai taldean, bai lankideekin (hitzak gehitu, kendu, aldatu...). Konparazio batera, “Bulegoko materiala” atala osatzeko, IVAPen bulegoko gauzak artikulua hartuta, bulegoetako lankideei eman eta esan genien erabiltzen ez zituztenak ezabatzeko eta falta zirenak eransteko. Guztien oharrak kontuan hartu eta “Bulegoko materiala” zerrenda irten zitzaigun.
Horrela, pixkanaka-pixkanaka, atalak gorpuzten ari ziren. Baina taldekide guztiak ez zeuden konforme... Norbaitek esan zuen gureak ezin zuela izan hiztegi arrunta, berezia izan behar zuela; hau da, hitzez gain beste zerbait ere eskaini behar zuela. Eta hitz egin eta hitz egin, beste bi lan-ildo sortu ziren: bata, itsasoarekin edo Pasaiarekin zerikusia zeukaten abestiena; bestea, itsasoarekin zerikusia zeukaten atsotitzak edo esaera zaharrena. Bi atal horiek lantzeko materiala aurkitu genuen, Interneten: abestien zerrendak Euskal kantutegia eta Letras de canciones en euskera izenekoak; esaera zaharrak jasotzeko, berriz, Gotzon Garateren Atsotitzak lan bikaina.
Oztopoak eta zailtasunak
Materiala pilatuz zihoan neurrian, bestelako arazoak azaldu ziren, eta taldeak erabakiak hartu behar izan zituen.
- Hiztegiaren tamaina: hasieran 500 hitzekoa izan behar zuena loditzen ari zen. Ondo neurtu beharra zegoen zer sartu eta zer ez, betiere irizpideak argi izanik: langile guztientzat baliagarria izan behar zuen eta hitzik erabilienak/arruntenak jaso behar zituen. Azkenean, galbahea pasatu eta pasatu, 1.000 hitz inguru geratu ziren.
- Hiztegia kaleratzearen kostua: zerbait polita, erakargarria, erabilgarria atera nahi genuen, baina hori ez da merkea. PPAko Zuzendaritzari zirriborroa erakutsi eta oniritzia eman zion, baita kostuan eragiten zuten xehetasunak argitu ere: nori banatu, zenbat ale, diseinua...
- Euskarazko hitzak mugatuta? Hiztegi arruntetan, hitzak deklinabide-kasurik gabe ageri dira, amaierako –a-rik gabe, alegia: portu, biltegi, bizkar, itsasontzi... Horrek, ordea, batzuetan zailtasunak eragiten ditu, batik bat euskaraz ondo ez dakitenei edo ikasten ari direnei. Hiztegiko hitzak behar bezala ez erabiltzeagatik askotan ikusi ditugu hutsegiteak errotulazioan (2. biltegi, 1. solairu, zuzendari...), inprimakietan (izen, helbide...)... Taldeak garbi zeukan ahalik eta erraztasun handienak eman behar zizkiela erabiltzaileei. Horregatik, azkenean, erdiko bidea hartu zen: batzuetan mugatuan jarri eta beste batzuetan mugagabean, betiere, ordea, behar bezala adierazita.
- Euskara batua vs. euskalkia eta erabilera: hiztegia egiteko orduan euskalkia eta erabilera oso kontuan izan ditugu, baina, hala ere, euskara batuan oinarritu gara. Ez da erraza izan muga ezartzea, baina saiatu gara: itsasargi-ari Pasaian farola esaten diote; itsasontzi-ari askok eta askok barkua; portua esan beharrean askok puertoa erabiltzen dute; kaia zaintzen dutenei batzuek guarda esaten diete, kaizaina esan beharrean...
- Zer egin sinonimoekin? Nola jokatu gauza berbera adierazteko hitz bat baino gehiago geneuzkanean? Sinonimo guztiak ere eman? Nola, ordea? Baten bat (adibidez, gehien erabiltzen zena edo ezagunena) lehenetsita? Azkenean sinonimo guztiak maila berean jarri ditugu, eta bakoitzari aparteko sarrera eman ere bai.
- Hiztegi arruntetan azaltzen ez diren hitzak: hitz asko eta asko hiztegi arruntetan aurkitu genituen, nahikoa ezagunak zirelako, baina beste batzuk ez. Horien aurrean, ahal genuen neurrian, ordaina ematen saiatu ginen. Denborak erakutsiko digu asmatu dugun edo ez. Hitz horiek hainbat alorretakoak ziren, besteak beste, ofizioak (amarrador
amarratzaile, basculero baskulari), itsasontzi-motak (tanque tanga-ontzi), agiriak (conocimiento de embarque ontziratze-agiri) eta bestelakoak (garantía ad persona ad persona berme, empresa estibadora zamaketa-enpresa...).
Hiztegia badaukagu. Eta orain?
Azkenean, oztopoak oztopo, zailtasun guztiak gainditu eta martxoan kaleratu zen hiztegia. Lehenik eta behin, Pasaiako Portuko Agintaritzako (PPA) langile guztiek jaso zuten, horiek baitira, batez ere, erabili beharko dutenak. Gerora, PPAren bezeroei ere iritsi zaie. Halaber, edonoren eskura egon dadin, PPAk bere webgunean ere jarri du.
Poza ematen du hainbesteko lanaren emaitza kalean ikusteak eta hainbesteko estimua izateak. Oso aberasgarria izan da, guztiok asko ikasi dugulako, lanean jarraitzeko indarra eta animoa eman digulako, baina ezin gara lokartu, ez baitugu lana bukatu. Izan ere, pentsatu beharra daukagu gauza politak ere, erabili ezean, alferrikakoak direla; alegia, dabilen harriari ez zaiola goroldiorik egiten eta hiztegi hau ezin dela, egonaren egonaz, herdoildu.
Horregatik, aurrera begira, badago non lan egin.
- Hutsegiteak zuzendu. Zenbat eta zenbat buelta eman ote dizkiegu hitzei, maketatu aurretik eta ondoren, zuzendu eta zuzendu, baina beti azaltzen dira hutsegiteak. Halaber, argitaratuz geroztik ere hainbat iradokizun jaso ditugu. Horiek guztiak ondo apuntatu eta kontuan hartu beharko ditugu, hurrengo argitalpenerako.
- Elikatu. Eguneroko lanean euskaraz, beti sortzen dira hitz eta premia berriak eta komeni da hiztegia elikatzeko bideak ezartzea. Horiei dagokienez, hiztegiaren erdialdean orri zuri batzuk daude, langileek oharrak jasotzeko, eta, nahi izanez gero, taldeari helarazteko. Halaber, enpresatik kanpokoentzat, bi bide daude oharrak edo iradokizunak bidaltzeko: posta arrunta (Hiztegia, Pasaiako Portuko Agintaritza, 56. posta-kutxa, 20110 Pasaia) eta posta elektronikoa. Taldeak bihotzez eskertuko ditu hiztegia hobetzeko, zuzentzeko eta aberasteko balio lezaketen ekarpen guztiak.
- Hiztegiaren beste bertsio bat egitea badago, hitz guztiak ordena alfabetikoan antolatuta. Bertsio soilduagoa izan liteke, marrazkirik eta apaingarririk gabea, beste formatu batean, eta sarean jarri, ordenagailua daukaten guztien eskura.
- Hiztegia erabiltzera bultzatu langileak, batez ere euskara ikasten ari direnak. Langileen motibazioan eragin: kartelak jarri hormetan, hitzak ikasteko lehiaketak antolatu, konpromiso batzuk hartu... Ahalegin horretan, euskaldun zaharrak ere ezin dira alboan geratu: lehen “2. pisuko ofizina” zena hemendik aurrera, pixkanaka, “2. solairuko bulegoa” izan dadila; lehen “almazena” zenak hemendik aurrera “biltegia” izan behar du; lehen “komitea” zenak hemendik aurrera “batzordea”...
- Beste atal batzuk lantzen hasi. Portuko jarduera oso anitza da eta hiztegi honetan gutxi batzuk baino ez daude. Bazterrean geratu dira, besteak beste, korapiloak, itsasoarekin zerikusia duten lokuzioak, itsasontzien zati nagusiak irudien bidez azaltzea, arrantzarako teknikak eta aparailuak...
Beraz, badago zer egina, hobetze-taldekoek sarreran dioten moduan, “Puerto de Pasajes” benetan “Pasaiako portua” bihurtu bitartean. Ahalegin horretan lagunduko ahal du Pasaiako portuaren hiztegi honek!
(IMANOL AZKUE IBARBIA Ehuyar Aholkularitzako kide da eta Pasaiako Portuko Agintaritzaren Euskara Planaren teknikari)
- Pasaia Portuko hiztegia eskuratu nahi baduzu, sakatu HEMEN.
|