Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  "Basajaunen Kondaira" ordenagailurako bideojoko hezitzailea

"Basajaunen Kondaira" ordenagailurako bideojoko hezitzailea

2003-12-01 / 07:01 / erabili.com   INFORMATIKA

Euskal Herriko mitologiako pertsonajeak ardatz hartuta, tribial joko ezagunaren ildo beretik, Euskal Herriko literatura, arte nahiz jakingai historiko eta geografikoei buruzko galde-erantzunetan oinarritutako bideojoko berritzaile eta aitzindaria dugu "Basajaunen Kondaira". Jokoa euskara hutsean da, eta edozeinek modu eroso eta atseginean jokatu ahal izateko egina dago.

Eskolako jakingaiak lantzeko

Eskolako jakingaiak lantzeko

Basajaunen Kondaira ez da joko bat soilik, izan ere, informatika programa hau eskolako ikasgaietan jorratutako jakintza gaiak sendotzeko eta finkatzeko prestatua baitago. Menu sistema erraz baten bitartez, irakasleak bideojokoak landuko dituen jakingaiak aukera ditzake eta, era horretara, jokoak irauten duen bitartean, tresnak egingo dituen galdera guztiak aldez aurretik zehaztutako jakingai horietara mugatuko ditu.

Bereziki, hamabi urtetik aurrerako gazteentzat egina dago, eta eduki hezitzaileak jokatze sistema dibertigarri batekin uztartzen ditu. Etengabe agertzen dira Gaueko, lamiak, Basajaun bera eta beste hainbat izaki mitologiko 3Dko animazio koloretsu eta deigarrietan. Bideojokoak ikasleen erabateko arreta lortzen du eta baita bestelako beste edozein erabiltzailerena ere.

Taldean jokatzeko prestatua

Jokalariaren helburua Deiar sorginaren sorginkeriatik sendatzeko osagai magikoak lortzea da. Horretarako, jokalariak Euskal Herrian barrena ibili beharko du bidean agertuko zaizkion izaki mitologikoen galderei erantzunez. Ordenagailu bakarrean, gehienez lau jokalarik jokatu ahal izango dute. Honez gain, gaur eguneko joko berrienen modura, Basajaunen Kondairak ere sarean elkarrekin uztartuta dauden ordenagailuetan jokatzeko aukera ematen du. Nahi adina lagunek joka dezake sarean, ikastetxeetarako bereziki pentsatua baitago. Sareko jokalariek besteek bezala jokatuko dute jokoan, baina galderaren bat erantzuteko zalantzatan badira, sareko beste lagunei bidali ahal izango diete galdera, denen artean erantzuna asmatzen saiatzeko.

Kalitatezko bideojokoa

Basajaunen Kondairak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egiten dituen kalitate-maila tekniko eta linguistikoaren azterketak gainditu ditu. Durangoko azokan aurkeztu ondoren, Basajaunen Kondaira kioskoetan, liburu dendetan, merkataritza guneetan eta ikastetxeetan ere banatuko dute, bere helburu hezitzailea dela eta.

Ibaizabal argitaletxearen eta Gestionet Multimediaren arteko elkarlana

Gestionet Multimedia, enpresa-kudeaketa simulatzaileen eta aplikazio hezitzaileen ikerketa, garapen eta merkaturatze lanetan espezializatua dagoen enpresa berri bat da. Basajaunen Kondaira kaleratzearekin, lehendik landutako alor batean sakontzen du Gestionetek, izan ere, aurrez zenbait argitaletxerentzat multimedia formatu ezberdinetara testu liburuen egokitzapenak egin baitira; era berean, herri-erakundeen zabalkunde kanpainetarako joko hezitzaileak ere garatu dira.

Irudian jokoaren menu nagusia ikus daiteke. Bertatik jokoari hasiera eman dakioke edota galderak, sarea eta bestelako hainbat aukera ere zehaztu daitezke.

Betekizun teknikoak

Hona hemen Basajaunen Kondaira erabili ahal izateko ordenadoreak izan beharreko gutxienekoak:

  • Prozesadorea: Pentium 450 Mhz.
  • RAM: 64 MB.
  • Soinu – txartela: Sound Blaster edo bateragarria.
  • Txartel grafikoa: SVGA.
  • Euskarria: Cd-Rom.

Irudian, Galtxagorri galdera bat egiten. Aukeran ematen diren hiru erantzunetatik erantzun zuzena aukeratu behar du jokalariak, jokoan aurrera egin eta puntu gehiago lortzeko. Denbora mugatua dago galderak erantzuteko. Irudian ikusten den behealdeko barrak ematen du gelditzen den denboraren berri. Sarean jokatuz gero, eta galderaren eskuinean dagoen komodina gorriz agertzen baldin bada, galdera sareko beste jokalariei bidali ahal izango zaie.

Galderak

Erantzun beharrekoak aukera anitzeko galderak dira. Aukeran hiru erantzun emango dira beti. Honela, ikasleari errazago gertatuko zaio aldez aurretik eskolan ikasitako jakingaia gogoratzea. Bizkorrenen eta motelenen arteko aldea ere murrizten laguntzen du bideojokoak, izan ere, denek izango baitute jokoan aurrera jarraitzeko modua. Erantzun zuzenen kokapena bere kasa aldatzen du aplikazioak, galderaren bat berriro agertzen denean erantzun zuzena kokapenaren arabera ez aukeratzeko.

Estraineko bertsio honek Ibaizabalen DBHko zenbait liburu ditu oinarri. Guztira, 2.000 galdera, Euskara eta Literatura, Historia, Geografia eta Arteari buruzko gaiak lantzeko. Gerora galdera sorta hauek berritzeko aukera izango da. Nahikoa izango da jokoaren kopia originala edukitzea eta berritzeko disketea lortzea.

Jokalariak, guztira, zortzi pertsonaje ditu aukeran, lau emakumezko eta beste lau gizonezko. Pertsonajeak, berriz, lau motatan sailkatuta daude: baserritarrak, merkatariak, aizkolariak eta arrantzaleak. Pertsonaje bakoitzak bere istoriotxoa du, baina, nahi izanez gero, jokalariak bere izena jar diezaioke aukeratutako pertsonajeari.

Jokoaren helburuak

Pertsonaje bakoitzak edabe magikoaren hiru osagaiak lortu behar ditu sorgin batek egin dien sorginkeria indargabetzeko, izan ere, osagaiak azkar lortzen ez badituzte sorginkeriak animalia bihurtuko baititu.

Hiru osagaiak lortzeko Euskal Herrian barrena toki batetik bestera ibili eta gero, pertsonajeak bere etxera itzuli behar du lortutako hiru osagai horiekin, edabe magikoa prestatu ahal izateko.

Sorginkeriatik askatzea lortzen duen lehenengo jokalariak irabaziko du. Erlojupean jokatzen bada, berriz, joko-denbora amaitzen denean puntu gehien lortu dituenak irabaziko du.

Hemen jokoaren leiho nagusia ikus daiteke. Jokalariak bere pertsonajea batetik bestera mugitu beharko duen lekua. Euskal Herriko herri, mendi eta leku garrantzitsuenak agertzen dira bertan. Pantailaren behealdean informazio osagarria jasoko du jokalariak. Eskuinean berriz, jokalaria larri dabilela ikus daiteke, ia bizi-punturik gabe, eta asto bihurtzeko bidean, Deiar sorginaren aztikeria dela eta. Era berean, eskuinaldean, baina beherago, Euskal Herriko mapa txiki bat ere ageri da, jokalaria non dabilen eta osagai magikoak non diren jakiteko. Euskal Herriko maparen azpian, berriz, Tolosako sagarra, Iratiko lamien orrazia eta Lizarrako hondarra daude: kasu honetan ukendua prestatzeko bildu behar diren osagai magikoak dira.

Ezaugarriak

Laburbilduz, hona hemen Basajaunen Kondairak dituen ezaugarri nagusienak:

  • Galdera sorta moldagarria du: galderak irakasleak landu nahi dituen jakingaietara mugatu daitezke. Galderak liburuka eta atalka sailkatuta daude.
  • Euskal Herriko jakingai geografiko, historiko eta mitologikoen ikasketa sena erabiliz lantzen du.
  • Eskolan ikasitako jakingaien berrikusketa egiteko tresna ezin egokiagoa da, izan ere, aldez aurretik eskolan landutako jakingaiak sendotzeko lana ikasleentzat oso modu atseginean egiten baitu: jolasaren bitartez.
  • Erabilera oso erraza:
    • Aplikazioaren eta galderen ezarpenerako sistema ezin errazagoa irakasleentzat.
    • Bideo jokoetan erabili ohi diren baliabide guztiak dituenez, ikasleek azkar ikasten dute tresna nola erabili behar den.
    • Menu sistema grafiko eta intuitiboa.
  • Ebaluaziorako puntuazio sistema guztiz ulergarria du.
  • Galdera sortak eduki, gai eta liburu berrietara moldatzeko prestatutako aplikazioa.
  • Giza garapenerako eragingarri eta mesedegarri direla frogatuta dauden mahai-jokoetan oinarritutako arau sistema.
  • Basajaunen Kondairak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egiten dituen kalitate-maila tekniko eta linguistikoaren azterketak gainditu ditu.
  • Lau ikaslek ordenagailu bakarrean txandaka jokatzeko aukera ematen du.
  • Jokoaren azalpena emateko hiru dimentsiotako bideo aurkezpena.
  • Euskal mitologiako 12 pertsonajeren bidez aurkezten da jokoa.
  • Hiru dimentsiotan eginiko 24 animazio. Bina animazio pertsonaje mitologiko bakoitzeko.
  • Zortzi musika doinu jokoaren egoera ezberdinetarako.
  • Soinu efektu bereziak.
  • Dado bidezko aurrerapena.
  • 2.003 galdera.
  • Euskal Herriko mapa joko-taula gisa. Herrialde eta leku esanguratsu ugarirekin: Tolosa, Miarritze, Gorbeia, Iratiko Oihana, Lizarra, Tutera, Aizkorri, Labastida, Balmaseda, Anboto...
  • Zortzi pertsonaje aukeran. Gizon eta emakumeak, lau taldetan banatuak: baserritarrak, arrantzaleak, merkatariak eta aizkolariak.

Goiko irudian, jokoan agertuko diren izaki mitologiko batzuk. Beraiek egingo dizkiete euskara, historia eta bestelako gaiei buruzko galderak jokalariei.

Joko-arauak

Hona hemen jokalariek bete beharreko arauak:

  • Mugimendua, pantailan agertzen den dadoan ateratzen den kopururaren araberakoa da. Botaldi bakoitzeko, galdera bat erantzun beharko du jokalariak.
  • Jokalari bakoitza hiru bizi-punturekin hasiko da. Asmatzen duen galdera bakoitzarengatik, bizi-puntu bat irabaziko du. Kale egiten badu, ordea, bizi-puntu bat galduko du.
  • Gehienez 10 bizi-puntu eduki ditzake jokalari bakoitzak, eta, gutxienez, bakar bat ere ez.
  • Asmatzen den galdera bakoitzak 10 puntu balio ditu. Herri edo leku esanguratsu batean erantzuten bada, ordea, 20 puntu lortuko dira. Ez da punturik kentzen erantzun okerra emateagatik.
  • Jokalariren bat bizi-punturik gabe geratzen bada, Deiar sorginak asto bihurtuko du, bilduta dituen osagaiak galduko ditu eta berriro bere etxetik hasi beharko du. Galderak asmatu ahala, lehengo egoerara itzuliko da jokalaria.
  • Jokalari bakoitzak soginkeriatik askatzeko prestatu behar duen edabearen hiru osagaiak lortu behar ditu. Horretarako, osagai bakoitza dagoen lekuraino joan beharko du, eta galdera zuzen erantzun. Hiru osagaiak lortzean, atzera berriz etxera itzuli beharko du jokalariak, eta hiru galdera zuzen eta jarraian erantzun beharko ditu. Hau guztia lehenengo lortzen duenak irabaziko du.
  • Jokalari bat baino gehiago ari badira jokatzen, batek galdera bat oker erantzutean, hurrengoari egokituko zaio jokorako txanda. Hiru erantzun zuzen jarraian ematen direnean ere, hurrengo jokalariaren txanda izango da.
  • Erlojupean jokatzea erabakitzen bada, denbora amaitzean puntu gehien dituen jokalariak irabaziko du.

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com