|
Soziolinguistika Klusterraren aurkezpena gaur arratsaldean egingo da Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Ekitaldia 18:30etan izango da, eta bertan, eraketa juridikoa egitearekin batera egitasmoaren nondik norakoak azalduko zaizkie arloko eragileei.
Zertarako sortu behar dugu Soziolinguistika Klusterra?
Zertarako sortu behar dugu Soziolinguistika Klusterra?
Ezagutza soziolinguistikoaren ikerketa, zabalpen eta aplikazioan ditugun gabezia eta beharrei dinamika berri batekin erantzuteko. Euskal Herrian hizkuntza normalizazio prozesuan inplikaturik dauden erakunde eta taldeentzat –pribatu, publiko zein gizarte mailakoentzat- arlo zientifiko-aplikatutik datuak, metodologiak eta bestelako materialak eskaintzeko egitasmoak landuko ditu Soziolinguistika Klusterrak, jarduteko moduaren gaineko ezagutza, eta ondorioz, normalizazio ahaleginen emaitzak hobetzeko.
Beraz, Soziolinguistika Klusterra, arlo zientifiko-teknikoan kokatzen da, eta bere helburu nagusia euskararen berreskurapen eta normalizaziorako soziolinguistika ezagutza garatzea izango da. Garapen horretarako azpiegitura funtzional, fisiko eta organizatibo eraginkor bat eskaini nahi du Klusterrak, arloko eragileen artean osagarritasun eta sinergia berriak bilatuko dituena, eta soziolinguistikan ikerketa, formazio, argitalpen eta abarretan ditugun beharrei erantzuteko proiektuak sortuko dituena: ikerketa lerroak eta aplikazioak, formazio egitasmoak, datu soziolinguistikoak, argitalpenak, metodologiarako hobekuntzak...
Nondik dator?
Proiektu honen inguruko lehen urratsak, bere garaian, Quebec-etik bueltan, Erramun Baxok doktoreak proposatu zuen ideia baten inguruko hausnarketatik abiatzen dira: gure herrian CIRBren antzerako gune bat sortzearen egokitasuna.
2000ko azaroan Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen SINPOSIUMa antolatu zen Gasteizen eta bertan arloko teknikari eta aditu talde zabal batek diagnosi horrekin bat egin zuen eta handik abiatu zen zenbait erakunderen arteko lankidetza (Lankidetza protokoloa I eta II), gerora definitzen eta osatzen joan dena.
Zergatik "kluster" egitura? Zertan datza?
Sinposium-aren izenak berak adierazten duenez, hasieran asmoa Institutu bat sortzea zen. Proiektuaren lanketan zehar Kluster moduan egituratzea aztertu zen eta hala onartu zen 2001eko azaroan Zamudion eginiko «SIKeraiki» Lan-Jardunaldian.
Kluster antolaketa industria arloan erabili da gehienbat. Michael Porter-en eskutik iritsi zen hona kontzeptu hau, eta hainbat sektoretan daude klusterrak martxan. Gure erreferentzia nagusia Ezagutzaren Klusterra izan da.
Klusterra agrupazio bat da, esparru jakin batean elkarren artean nolabaiteko lotura, harremana edo interes partekatua duten entitate, enpresa eta instituzioen arteko agrupazioa. Klusterrak, kideen arteko lehia onartuz lankidetza berriak bilatzen ditu, arloko dinamika areagotzeko eta banaka erantzun ezin zaien proiektuei erantzuteko. Kideen osagarritasunak eta interes komunak, zatien batuketa baino handiagoa den balio bat sortzen du; Klusterrek sinergiak sortzen dituzte.
Zein da bere azken helburua?
Honela definitu dugu: Soziolinguistika Klusterraren azken helburua euskararen berreskurapen eta normalizaziorako soziolinguistika ezagutza garatzea da. Horretarako azpiegitura, baliabide eta baldintza egokiak sortzea, esparru zientifikoaren eta aplikatuaren arteko zubiak eraikitzea eta arloko eragileekin hausnarketa zein lankidetzarako bilgune-sareak osatzea.
Zein erakundek sustatu eta landu dute?
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza zientzietako Fakultatea, Udako Euskal Unibertsitateko Soziolinguistika Saila (UEU), Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkartea (NETeLE), ELHUYAR Aholkularitza, EMUN Kooperatiba, Eusko Ikaskuntza, UPV-EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saila, UPV-EHUko Soziologia-I eta II Sailak eta SEI Elkartea dira egitasmoaren sustatzaile, era berean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko ordezkariek ere hartu dute parte orain arteko prozesuan.
Hizkuntza Politikan ardurak dituzten erakunde publikoekin harremanetan izan gara proiektuaren bilakaeran zehar eta orain, Klusterra juridikoki eratuko den honetan, soziolinguistika gaietan zein euskararen normalizazioaren inguruan lanean ari diren eragileei proiektuaren berri ematen ari gara.
Zein arlotan jardungo du? Nori zuzendua dago?
Helburu nagusia Soziolinguistikako ezagutzan eta horren aplikazioan ditugun gabeziei erantzutea izanik, Klusterreko kide izatea erabakitzen duten erakunde, talde, enpresa eta banakoek erabakiko dute zein proiektu garatu. Kasu batzutan ikerketa egitasmoak izango dira (ahal den neurrian aplikazioarekin lotuak), formazio egitasmoak, edota datubase, web bidezko informazio edo eskuliburuak, beti ere oinarri batetik abiatuta: Klusterreko kide bakoitzaren jarduera kaltetu gabe, interes amankomunei erantzungo dieten proiektuak diseinatzea, bideragarriak izango direnak eta aipatu gabeziei erantzungo dietenak.
Garatuko diren proiektuen artean izango dira, besteak beste, orain arte SEI Elkarteak garaturiko batzuk.
Noiz jarriko dira proiektuak martxan?
2004ko martxoaren 30eko eraketa juridikoaren bidez, orain arte proiektua sustatu duten erakundeek Soziolinguistika Klusterra juridikoki eratuko dute, bertako bazkide bihurtuz.
Hortik aurrera, epe bat irekitzen da arloko eragile guztiei informazioa zabaltzeko, Hausnarketa Estrategikoaren bidez Klusterraren abiapuntuzko egitasmoak definitzeko eta barne funtzionamenduari dagozkion hainbat erabaki hartzeko.
Epe hori 2004ko uda bitartean luzatuko da, eta beraz Klusterraren egitasmoak irailetik aurrera jarriko dira martxan.
Nor izan daiteke Klusterreko kide? Zer egin behar da horretarako?
Klusterra arloko eragile guztiei dago zuzendua, eta bertan mota guztietako eragileek parte hartu ahal izango dute: enpresak, unibertsitateak, erakunde publikoak, elkarteak... baita banakoak ere. Klusterrean parte hartzeko bertako bazkide izan behar da eta bertako arautegian definituriko betebeharrei erantzun (kideek urteko kuota bat ordainduko dute, erakunde motaren arabera desberdina dena).
Klusterrak bere zerbitzua nagusiki bazkideei eskainiko die. Kide ez diren erakundeentzat ere egingo ditu lanak eta, oro har, sortzen duen informazioa eta produktuak erabilera publikorako zabalduko ditu.
Proiektuari buruzko informazio gehiago SEI Elkarteko bulegoan eskura dezakezu (tel. 943.59.25.56).
(PABLO SUBERBIOLA UNANUE SEI Elkarteko kidea da)
|