|
Enpresetan euskara planak garatzeko informatika-tresna sortu du Elhuyarren Hizkuntza Aholkularitza Sailak. Tresna honek enpresetako euskara planaren diagnostikoa, kudeaketa-plana eta jarraipena egiteko balio du. Gainera, amaraunetik kudeatzen da eta edozein enpresatara egokitzeko ahalmena du: handi zein txiki.
Aurten beteko dira 12 urte Elhuyar Aholkularitza lehendabiziko erabilera-plana diseinatu eta garatzen hasi zela. Antoine D’Abadie saria jaso berria duen Elay enpresa izan zen lehenengo plan haren garalekua.
Hamabi urte hauetan erabilera-plan ugari landu dituzte beste horrenbeste enpresak eta lan horretan aholkulari izan gaituzte enpresa hauek: CAF, Batz, Maier, Irizar, Pasaiako Portua, ORKLI...
Orain sortu eta Elhebi deitu diogun softwarea lan horretan laguntzera dator: alde batetik, orain arte planak garatu dituzten enpresen antzekoetan lan errepikakor sistematikoena egiten laguntzera, eta bestetik, beste erakunde-mota baterako ateak zabalduko dizkigulakoan, enpresa txikietara, merkataritza-alorrekoetara, enpresa ez diren elkarteetara... Elhebi, beraz, ez da lan-metodo berri bat, parte harraraztean datzan gure lan-metodoa aplikatzen laguntzeko lan-tresna baizik.
Amaraunetik kudeatzeko tresna
Elhebi internet bidez kudeatzeko tresna da. Horren abantaila nagusia da tresnari eten gabeko hobekuntzak egin diezazkiokegula eta ez daukagula aldioro berrikuntzak hedatzen aritu beharrik. Era berean, Elhebi erabili behar duenak ez du bere ordenagailuan programa berezirik ezarri beharrik, izan ere, nahikoa baitu amaraunera sarbidea izatearekin. Ildo beretik, Elhebin sartutako datuek ez diote tokirik txikiena ere jango erabiltzailearen ordenagailuari, datu guzti-guztiak Elhebiren web gunean gordeko baitira. Gainera, horrek, zuzenean beste neurketa eta alderaketa batzuk egiteko ere balioko liguke: sektorekakoak, eskualdekakoak, herrialdekakoak...
 | | Diseinuan bereziki zaindu da erakargarria, ulergarria eta argia izatea, uneoro Elhebirekin lanean ari denak non dagoen eta zer falta zaion jakin dezan. |
Elhebiren edukia
Elhebik hiru atal nagusi ditu: diagnostikoa, ekintza-plana eta segimendua. Hiru atal horietatik lehena da prest daukaguna eta horri buruz idatziko dugu.
Diagnostikoa atalean, erabili.com-en bertan Mikel Zalbidek zioenarekin (Ahuldutako hizkuntza noraino dago ahuldua?) bat egiten dugu, alegia, diagnostiko batek euskararen osasuna edo gaixotasuna neurtu behar du eta osasuna eta gaixotasuna kontzeptu gradatiboak dira. Osasun -edo gaixotasun- egoera hori, esparru bakoitzean euskarak duena ere izan daitekeela iruditzen zaigu (lantegiak, elkarteak...) eta horixe neurtzen du Elhebiren diagnostikoak.
Euskararen osasunaren diagnostikoa egiteko, bederatzi atal definitu ditugu guk: pertsonak, errotuluak, dokumentuak, softwarea, ahozko erabilera, erabilera idatzia, langileen jarrera eta euskara normalizatzeko inbertsioak. Batzuk lehenago ere erabili izan ditugu Elhuyar Aholkularitzan eta baita beste erakunde batzuetan ere; beste batzuk, aldiz, tresna honetarako definitu ditugu. Apika izango da ahaztu zaigun beste adierazlerik ere, baina guk erabili ditugun adierazle guztiak badirela osasun-egoeraren adierazgarri ez dugu zalantzarik.
Adierazle horiek nola definitu ditugun eta bakoitza neurtzeko zein bide proposatzen dugun adieraziko dugu segidako lerroetan:
- Pertsonak: jakite-maila euskaraz
Ezaguna da adierazle hau, ezagunena. Askok euskararen diagnostiko bat egiteko garaian adierazle hauxe bakarrik hartzen dute kontuan. Adierazleak neurtzen du aztergai dugun unibertsoan zenbatek dakiten euskaraz, zenbatek ez dakiten eta zenbatek dakiten erdizka. Era bat baino gehiagotan eman dezake euskaraz jakite-maila Elhebik: aipatu berri dugun era xume horretan (badakite, ez dakite, erdizka dakite), gutxi gorabehera administrazioek erabiltzen duten moduan (hizkuntza-eskakizun estandar batzuk definitu eta haien arabera) edo Elhebirako berariaz definitu dugun moduan. Azken hori administraziokoari ikusten diogun hutsune bat betetzeko asmoz osatu dugu. Administrazioko sistemak irakurtzeko eta idazteko gai ez den pertsona bati sekula ez dio hizkuntza-eskakizun oinarrizkorik ere aitortzen, trebetasun guztietan izan behar du gutxieneko maila bat. Administrazioak aitortzen dituen hizkuntza-eskakizun horiek euskaraz jakitearen neurri bezala hartzen baditugu, irakurtzeko eta idazteko gai ez den pertsona bati ez diote aitortuko euskaraz dakienik. Eta denok ezagutzen ditugu egoera horretan dauden pertsonak, baita administrazioan bertan ere: beren lana euskaraz egin, euskara hutsez bizi eta hizkuntza-eskakizunik gainditu ezin dutenak. Horren aurrean, Elhebirako diseinatu berri dugun sistemak pertsona batek bere hizkuntza nagusian zer trebetasun duen, haren arabera aitortuko dio zer jakite-maila duen euskaraz eta bat-bateko jardun informalean zer gaitasun duen eta jardun formalean zer duen emango digu.
Jakite-maila neurtzeko hizkuntza-azterketak erabiltzen ditugu eta azterketa hori era batera edo bestera osatua izango da erakunde bakoitzak aukeratu duen emaitza-motaren arabera.
Dena dela, erakundeak badu aukera azterketarik egin gabe berak adierazle hau elikatzeko.
- Errotuluak: hizkuntza-paisaia
Adierazle honek, erakundeko bertako pertsonek nahiz kanpokoek begiratu hutsarekin ikus dezaketen informazioko euskara neurtzen du. Informazio-mota hori gero eta gehiago ematen da hizkuntzarik gabeko mezuen bidez, sinboloen bidez-eta, baina gehienetan hitzezko lengoaia da nagusi eta horixe neurtzen dugu: dauden errotulu-mota guztietatik zenbat dauden euskaraz. Errotulu motak, nolabait bereiztu behar eta, tamainaren arabera bereiztu ditugu: hamar cm baino gehiago den alderik ez dutenak (karpeten bizkarrak, produktuen etiketak, apalen izenak...), hamar eta ehun cm bitarteko alde bat behintzat badutenak eta ehun cm-tik gorako alderen bat dutenak.
Neurtzeko modua erakunde bakoitzak bere errotuluak zein hizkuntzatan dituen aitortzea da. Elhebik ohiko errotuluen zerrenda bat eskaintzen dio, horietatik zein dituen eta zein hizkuntzatan aukera dezan eta, horiez gain, berak dituenak sartzeko aukera ematen dio.
- Dokumentuak
Adierazle honek finkoak ez diren idazkietan erabiltzen den euskara neurtzen du.
- Softwarea
Merkatuan erositako nahiz erakunderako berariaz egindako softwarea zein hizkuntzatan dagoen adierazten digu adierazle honek.
Orain arteko lau adierazleek euskararen presentzia neurtzen dute, hau da, erakunde horretako edo erakunde horrekin harremanak dituen pertsona batek zer aukera izango duen erakundearekin euskaraz komunikatzeko. Esate baterako, pertsonen % 50ek baldin badakite euskaraz, % 50eko probabilitatea izango du horietako bakoitzak lankideekin harremanak euskaraz izateko eta kanpoko pertsona batek ere, berak euskaraz baldin badaki, probabilitate hori bera izango du erakundearekin harremanak euskaraz izateko. Dokumentuen % 25 bakarrik baldin badago euskaraz, beste horrenbesteko aukera izango du euskara erabiltzeko... Adierazle horiek, beraz, erakunde horrekin euskaraz komunikatu nahi duenak zer egoera aurkituko duen adierazten digute eta hurrengo bi adierazleek egoera den bezalakoa izanik, zenbat erabiltzen den euskara.
 | | Diagnostikoaren emaitza koloreen bidez ulerterrazagoa da. Bederatzi adierazle ditu Elhebiren diagnostikoak. |
- Ahozko erabilera
Erakunde barruko ohiko jardunean izaten diren ahozko harremanetan zenbat diren euskaraz neurtzen du adierazle honek. Elkarrizketa da unitate neurgarria. Zenbat elkarrizketa, horietatik zenbat euskaraz, zenbat jende elkarrizketa bakoitzean.
Hori neurtzeko ere bi modu eskaintzen ditugu aukeran: zuzeneko behaketa eta mintzagrama. Zuzeneko behaketa egiteko, Elhebik gune bakoitzeko txantiloia inprimatzeko aukera ematen du. Hartan, neurtzaileak gunean egindako behaketan entzuten dituen elkarrizketak erregistratuko ditu: elkarrizketa bakoitzean zenbat lagun diren eta zein hizkuntza den nagusia. Hortik erabilera-adierazle bat kalkulatuko digu Elhebik.
Bigarren neurketa-sistemak erabilera aitortua du oinarri: pertsona bati bere lankide bakoitzarekiko harremanak zein hizkuntzatan dituen galdetzen diogu.
Neurtzeko era hau erabiltzeko, pertsona bakoitza ordenagailuan bere datuak sartzen ari denean, lankide bakoitzarekin harremanak zein hizkuntzatan dituen galdetuko dio.
- Erabilera idatzia
Erakundearen harreman-sarean idatziz zenbat euskara erabiltzen den neurtzen du adierazle honek. Gauza bat da inprimakia euskaraz edo bi hizkuntzatan egotea eta beste bat bete behar duenak zein hizkuntzatan betetzen duen. Bigarren hori neurtzen du adierazle honek –inprimakiak– eta betetzen dituztenek zein hizkuntzatan betetzen dituzten eta posta elektronikoz bidalitako mezuetan zenbat euskara erabiltzen den.
- Erakundeko kideen jarrera
Euskararekin zer jarrera duten neurtuko dugu zeharkako galdera batzuen bidez. Esate baterako, balizko erakunde batean euskarari buruz izandako eztabaida batean pertsona bakoitzak eman duen iritziarekin bat datorren edo ez galdetuko diegu eta hortik ondorioak aterako.
- Sormen-adierazlea
Erakunde askotan elebitasuna da nagusi gaur egun. Elebitasuna, ordea, itzulpen-zerbitzu on batek ziurtatzen du eta horrek, itzulpenak gaztelania-euskara norabidean egiten badira, gaztelania bermatzen du lehenik eta behin. Oso garrantzitsua da, beraz, zein hizkuntzatan sortzen den sortzen dena elebitasuna sustatzen duen erakunde baten ikuspegitik. Zer esanik ez elebakartasunaren esparruan.
- Euskara normalizatzeko inbertsioak
Atal honetan, erakundeko kideak normalizazio-urratsak egiteko beren denbora libretik zenbat jartzeko leudekeen prest galdetuko diegu.
Hori da Elhebik eskaintzen duen diagnostikoa. Lehenago esan dugun bezala, erakunde bakoitzak bere neurrira egokitu ahal izango du diagnostikoa: zein atal jaso nahi dituen diagnostikoan, horiek bakarrik izango ditu.
Horretara, orain garestiegi gerta lekiekeen enpresa txiki, elkarte, denda eta bestek, beren kabuz nahiz teknikari aholkulari baten laguntzaz, beren erakundean euskararen diagnostiko zehatza egin ahal izango dute eta orain beste modu batera egiten duten enpresa eta erakunde handiagoek ere, modu guztiz sistematizatuan eta, batez ere, elkarren artean egoerak alderatzeko moduan egin ahal izango dituzte diagnostikoak. Gainera, diagnostikoa horren zehatza izateak ondorengo plangintzarako erraztasun handiak ematen ditu.
(JOXEMAI ORMAZABAL SUKIA ELHUYAR hizkuntz aholkularitzako kide da)
|