|
Japonian gaudela, Australian gaudela edota munduko beste edozein bazterretan gaudela, bertakoei euskaraz egin eta elkar ulertzeko aukera dago Patrikako Itzultzailearekin.
Gipuzkoako Aretxabaletako Diego Ramírezek asmatutako Patrikako Itzultzailearekin, munduko edozein herrialdetan, gauden tokian gaudela, bertakoei euskaraz hitz egin eta elkar ulertzeko egokiera izango dugu hemendik aurrera.
Asmakizuna
Musika entzuteko belarri zuloetan entzungailu borobil txiki horiek jartzen diren bezalaxe, Patrikako Itzultzaileak ere bi mikrofonodun entzungailu ditu: bata guk geuk jazteko eta bestea gure aurrez aurreko solaskideak belarrian jartzeko.
Entzungailu horiek, hari baten bidez, geure patrikako telefonoari lotu ondoren, Aretxabaletako Dualia enpresara hots egin behar da eta, bertatik, hezur-haragizko itzultzaile batek guk euskaraz esaten duguna itzuliko dio gure solaskideari belarriko entzungailuaren bitartez eta, guri ere, solaskideak esandakoa euskaraz itzuliko digu itzultzaileak Aretxabaletatik.
Beraz, belarrietan jartzen diren mikrofonodun entzungailu horiek bi lan egiten dituzte: batetik, munduko herrialde batean aurrez aurreko harremanetan gauden bi lagunon esanak jaso eta Aretxabaletara bidaltzen dituzte gure patrikako telefonotik egindako dei baten bitartez eta, bestetik, aurrez aurreko solaskidearen eta bion belarrietara, itzultzaileak eginiko itzulpena helarazten dute.
Azken batean, Patrikako Itzultzailea hiru lagun elkarrekin harremanetan jartzeko komunikazio sistema bat da: itzultzailea, gure solaskidea eta hirurok.
Berehalako zerbitzua
Dualiako bezero euskaldunek Patrikako Itzultzailearen zerbitzua bat-batean erabiltzeko aukera dute, euskarazko itzulpenak honako hizkuntza hauetatik egin behar badira: japoniera, ingelesa, alemaniera, italiera, frantsesa (Hegoaldeko euskaldunentzat) eta gaztelera (Iparraldeko euskaldunentzat). Hizkuntza hauez gain besteren baten itzulpena beharko balitz 6 ordu lehenago eskatu behar da itzulpen-zerbitzua eta Dualiak itzultzailea aurkituko dio bezeroari denbora tarte horretan.
Dualiako zerbitzuak erabiltzeko, bezeroak, aldez aurretik, erregistratuta egon behar du. Horretarako Dualiak bezeroei erregistratzeko modua eskaintzen die www.dualia.es webgunearen bitartez.
Era berean, bezeroaren lan-arloaren araberako prestakuntza teknikoa duten itzultzaileak dauzka Dualiak: bezeroak bere lanean erabiltzen duen lexikoan espezialduak dauden itzultzaile eta interpretariak. Horrela, itzultzailea bezeroaren benetako beharretara egokitzen da eta kalitatezko itzulpen zerbitzua eskaintzen zaio.
Edozeinen esku
Gaur egun Patrikako Itzultzailearen zerbitzua enpresei ematen zaie baina 2004ko irailetik aurrera, norbanakoei ere emango zaie. Izan ere, garraiolarientzat eta, bereziki, asko bidaiatzen duen jendearentzat prestatutako zerbitzua da Patrikako Itzultzailearena.
Hamar aldiz merkeago
Orain arte, modu bakarra zegoen bertako hizkuntza jakin gabe atzerrira joateko eta bertakoekin elkar ulertzeko: itzultzailea aldean eramatea.
Nagusiki enpresarien artean erabat hedatuta dagoen jokamoldea da itzultzaile batekin egun osoan toki batetik bestera ibiltzearena. Diego Ramírez Patrikako Itzultzailearen asmatzailea eta Aretxabaletako enpresa-gizona ere itzultzailea ondoan zuela ibiltzen zen munduan barrena makinen muntaiak eta konponketak egitera joaten zenean. Baina bidaia horietatik lortutako etekinen zati handi bat interpretariaren poltsikora joaten zela ere azkar asko ohartu zen.
Gainera, askotan, itzultzailea ez da Euskal Herritik eramaten, baizik eta atzerriko herrialde horretako itzultzaile bat kontratatzen da bidaia egin aurretik (halako egunetan, halako ordutan eta halako tokitan egon dadin). Baina, askotan, lan-bidaia erabat zapuztu dezaketen gorabeherak gertatzen dira: itzultzaileari ezustekoren bat sortu eta hitzordura berandu iristen dela, esate baterako, edota, egoerarik okerrenean, itzultzailea ez dela hitzordura azaldu ere egiten. Era berean, maiz aski gertatzen da enpresariaren hegaldiak atzerapena izan eta hitzordura garaiz iristeko modurik ez izatea. Horrelakoetan, nahi baino sarriago gertatzen da kontratatu den itzultzailea beranduago libre ez egotea.
Era berean, gertatzen dira bestelako ezusteak ere: behin Euskal Herriko enpresari bat Alemaniara joan zen eta egun osoa galdu zuen hitzordurako bidean poliziak geratu eta elkar ulertzeko modurik ez zutelako.
Patrikako Itzultzailearekin, aldiz, horrelako arriskurik ez dago. Itzultzailea behar denean, patrikako telefonotik deitu eta kito. Minutuko ordaintzen da eta, beraz, egun osoan itzultzailea ondoan izatea baino hamar aldiz merkeago ateratzen da.
Patrikako Itzultzailea bakarra munduan
Esan bezala, Patrikako Itzultzailearen ideia Aretxabaletako Diego Ramírez enpresariarena izan da. Gero, ideia Eibarko CEI-Berrilan Zentruan hobetu eta osatu dute. Behin ideia erabat garatuta zegoenean, patentatu egin dute eta Diego Ramirezek berak Dualia enpresa sortu du Aretxabaletan, beste lagun batzuekin batera, 2003ko urrian.
Dualia enpresak duen komunikazio-sareak IP ahotseko 60 dei har ditzake aldi berean. Gainera, itzultzaileak ez daude Dualian bertan: enpresaren komunikaziorako zentralitaren bitartez itzultzailea eta bezeroak, dauden tokian daudela, elkarrekin harremanetan jartzen dituzte Dualia enpresatik.
Azken aurrerapena
Orain Patrikako Itzultzailearen mikrofonodun entzungailuak hari baten bidez lotzen dira patrikako telefonoari baina hemendik gutxira haririk gabeko mikrofonodun entzungailuak erabiltzeko aukera izango da. Dualiakoek azken probak egin dituzte eta luze baino lehen Dualiako bezeroek erabili ahal izango dituzte haririk gabeko entzungailuak. Haririk gabeko mikrofonodun entzungailuak askoz askatasun handiagoa emango die, esate baterako, Euskal Herriko enpresetatik atzerrira makinak konpontzera joan ohi diren teknikariei; izan ere, edozein teknikarik, makina bat konpontzen ari dela, aldi berean, Patrikako Itzultzailea erabiltzeko aukera izango baitu. Hona hemen haririk gabeko azken aurrerapenaren irudia:
Bezeroak ugaltzen ari dira
Patrikako Itzultzailea dela-eta, Dualiak bere bezeroak ugaritu egin ditu oso denbora laburrean. Gaur egun, Ulma, Fagor edo Danobat industria taldeak zerbitzu honen ohiko erabiltzaile bihurtu dira. Orain gutxi, esate baterako, Eroski Bidaiak enpresa taldeko Travel-Air enpresarekin ere hasi da elkarlanean Aretxabaletako Dualia enpresa. Datorren 2004ko ekainaren 7tik aurrera Bilboko BEC Nazioarteko Azokan ere Dualia enpresaren itzulpen zerbitzuak erabiliko dituzte bi urtez behin egin ohi den Makina Erremintaren Nazioarteko Azokan.
|