|
Euskara-frantsesa / français-basque hiztegia argitaratu dute Elhuyarrek eta Elkar argitaletxeak: Dictionnaire ELHUYAR Hiztegia.
Aurrekariak
Aurrekariak
Zazpi urte iragan dira Piarres Xarritonek Xabier Kintanaren 2000 Eskola Hiztegia Iparraldeko egoerari egokitu eta Elkar-ek argitaratu zuenetik. Orduz geroztik, euskaldun-kopurua haztearekin batera, euskara ere berritzen eta gaurkotzen joan da. Bide horretan, ezin ukatuzko mugarria da Euskaltzaindiak Hiztegi Batua argitaratu izana.
Zenbait urte honetan jada, Elkar-ek hiztegi berri osoago eta gaurkotuago baten beharra ikusten zuen. Xede berria Elhuyar-ekin hitzartu eta finkatu zuen, argitaletxe hau Elhuyar euskara-gaztelania/castellano-vasco Oinarrizko Hiztegia prestatzera zihoalarik.
42.000 sarrera eta azpisarrera
Argitaratu berri dugun hiztegi honetan, 36.000 sarrera bildu ditugu, euskara-frantsesa eta frantsesa-euskara ataletan banatuak. Ohiko hitzekin batera, Iparraldeko ala Hegoaldeko izan, hor datoz ere hitz teknikoak eta berriki idazle-kazetariek eguneroko lanean erabili dituztenak. Hor daude, halaber, azpisarrera gisa, 6.000 hitz elkartu, esapide eta lokuzio. Bestalde, eranskinen sailean, Espainia eta Frantziako probintzien izenak, munduko estatuen izenak, Euskal Herriko udalen izenak eta sigla-zerrenda bat jarri ditugu, gramatika-eranskinarekin batera. Hor doaz, oraino lagungarri gisa, arau batzuk: izenen eta erakusleen deklinabidea, aditz laguntzailea, pertsona-izenordain arruntak, dataren, zenbakien eta orduen idazkera.
Etorriko dira berriak
Jakitun gara, halere, hitz-sorta honek Ipar Euskal Herriko euskaltzale askoren —bereziki itzultzaileen, irakasleen, idazleen edota euskara lan-tresna duten beste hainbaten— hizkuntz beharrak hein batean baino ez dituela betetzen. Euskara gero eta gehiago hedatzen ari den honetan, euskara eta frantsesa landuko dituen hiztegi elebidun osatuagoen beharra nabaria da. Ildo horretan, proiektu handiagoak obratuko bide dira, zenbait urteren buruko, jakinik, betiere, talde-lan zabalagoa eta sakonagoa eskatuko dutela.
Orain, zuri dagokizu, erabiltzaile horri, hiztegi honek eskaintzen dizunaz baliatzea, eta erabili arau ikusten dituzun akats edo eskasen berri jakinaraztea, hurrengo lanerako baliagarri izan daitezen.
Hitzak aukeratzeko irizpideak
Lehenik, hiztegiaren masa zehazten saiatu ginen. Hiztegiaren formatua bera hasieratik oso garbi ez bagenuen ere, bi milioi karaktere inguru izango zituen hiztegia egitea egoki iruditu zitzaigun; muga horren barruan edo muga horretatik asko urrundu gabe ibili behar genuen, beraz.
Hiztegi hau egiten hasi ginenean Elhuyar hiztegia euskara-gaztelania/castellano-vasco eta Elhuyar hiztegi txikia euskara-gaztelania/castellano-vasco eginak genituenez, Txikiko sarreretatik abiatu ginen euskarazko sarreren behin-behineko zerrenda osatzeko. Horretan ari ginela, Elhuyar euskara-gaztelania/castellano-vasco Oinarrizko Hiztegia amaitu genuen. Hau amaituta izatea euskarazko sarreren behin betiko zerrenda osatzeko laguntza handia izan zen.
Frantseseko sarreren behin-behineko zerrenda osatzeko, euskara-frantsesa atalean ordain gisa eman ziren frantsesezko hitzak hartu ziren. Aurrerago, zerrenda hori fintzen joan ginen eta, aldi berean, zeintzuk izango ziren sarrera eta zeintzuk azpisarrera zehazten.
Euskarazko eta frantseseko sarrerak hautatu ondoren, sarrera bakoitza banan-banan tratatu, eta dagokion ohar, ordain eta adibidez hornitu da.
Hona hemen, Dictionnaire ELHUYAR Hiztegian aurki daitezkeen bi sarreraren adibidea:
Erabilitako iturriak
Lan hau egiteko funtsezkoa izan da orain zazpi urte Piarres Xarritonek Elkar-en eskutik argitaratu zuen euskara-frantsesa/frantsesa-euskara hiztegia. Horrez gain, beste hainbat iturri erabili da lan hori egiteko; besteak beste, Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés, Pierre Lhande-ren Dictionnaire basque-français hiztegia, eta nola ez Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua, Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegia, Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegia, Adorez taldearen 3000 Hiztegia eta euskarri informatikoan ditugun XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa edo UZEIren Euskalterm datu-base terminologikoa. Frantsesa lantzeko garaian lagungarri izan zaizkigu, Le Petit Robert edo Le Petit Larousse hiztegiak, Larousse argitaletxearen Español-francés/Français-espagnol hiztegi elebiduna, Quebec-eko L’Office québécois de la langue française bulegoak sarean duen le grand dictionnaire terminologique (GDT), eta beste hainbat.
Esapideak eta lokuzioak
Dictionnaire Elhuyar hiztegia euskara edota frantsesa ikasten edo irakasten ari denarentzat, edota bi hizkuntza horietako bat edo biak lan-tresna dituen edonorentzat izateko pentsatua dago. Hori horrela izanik, hiztegian jasotzen diren esamoldeak edo lokuzioak ez dira berariaz Iparraldekoak soilik; Iparraldekoak edo Hegoaldekoak izan daitezke.
Jadanik aipatu dugu zein iturri erabili ditugun, baina esamoldeak lantzeko unean, bereziki, Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegia oso material baliagarria gertatu zaigu.
Hiztegiaren eranskina
Hiztegiaren eranskinak 50 orrialde inguru ditu eta ez da gramatika-eranskina soilik; gramatikari dagozkion edukiez gain, badu onomastikaren atala ere.
Gramatika-eranskinak euskal deklinabidearen eta aditz laguntzailearen taulak, euskal alfabetoaren letren izenak, zenbakien idazkera, data eta orduak nola idatzi behar diren hartzen ditu barne, besteak beste.
Onomastikaren atalak honako edukiak ditu: euskal herrialdeak, hiriburuak eta herritarren izenez osatutako zerrenda, Euskal Herriko udalen izendegia, Espainiako probintzia eta autonomia-erkidegoen izenak, Frantziako Errepublikako eskualdeen izenak, Frantziako departamenduen eta hiriburuen izenak, munduko estatuak, hiriburuak eta estatuetako eta hiriburuetako herritarren izenez osatutako zerrenda, atzerriko toponimoen jentilizioak eratzeko bideak hartzen ditu barne.
Elkarlana funtsezkoa
Hiztegi bat aurrera ateratzeak talde-lana eskatzen du eta hau ere ez da alde horretatik salbuespena izan. Taldeko batzuk aipatzearren, Iñaki Pikabea egilea, zuzentzaile-lanetan aritu den Gexan Alfaro eta alderdi informatikoa bideratzen lagun izan dugun Elhuyarko Mari Susperregi.
Hiztegia egiteko prozesua bera bezain garrantzitsua da guretzat hiztegiak inprimategitik atera eta gero egingo duen ibilbidea. Alde horretatik, gure hiztegiak hobetzeko lagungarri izaten zaigu erabiltzaileak aurkitzen dituen akatsak edo hutsuneak guri jakinaraztea.
Hiztegiaren ezaugarriak
Hiztegiari buruzko hainbat datu:
- Formatua: 110 x 175 mm
- Orrialde-kopurua: 820 orrialde
- Sarrerak eta azpisarrerak: 42.000
- 55.000 adiera
- 1.000 adibide inguru.
(ELIXABETE ETXEBERRIA OTAEGI Dictionnaire ELHUYAR Hiztegiaren zuzendaria eta koordinatzailea da)
|