![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
erabili.com / Herri-administrazioa / 2004-04-26 / 07:12
Eusko Jaurlaritzak, estrainekoz, Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) baino gaitasun txikiagoa aitortuko duen euskara-agiria lortzeko aukera emango die euskaltegietan matrikulatuta dauden ikasleei. Azterketara aurkezteko matrikula epea gaur zabalduko da. Erabili.com-en azterketa ereduak ere aurkituko dituzu.
Eusko Jaurlaritzak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako (HABE) erakundearen bitartez, Euskaltegi publiko eta pribatuetako ikasleei aukera emango die Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) baino gaitasun txikiagoa aitortuko duen euskara-agiria lortzeko. Orain arte, horrelako agiri ofiziala lortzeko aukera, EAEko herri-administrazioaren barruan, Hezkuntza Saileko irakasleek eta administrazio orokorreko langileek zeukaten soil-soilik; hemendik aurrera, berriz, euskaltegietan matrikulatuta dauden ikasleek ere bai.
Euskaltegietako ikasleen euskara-gaitasuna aitortuko duen egiaztagiria, Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) bezalaxe, Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuak sinatuko du. Era berean, euskaltegietako ikasleek, ziurtagiria eskuratzeko izan beharreko euskara-gaitasuna, azterketa bidez egiaztatu beharko dute. Agiri ofizial berriak bi maila izango ditu: lehenengoa eta bigarrena. Maila bata zein bestea EGA baino hizkuntza gaitasun txikiagoa aitortzeko izango dira. Hain zuzen ere, euskara ikasten ari diren ikasleen neurri-neurrira eginiko agiria da: oraindik erabateko euskara gaitasuna lortu ez baina lortzeko bidean daudenentzat.
Gainera, euskaltegietako ikasleek lortzeko aukera izango duten agiri ofizial hori Hezkuntza Saileko irakasleen 1. Hizkuntza Eskakizunarekin eta administrazioko langileen 1 eta 2. Hizkuntza Eskakizunekin homologatzeko bidea aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza.
Azterketa egin ahal izateko, lehenik eta behin, ezinbesteko baldintza da 2003/2004 ikasturtean HABEren Euskaltegien Erregistroan erroldatuta dagoen euskaltegiren batean matrikulatuta egotea edota autoikaskuntza zentro batean.
Matrikula egiteko epea gaurtik hasita maiatzaren 5a artekoa da. Epe horren barruan, matrikula amaraunean egin behar da www.habe.org helbidean.
Azterketa egin nahi duenak HABE erakundearen web atarian eman beharko du bere nortasun-txartelaren zenbakia eta bat-batean jakingo du azterketa egiteko onartuta dagoen ala ez.
Behin onartuta dagoenean, matrikula hori ordaindu egin behar da eta horretarako hiru aukera daude:
Lehenengo eta bigarren mailako azterketak, biak ala biak, egin nahi dituen ikasleak izango du aukera hori, baina, horretarako, maila bateko zein besteko azterketa egin ahal izateko baldintza guztiak bete beharko ditu.
Matrikularen ordaina 12 eurokoa izango da maila bakoitzeko.
Azterketa osoa, bai ahozko proba eta baita idatzia ere, nork bere euskaltegian egingo du, beti ere, bertan azterketa egin ahal izateko toki egokirik baldin badago. Edonola ere, euskaltegiak jakinaraziko dio azterketa egin behar duen ikasleari zein izango den bere aztertokia.
Lehen eta bigarren mailako azterketek lau trebetasun neurtuko dituzte: irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena.
Emandako testua edo testuak irakurri ondoren, zenbait galderari erantzun beharko die azterketariak. Erantzun okerrengatik ez zaio punturik kenduko eta probaren iraupena 35 minutukoa izango da lehen mailan eta 45ekoa bigarrenean.
Egoera bat emango zaio azterketariari testuinguru jakin batean eta egoera horri buruz idatzi beharko du. Azterketaren iraupena 60 minutukoa izango da bi mailetan.
Ohiko gaien inguruko bi testu entzun/ikusiko ditu azterketariak. Testu horien ulermena frogatu beharko du egiten zaizkion galderei erantzunez. Probak 25 minutuko iraupena izango du bi mailetan.
Aurrez aurre arituko da azterketaria aztertzaileekin. Proba elkarrizketan eta gai baten inguruko azalpenean oinarrituko da. 10 minutu emango ditu azterketariak proba egiten eta horretarako 15-20 minutu izango ditu, aldez aurretik, prestatzeko.
Lehen mailako eta bigarren mailako azterketetan nolako ariketak jarriko diren jakin nahi izanez gero, hemen, erabili.com-en, eskura ditzakezu:
Akreditazio-prozesu honetan euskaltegietako irakasleak izango dira aztertzaile lanetan arituko direnak. Baina ez bakarrik aztertzaile lanetan, euskaltegietako irakasleak azterketen diseinuan eta garapenean ere aritu dira. Beraz, euskaltegietan eskolak ematen ari diren irakaskeak izango dira azterketak zuzenduko dituztenak, hori bai, nork bere ikasleak ezingo ditu ebaluatu.
| Probak | Trebetasunak | % | Puntuak | Gutxienez |
|---|---|---|---|---|
| Proba idatzia | Irakurmena | %20 | 20 puntu | |
| Idazmena | %30 | 30 puntu | 15 puntu | |
| Ahozko proba | Entzumena | %20 | 20 puntu | |
| Mintzamena | %30 | 30 puntu | 15 puntu | |
| Guztira | %100 | 100 puntu | 60 puntu |
Azterketen emaitzak www.habe.org atarian argitaratuko dira eta euskaltegien bidez ere azterketariei helaraziko zaizkie.
Lehen eta bigarren mailako euskara-egiaztagiri hauek euskalduntze-alfabetatzearen eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko neurrien artean daude. Neurri horiek Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) Euskararen Aholku Batzordeak (EAB) proposatu ditu eta 2003. urtean egindako azterketaren eta hausnarketaren ondorio dira.
Euskararen ezagutza-maila egiaztatzeko sistema honi buruzko informazio sakonagoa nahi izanez gero:
![]() | Inprimatu |