![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
erabili.com / Informatika / 2003-12-01 / 07:01
Euskal Herriko mitologiako pertsonajeak ardatz hartuta, tribial joko ezagunaren ildo beretik, Euskal Herriko literatura, arte nahiz jakingai historiko eta geografikoei buruzko galde-erantzunetan oinarritutako bideojoko berritzaile eta aitzindaria dugu "Basajaunen Kondaira". Jokoa euskara hutsean da, eta edozeinek modu eroso eta atseginean jokatu ahal izateko egina dago.
Basajaunen Kondaira ez da joko bat soilik, izan ere, informatika programa hau eskolako ikasgaietan jorratutako jakintza gaiak sendotzeko eta finkatzeko prestatua baitago. Menu sistema erraz baten bitartez, irakasleak bideojokoak landuko dituen jakingaiak aukera ditzake eta, era horretara, jokoak irauten duen bitartean, tresnak egingo dituen galdera guztiak aldez aurretik zehaztutako jakingai horietara mugatuko ditu.
Bereziki, hamabi urtetik aurrerako gazteentzat egina dago, eta eduki hezitzaileak jokatze sistema dibertigarri batekin uztartzen ditu. Etengabe agertzen dira Gaueko, lamiak, Basajaun bera eta beste hainbat izaki mitologiko 3Dko animazio koloretsu eta deigarrietan. Bideojokoak ikasleen erabateko arreta lortzen du eta baita bestelako beste edozein erabiltzailerena ere.
Jokalariaren helburua Deiar sorginaren sorginkeriatik sendatzeko osagai magikoak lortzea da. Horretarako, jokalariak Euskal Herrian barrena ibili beharko du bidean agertuko zaizkion izaki mitologikoen galderei erantzunez. Ordenagailu bakarrean, gehienez lau jokalarik jokatu ahal izango dute. Honez gain, gaur eguneko joko berrienen modura, Basajaunen Kondairak ere sarean elkarrekin uztartuta dauden ordenagailuetan jokatzeko aukera ematen du. Nahi adina lagunek joka dezake sarean, ikastetxeetarako bereziki pentsatua baitago. Sareko jokalariek besteek bezala jokatuko dute jokoan, baina galderaren bat erantzuteko zalantzatan badira, sareko beste lagunei bidali ahal izango diete galdera, denen artean erantzuna asmatzen saiatzeko.
Basajaunen Kondairak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egiten dituen kalitate-maila tekniko eta linguistikoaren azterketak gainditu ditu. Durangoko azokan aurkeztu ondoren, Basajaunen Kondaira kioskoetan, liburu dendetan, merkataritza guneetan eta ikastetxeetan ere banatuko dute, bere helburu hezitzailea dela eta.
Gestionet Multimedia, enpresa-kudeaketa simulatzaileen eta aplikazio hezitzaileen ikerketa, garapen eta merkaturatze lanetan espezializatua dagoen enpresa berri bat da. Basajaunen Kondaira kaleratzearekin, lehendik landutako alor batean sakontzen du Gestionetek, izan ere, aurrez zenbait argitaletxerentzat multimedia formatu ezberdinetara testu liburuen egokitzapenak egin baitira; era berean, herri-erakundeen zabalkunde kanpainetarako joko hezitzaileak ere garatu dira.
![]() |
| Irudian jokoaren menu nagusia ikus daiteke. Bertatik jokoari hasiera eman dakioke edota galderak, sarea eta bestelako hainbat aukera ere zehaztu daitezke. |
Hona hemen Basajaunen Kondaira erabili ahal izateko ordenadoreak izan beharreko gutxienekoak:
![]() |
| Irudian, Galtxagorri galdera bat egiten. Aukeran ematen diren hiru erantzunetatik erantzun zuzena aukeratu behar du jokalariak, jokoan aurrera egin eta puntu gehiago lortzeko. Denbora mugatua dago galderak erantzuteko. Irudian ikusten den behealdeko barrak ematen du gelditzen den denboraren berri. Sarean jokatuz gero, eta galderaren eskuinean dagoen komodina gorriz agertzen baldin bada, galdera sareko beste jokalariei bidali ahal izango zaie. |
Erantzun beharrekoak aukera anitzeko galderak dira. Aukeran hiru erantzun emango dira beti. Honela, ikasleari errazago gertatuko zaio aldez aurretik eskolan ikasitako jakingaia gogoratzea. Bizkorrenen eta motelenen arteko aldea ere murrizten laguntzen du bideojokoak, izan ere, denek izango baitute jokoan aurrera jarraitzeko modua. Erantzun zuzenen kokapena bere kasa aldatzen du aplikazioak, galderaren bat berriro agertzen denean erantzun zuzena kokapenaren arabera ez aukeratzeko.
Estraineko bertsio honek Ibaizabalen DBHko zenbait liburu ditu oinarri. Guztira, 2.000 galdera, Euskara eta Literatura, Historia, Geografia eta Arteari buruzko gaiak lantzeko. Gerora galdera sorta hauek berritzeko aukera izango da. Nahikoa izango da jokoaren kopia originala edukitzea eta berritzeko disketea lortzea.
![]() |
| Jokalariak, guztira, zortzi pertsonaje ditu aukeran, lau emakumezko eta beste lau gizonezko. Pertsonajeak, berriz, lau motatan sailkatuta daude: baserritarrak, merkatariak, aizkolariak eta arrantzaleak. Pertsonaje bakoitzak bere istoriotxoa du, baina, nahi izanez gero, jokalariak bere izena jar diezaioke aukeratutako pertsonajeari. |
Pertsonaje bakoitzak edabe magikoaren hiru osagaiak lortu behar ditu sorgin batek egin dien sorginkeria indargabetzeko, izan ere, osagaiak azkar lortzen ez badituzte sorginkeriak animalia bihurtuko baititu.
Hiru osagaiak lortzeko Euskal Herrian barrena toki batetik bestera ibili eta gero, pertsonajeak bere etxera itzuli behar du lortutako hiru osagai horiekin, edabe magikoa prestatu ahal izateko.
Sorginkeriatik askatzea lortzen duen lehenengo jokalariak irabaziko du. Erlojupean jokatzen bada, berriz, joko-denbora amaitzen denean puntu gehien lortu dituenak irabaziko du.
![]() |
| Hemen jokoaren leiho nagusia ikus daiteke. Jokalariak bere pertsonajea batetik bestera mugitu beharko duen lekua. Euskal Herriko herri, mendi eta leku garrantzitsuenak agertzen dira bertan. Pantailaren behealdean informazio osagarria jasoko du jokalariak. Eskuinean berriz, jokalaria larri dabilela ikus daiteke, ia bizi-punturik gabe, eta asto bihurtzeko bidean, Deiar sorginaren aztikeria dela eta. Era berean, eskuinaldean, baina beherago, Euskal Herriko mapa txiki bat ere ageri da, jokalaria non dabilen eta osagai magikoak non diren jakiteko. Euskal Herriko maparen azpian, berriz, Tolosako sagarra, Iratiko lamien orrazia eta Lizarrako hondarra daude: kasu honetan ukendua prestatzeko bildu behar diren osagai magikoak dira. |
Laburbilduz, hona hemen Basajaunen Kondairak dituen ezaugarri nagusienak:
![]() |
| Goiko irudian, jokoan agertuko diren izaki mitologiko batzuk. Beraiek egingo dizkiete euskara, historia eta bestelako gaiei buruzko galderak jokalariei. |
Hona hemen jokalariek bete beharreko arauak:
![]() | Inprimatu |