![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Euskaltzaindia / Hizkuntza / 2004-04-02 / 07:06
Euskaltzaindiak euskalkien erabileraz eta lekuaz txostena aurkeztu du. Txosten honek Irakaskuntzan, Komunikabideetan eta Administrazioan euskalkien eta euskara batuaren erabil esparruak eta joko-arauak ditu aztergai.
"Euskalkiak baino lehen, hor da euskara". Adierazpen hori Euskaltzaindiak egina da, 1979an, “Euskara batua, euskalkiak eta tokian tokiko hizkerak” izeneko agirian (ikus Euskera, XXIV. liburukia, 1979-1, 103.-106. or.). Agiri horretantxe datoz ondorengo xehetasunok ere:
"Euskaltzaindiak uste du, eta hori ez da uste hutsa, zehazki froga daitekeen iritzia baizik, badela oraindik, lehen ere izan den bezalaxe, euskara bakar bat euskalkien ńabardurak estaltzen eta itxuraldatzen ez duena. Euskalkien eta tokian tokiko hizkeren arteko bereizkuntzak, egungo egunean ere, axaleko itxuraldatzeak dira batik bat, hizkuntzaren muin sakona bere iraunkor hartan uzten dutenak. Hizkuntzaren oinarri batu hori, eta oinarri horren egitura (euskalki guztien egitura komuna) dira beti gogoan eduki behar ditugunak, gure ahaleginak euskararen batera-biderako, eta ez berezirik daudenen sakabanatzeko, izan daitezen".
Horretarako, "euskalkiak eta tokian tokiko hizkerak aztertu eta landu behar direla uste du Euskaltzaindiak, ortografia eta hizkuntzaren azpiegitura zainduz".
Bergarako Biltzarreko adierazpenean ere horixe bera aldarrikatu zuen Euskaltzaindiak, eta salatu egin zituen, gainera, auzi honetan kaltegarri gertatzen diren bi jokaerak: batetik, euskarazko hizkuntza-agerpen guztiak baztertzea, besterik gabe, agerpen horietan euskalkiak erabiltzen direlako; bestetik, euskalkia erabiltzeko aitzakiarekin, badaezpadako euskara erabiltzea, Euskaltzaindiak zehazten dituen arau eta gomendioetatik guztiz aldenduta.
Bigarren jokaera kaltegarri hori saihesteko, euskalkiak erabiltzerakoan nahitaez bete beharreko baldintza bi ezarri zituen Euskaltzaindiak 1979an (ikus “Euskara batua, euskalkiak eta tokian tokiko hizkerak”):
Harrezkero, garatu egin zen euskararen estatusa, hizkuntza ofiziala izateraino (gaztelaniarekin batera) Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan, eta hamaika esparrutara zabaldu zen euskara: hala nola, herri-administraziora, hezkuntzara eta komunikabideetara. Egoera berri haren aurrean, Euskaltzaindiak, euskalkien erabilera eguneratu eta sistematizatu beharrez, beste adierazpen bat egin zuen 1994an, “Euskalkien erabilera Administrazioko 1. eta 2. hizkuntz eskakizunetan” izeneko agirian (ikus Euskera, 1995, 2-3, 40. liburukia, 1019.-1024. or.). Bertan, “Eranskina” delako atalean ageri denez, honako irizpide orokor hauek finkatu eta proposatu zituen Euskaltzaindiak, euskalkian idazten denerako:
Agiri horretan, gainera, Euskaltzaindia kezkaturik azaldu zen Administrazioko 1. hizkuntza-eskakizuneko azterketetan garrantzi eta pisu handiegia ematen zitzaiolako idatzizko probari, ahozko trebetasunaren kaltean.
Euskaltzaindiak jakin badaki bere proposamenak ez direla inola ere debeku moduan hartu behar, ezta hurrik eman ere. Hala ere, hiztun batzuek, noizean behin eta okerretara, baztertuta ikusten dute euren burua, bizi duten euskalkia euskara batutik urrun dagoelako; baina ez dute bazterturik sentitu behar. Euskaltzaindiak, behintzat, ez du horrelako bazterkeriarik nahi; baizik eta nahi du euskaldun bakoitzak bere euskararekin bat egitea eta, era berean, euskara batuarekin bat egitea, batua harturik goi mailako erregistrotzat gainerako euskaldun guztiekin harremanak izateko.
Euskalkia eta batua elkarrekin uztartu beharrak sortzen dituen arazoen konponbideak era askotakoak izan daitezke, eta konponbideok kasuan-kasuan egokitu behar zaizkio aldian aldiko komunikazio-egoerari; betiere batasunari eutsiz eta euskal hiztunen bazterketa gutxietsiz. Egoerak ere desberdinak dira, lurraldearen arabera eta euskalkien arabera. Horregatik, tentuz jokatu behar da gomendio orokorrak ezartzeko orduan, kasuan kasuko egoera bereziak alde batera utzita.
Azken aldian, euskalkien erabilera lehengoaz gain eguneratu eta sistematizatu beharrez, Euskalkien lantaldea eratu zuen Euskaltzaindiak Jagon sailaren baitan, bertara bilduz lurralde nahiz euskalki anitzetako ordezkariak. Lantalde horrek bi galdeketa egin zituen 2001ean: bata, Bizkaiko administrazioan bizkaierak duen erabileraz; bigarrena, Nafarroan (irakaskuntzan, administrazioan, herri-aldizkarietan...) euskalkiek duten lekuaz. Datu horiek eta beste bildu eta aztertu ondoren, eta bereziki Euskaltzaindiaren XV. Biltzarrean, Bilboko Euskalduna jauregian, egin zuen mahai-inguru jendetsuan hala agindurik, gaiari buruzko proposamen-zirriborro bateratua moldatu zuen Euskalkien lantaldeak; baita proposamen-zirriborro hori Jagon sailkideei eta Euskaltzainditik kanpoko ordezkariei eta adituei aurkeztu eta berorien oharrez osatu ere, gai korapilatsu honetan ahalik eta adostasunik handiena lortuz euskaltzain osoei aurkeztu aurretik. Hala gertatu da, eta euskaltzain osoek, testua eztabaidatu ondoren, adierazpen hau onetsi dute:
Adierazpen honen xedea da euskara baturako eta euskalkietarako esparru eta joko-arau zehatzagoak ezartzea edo berrezartzea; horien bitartez euskaldun guztiok eroso eta eraz ari gaitezen egunero euskara erabiltzen dugunean. Horretarako, oinarrizko lau abiaburu hauek proposatzen dira:
Bestalde, euskalkien alorrez alorreko erabileran, oso kontuan hartzekoak dira ondorengo irizpideok:
Hedaduraren arabera, hiru herri-administrazio mota dauzkagu Euskal Herrian: orokorra, lurraldekakoa eta tokian tokikoa; eta bakoitzaren jardun-esparruak bere hizkuntza-eremu bereziak ditu. Horiek horrela, eta Administrazioaren eginkizunik behinena herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzea izanik:
Hedaduraren arabera, bi komunikabide mota dauzkagu nagusiki Euskal Herrian: orokorrak eta eskualde edota herri mailakoak; eta, horietako bakoitzaren jardun-esparruak bere hizkuntza-eremu bereziak ditu. Hedabidearen arabera, berriz, baditugu ahozkoak, idatzizkoak eta ikus-entzunezkoak. Horiek horrela, eta komunikabideen eginkizunik behinena herritarrekin ahalik eta komunikaziorik egokiena lortzea izanik:
Hezkuntzan, gutxienez, erregistro biren erabilerak behar du lekua: lagunartekoak eta landuak (eskolari zuzen-zuzenean dagokionak), betiere gogoan izanik ahozkoaren eta idatziaren arteko bereizketa. Izan ere, hezkuntzaren zereginik behinenetariko bat ikasleei hizkuntzaren erabileran ahalik eta trebetasunik handiena ematea da: hizkuntza aberatsa eta egoeraren araberakoa. Horiek horrela, ondorengo urrats hauek izan beharko lirateke kontuan:
Adierazpen hau garatzeko, Euskaltzaindiak alorrez alorreko gomendioak eta irizpenak emango ditu.
Lezamako Udaletxean, 2004ko martxoaren 26an, berretsia.
![]() | Inprimatu |