|
Euskarazko edozein testu moldatzeko orduan, -ikasle, irakasle, itzultzaile edota idazle izan- makina bat zalantza eta duda-muda sortu ohi zaizkio testu sortzaileari, hitz forma egokienak, esapide aukerakoenak eta joskera zuzenenak hautatzeko orduan. Ataka horretan gertatzen direnei laguntze aldera, EHUko Euskara Zerbitzuak "Ereduzko Euskararen Korpusa" jarri du amaraunean eta hiztegi eta gramatika aldetik aztertu eta kontsultatu ahal izateko aztergailu ahaltsu batez hornitu du.
Orain arteko ekimenak
Orain arteko ekimenak
Orotariko Euskal Hiztegiak gure tradizioko idazle ereduzkoen ondarea jasotzen du, hiztegiaren nahiz gramatikaren aldetik erabilgarri gertatzen den eran. Baina, gaur egun euskararen normalizazioak dituen premiei erantzuteko, eta ondare horren osagarri, nahitaezkoa da egungo idazle ereduzkoen idazlanen bilketa egiten hastea.
Bada gaur egun proiektu bat, “XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa” izenekoa (lehen “Egungo Euskararen Bilketa-lan Sistematikoa” deitua), euskarazko produkzioaren erakusgarri bat urtero jasotzen duena. Baina bilketa-lan hori estatistikoa da, eta berdin jasotzen ditu idazle "onen" nahiz "ez hain onen" testuak. Bilketa estatistikoak beharrezkoak diren arren, hizkuntzaren zenbait alderdi aztertzeko, dudarik gabeko kontua da mundu guztian hizkuntza-ereduak eta ereduzko bideak idazle ereduzkoen azterketatik eratortzen direla. Hortaz, EHUko Euskara Zerbitzuak bide horri ekin dio, hots, gure tradizioaren jarraipenaren azterketari.
Egungo Euskara Ereduzkoaren Bilketa
Testu jakin bat “eredugarritzat” jotzeko erabili diren irizpideak oso zabalak dira:
- prestigio nabarmeneko sariak,
- lexiko-sorkuntzaren aldetik eta literatura-balio ukaezinaren aldetik interesgarriak diren liburu guztiak,
- salmenten arabera bederen arrakasta nabarmena izan duten liburuak...
2000. urtea hartu da korpuserako biltze-lanaren abiatze-puntutzat. Izan ere, urte horretan Hiztegi Batuaren lehen idatzaldiaren behin betiko argitalpenarekin euskara estandarraren nolakotasuna bideratu baitzen.
Hortaz, korpusa, salbuespenak salbuespen, 2000 urtetik aurrerako testu eredugarriez osatzen da. Lehen etapan, 2000, 2001 eta 2002 urteetako testuez osatu da. Oraingoz hitz lauzko testuak soilik korpuseratu dira –87 liburu osorik, 4 milioi t’erdi baino gehiago testu hitz-, eta batez ere literaturakoak, jatorrizkoak nahiz itzulpenak.
Proiektu hau, nolanahi ere, behategi moduko bat bihurtuko da, urtez urte euskal produkzioaren nolakotasunaren eta bilakabidearen berri emango duena, eta egungo euskara ereduzkoaren gero eta erakusgarri zabalagoa eskainiko duena.
Bestalde, testuok, hiztegi nahiz gramatika aldetik aztertzeko, aski aplikazio ahaltsu batez hornitu dira.
Beraz, eta laburbilduz, Ereduzko Prosa Gaur ekimenean gaur egungo hainbat idazle ereduzkoren azken urteotako testuak bildu dira, horiekin korpus aski zabal bat eratuz. Korpus horri etekinik beteena ateratzeko aztergailu ahaltsu eta erabilterraz bat erantsi zaio. Horiek horrela, lanabes aski egokia da, gaurko euskal autore eredugarriek euskaraz idazterakoan guztioi sortzen zaizkigun duda-mudei eman dizkieten irtenbideak ezagutzeko.
Egitasmo hau EHUko Euskara Zerbitzuaren proiektuen ildoan kokatu behar da. Arduraduna Zerbitzuko kide den Ibon Sarasola da, proiektuaren antolatze-, garatze- eta zuzentze-lanei dagokienez. Laguntzaileak orobat Zerbitzukoak diren Xabier Alberdi, Jesus Mari Makazaga, Iñaki Ugarteburu eta Juan Garzia dira. Proiektuaren babesle Donostiako Udala da, Euskararen Udal Patronatuaren bidez.
Hona hemen Ereduzko Prosa Gaur arakatzailean bilaketak egiteko prestatu den Interneteko aplikazio informatikoaren helbidea:
Ereduzko prosa gaur: Kontsultarako Laguntza
Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen duen zerbitzu honetan bilaketak egiten hasteko, lehendabizi, bilaketarako corpusa definitu behar dugu. Horretarako, Corpusa murriztu botoia klikatuz agertuko zaigun menua erabiliko dugu. Menu honetan, nahi adina obra aukeratu daitezke, ezkerretara aurkitzen dugun laukitxoan klik eginez. Guztiak aukeratu nahi izanez gero, Osoa botoia klikatu beharko genuke. Aukera egin eta gero, Ezarri eta Itxi botoiak sakatu beharko ditugu.
Bigarren, lortu nahi dugun emaitza nola bistaratu aukeratuko dugu. Emaitza osoa bistaratu aukera aktibatzen badugu, zuzenean, bilatutako hitzen agerpenak ikusi ahal izango ditugu. Aukeratzen ez badugu berriz, obra bakoitzeko zenbat agerpen dagoen ikusiko dugu. Bestalde, emaitza osoak bistaratzen ditugunean, bilatutako forma azpimarratuta agertuko zaigu. Bertan klik eginez, formari buruzko informazioa aurkituko dugu (izan ditzakeen kategoriak, etab.) Obren izenburuetan klikatzen badugu berriz, jaso ditugun emaitzak beste leiho batean ikusi ahal izango ditugu.
Behin hauek guztiak erabakita ditugula, prest gaude nahi dugun forma idazteko. Honetarako eskaintzen zaigun kutxan, letrez aparte, giltza-karaktereak ere erabili ditzakegu (, ? #). Honela, ikurra erabiltzen badugu, edozein karaktere edo karaktere segida definitzen ariko gara. Adibidez, *kortasun lema bilatzen badugu, hilezkortasun, egonkortasun, eraginkortasun, bizkortasun, iraunkortasun, etab. aurkitu ahal izango ditugu. ? ikurra erabiltzen badugu aldiz, edozein karaktere (baino bat bakarra) definitzen ariko gara eta azkenik # ikurra zenbakiak adierazteko erabili ahal izango dugu.
Adibidea: kortasun (Gainean sakatzen baduzu, zabalduko zaizun orrialdean, aztergailua erabiltzeko pausu guztiak banan-banan ikusiko dituzu)
Corpus arakatzailearen bilaketa motak
Bilaketa arrunta
Kontsultatu nahi dugun hitza edo lema idatzi beharko dugu aurkezten zaigun kutxan. Hitza aukeratzen badugu, idazten duguna bere horretan bakarrik bilatzen ariko gara. Bestela, lema aukeratzen badugu, izan dezakeen edozein formatan aurkitu ahal izango dugu idazten duguna.
Eskaintzen zaigun kutxan "etxe" hitza idazten badugu eta Bilatu botoia sakatzen badugu, Fantasiazko ipuinak obran adibidez, "68 hitz / 66 esaldi" emaitza lortuko dugu. Honek esan nahi du, aipatutako liburuaren 66 esalditan agertzen dela bilatzen ari garen hitza eta, era berean, esaldiren batean gure hitza behin baino gehiagotan azaltzen dela.
Adibidea: etxe hitza (Gainean sakatzen baduzu, zabalduko zaizun orrialdean, aztergailua erabiltzeko pausu guztiak banan-banan ikusiko dituzu)
Bestalde, "etxe" lema bilatzen badugu, lehen aipatutako corpus berean "239 hitz / 232 esaldi" emaitza lortuko dugu. Non dago aldea? Oraingoan adibideei begiratzen badiegu, honako formak aurkituko ditugu: etxean, etxera, etxetik, etxe, etxerantz, etab.
Adibidea: etxe lema (Gainean sakatzen baduzu, zabalduko zaizun orrialdean, aztergailua erabiltzeko pausu guztiak banan-banan ikusiko dituzu)
Bilaketa aurreratua
Bilaketa aurreratuen kasuan aukera gehiago eskaintzen zaizkigu. Bilaketa arruntetan bezala, hitz bat idatziko dugu kutxan. Gogoan izan, bilaketa aurreratuak egiteko, Lema bilatu beharko dugula eta ez hitza. Ondoren, Morfologia botoian klikatuta, leiho berri bat irekiko zaigu:
Leiho honetan, hainbat ezaugarri morfologiko zehaztu ditzakegu: bilatzen ari garen hitzaren kategoria, aditz-mota, atzizki edo aurrizkiak, deklinabide zehatz batekin, edota numeroa (singularra, plurala, mugagabea...) Leiho honetan eskaintzen zaizkigun aukerak erabilita, gure bilaketek emaitza zehatzagoak izango dituzte. Beti ere, nahi dugun aukera egindakoan, Ezarri eta Itxi botoiak sakatu behako ditugu.
Demagun "gizon" Lemaren agerpenak aurkitu nahi ditugula pluralez eta NORI kasua dutenean. Morfologiako botoia sakatu eta agertuko zaigun leihotxoan Deklinabidean NORI eta Numeroan Plurala aukeratuko dugu. Ondoren, Ezarri eta Itxi botoiak sakatu beharko ditugu.
Adibidea: gizonei (Gainean sakatzen baduzu, zabalduko zaizun orrialdean, aztergailua erabiltzeko pausu guztiak banan-banan ikusiko dituzu)
Bilaketa Konbinatuak
Kutxa bat baino gehiago erabiliz, bi hitz edo gehiago bilatu ahal izango dugu, eta guk nahi dugun distantziara agertuko dira. Beraz, hiru kutxa erabilita, adibidez, hain zuzen ere bilatu ahal izango dugu; eta era berean, 4ko distantzia jartzen badugu, "etxe handi zuri bat" aurkitu ahal izango dugu "etxe bat" bilatuta.
Lehen aipatutako bilaketak egin nahi baditugu, honako pausuak eman beharko ditugu:
Adibidea: hain zuzen ere (Gainean sakatzen baduzu, zabalduko zaizun orrialdean, aztergailua erabiltzeko pausu guztiak banan-banan ikusiko dituzu)
Adibidea: etxe bat (Gainean sakatzen baduzu, zabalduko zaizun orrialdean, aztergailua erabiltzeko pausu guztiak banan-banan ikusiko dituzu)
Bestalde, hitzak eta lemak konbina ditzakegu bilaketak egiteko. Honela, adibidez, "lo" hitza eta "egin" lema bilatuko bagenu, honako emaitzak lortuko genituzke:
Adibidea: lo egin (Gainean sakatzen baduzu, zabalduko zaizun orrialdean, aztergailua erabiltzeko pausu guztiak banan-banan ikusiko dituzu)
Maiztasun bilatzailea
Aukerak
Maiztasun bilatzailea erabiltzeko egin behar dugun lehenengo gauza, eskaintzen zaigun laukitxoan hitz edo lema bat idaztea da (bakarra). Gure bilaketan ezingo dugu giltza-karaktererik erabili.
Ondoren, Testua bilatu hautaketan Hitzaren osagai bezala, Hitz hasiera bezala, Hitz amaiera bezala edo Bere horretan aukeren artean, idazten duguna zer den zehaztuko dugu.
Azkenik, Emaitza ordenatu aukeran Maiztasunaren arabera edo Alfabetoaren arabera ordenatzeko aukera eskaintzen zaigu.
Demagun "tasun" atzizkia duten hitzak aurkitu nahi ditugula. Laukitxoan "tasun" lema idatzi eta hitz bukaera bezala bilatzen badugu, zerrenda bat azalduko zaigu. Zerrenda horretan "tasun" atzizkia duten hitzak aurkituko ditugu eta agerpen eta maiztasun kopuruez gain, liburuxka eta lupa bat ikusiko ditugu. Liburuxkan klikatzen badugu, obra bakoitzeko zenbat agerpen dagoen aurkituko dugu. Lupan klikatuta, berriz, liburu bakoitzeko adibideetara joko dugu.
Adibidea: tasun (Gainean sakatzen baduzu, zabalduko zaizun orrialdean, aztergailua erabiltzeko pausu guztiak banan-banan ikusiko dituzu)
Gauza bera egin genezake "labora" hitz zatia erabilita. "labora" lema bilatuko bagenu hitz hasiera bezala, "labora"z hasten diren forma guztien zerrenda lortuko genuke. Honelako aukera bat erabilgarri izan daiteke "laboratorio/laborategi" moduko pareen erabilera konparatzeko.
Adibidea: labora (Gainean sakatzen baduzu, zabalduko zaizun orrialdean, aztergailua erabiltzeko pausu guztiak banan-banan ikusiko dituzu)
Tresna honen beste erabilera bat errimak aurkitzekoa izan liteke. Adibidez "artu" lema hitz bukaera bezala bilatuko bagenu, "artu"z bukatutako hitz zerrenda luzea aurkituko genuke: sartu, hartu, onartu, behartu, hitzartu, lokartu...
Adibidea: artu (Gainean sakatzen baduzu, zabalduko zaizun orrialdean, aztergailua erabiltzeko pausu guztiak banan-banan ikusiko dituzu)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko sakatu gainean):
|