Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Elhebi: enpresetako erabilera-planak garatzeko tresna

Joxemai Ormazabal ELHUYAR aholkularitza / Enpresa / 2004-02-06 / 06:59


Enpresetan euskara planak garatzeko informatika-tresna sortu du Elhuyarren Hizkuntza Aholkularitza Sailak. Tresna honek enpresetako euskara planaren diagnostikoa, kudeaketa-plana eta jarraipena egiteko balio du. Gainera, amaraunetik kudeatzen da eta edozein enpresatara egokitzeko ahalmena du: handi zein txiki.



Aurten beteko dira 12 urte Elhuyar Aholkularitza lehendabiziko erabilera-plana diseinatu eta garatzen hasi zela. Antoine DAbadie saria jaso berria duen Elay enpresa izan zen lehenengo plan haren garalekua.

Hamabi urte hauetan erabilera-plan ugari landu dituzte beste horrenbeste enpresak eta lan horretan aholkulari izan gaituzte enpresa hauek: CAF, Batz, Maier, Irizar, Pasaiako Portua, ORKLI...

Orain sortu eta Elhebi deitu diogun softwarea lan horretan laguntzera dator: alde batetik, orain arte planak garatu dituzten enpresen antzekoetan lan errepikakor sistematikoena egiten laguntzera, eta bestetik, beste erakunde-mota baterako ateak zabalduko dizkigulakoan, enpresa txikietara, merkataritza-alorrekoetara, enpresa ez diren elkarteetara... Elhebi, beraz, ez da lan-metodo berri bat, parte harraraztean datzan gure lan-metodoa aplikatzen laguntzeko lan-tresna baizik.

Amaraunetik kudeatzeko tresna

Elhebi internet bidez kudeatzeko tresna da. Horren abantaila nagusia da tresnari eten gabeko hobekuntzak egin diezazkiokegula eta ez daukagula aldioro berrikuntzak hedatzen aritu beharrik. Era berean, Elhebi erabili behar duenak ez du bere ordenagailuan programa berezirik ezarri beharrik, izan ere, nahikoa baitu amaraunera sarbidea izatearekin. Ildo beretik, Elhebin sartutako datuek ez diote tokirik txikiena ere jango erabiltzailearen ordenagailuari, datu guzti-guztiak Elhebiren web gunean gordeko baitira. Gainera, horrek, zuzenean beste neurketa eta alderaketa batzuk egiteko ere balioko liguke: sektorekakoak, eskualdekakoak, herrialdekakoak...

Diseinuan bereziki zaindu da erakargarria, ulergarria eta argia izatea, uneoro Elhebirekin lanean ari denak non dagoen eta zer falta zaion jakin dezan.

Elhebiren edukia

Elhebik hiru atal nagusi ditu: diagnostikoa, ekintza-plana eta segimendua. Hiru atal horietatik lehena da prest daukaguna eta horri buruz idatziko dugu.

Diagnostikoa atalean, erabili.com-en bertan Mikel Zalbidek zioenarekin (Ahuldutako hizkuntza noraino dago ahuldua?) bat egiten dugu, alegia, diagnostiko batek euskararen osasuna edo gaixotasuna neurtu behar du eta osasuna eta gaixotasuna kontzeptu gradatiboak dira. Osasun -edo gaixotasun- egoera hori, esparru bakoitzean euskarak duena ere izan daitekeela iruditzen zaigu (lantegiak, elkarteak...) eta horixe neurtzen du Elhebiren diagnostikoak.

Euskararen osasunaren diagnostikoa egiteko, bederatzi atal definitu ditugu guk: pertsonak, errotuluak, dokumentuak, softwarea, ahozko erabilera, erabilera idatzia, langileen jarrera eta euskara normalizatzeko inbertsioak. Batzuk lehenago ere erabili izan ditugu Elhuyar Aholkularitzan eta baita beste erakunde batzuetan ere; beste batzuk, aldiz, tresna honetarako definitu ditugu. Apika izango da ahaztu zaigun beste adierazlerik ere, baina guk erabili ditugun adierazle guztiak badirela osasun-egoeraren adierazgarri ez dugu zalantzarik.

Adierazle horiek nola definitu ditugun eta bakoitza neurtzeko zein bide proposatzen dugun adieraziko dugu segidako lerroetan:

Orain arteko lau adierazleek euskararen presentzia neurtzen dute, hau da, erakunde horretako edo erakunde horrekin harremanak dituen pertsona batek zer aukera izango duen erakundearekin euskaraz komunikatzeko. Esate baterako, pertsonen % 50ek baldin badakite euskaraz, % 50eko probabilitatea izango du horietako bakoitzak lankideekin harremanak euskaraz izateko eta kanpoko pertsona batek ere, berak euskaraz baldin badaki, probabilitate hori bera izango du erakundearekin harremanak euskaraz izateko. Dokumentuen % 25 bakarrik baldin badago euskaraz, beste horrenbesteko aukera izango du euskara erabiltzeko... Adierazle horiek, beraz, erakunde horrekin euskaraz komunikatu nahi duenak zer egoera aurkituko duen adierazten digute eta hurrengo bi adierazleek egoera den bezalakoa izanik, zenbat erabiltzen den euskara.

Diagnostikoaren emaitza koloreen bidez ulerterrazagoa da. Bederatzi adierazle ditu Elhebiren diagnostikoak.

Hori da Elhebik eskaintzen duen diagnostikoa. Lehenago esan dugun bezala, erakunde bakoitzak bere neurrira egokitu ahal izango du diagnostikoa: zein atal jaso nahi dituen diagnostikoan, horiek bakarrik izango ditu.

Horretara, orain garestiegi gerta lekiekeen enpresa txiki, elkarte, denda eta bestek, beren kabuz nahiz teknikari aholkulari baten laguntzaz, beren erakundean euskararen diagnostiko zehatza egin ahal izango dute eta orain beste modu batera egiten duten enpresa eta erakunde handiagoek ere, modu guztiz sistematizatuan eta, batez ere, elkarren artean egoerak alderatzeko moduan egin ahal izango dituzte diagnostikoak. Gainera, diagnostikoa horren zehatza izateak ondorengo plangintzarako erraztasun handiak ematen ditu.


(JOXEMAI ORMAZABAL SUKIA ELHUYAR hizkuntz aholkularitzako kide da)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1075136674