|
Sekulako zaletasuna piztu da gazteen artean: patrikako telefonoaren bidez elkarri idatzizko mezu laburrak bidaltzea. 20 urte bitarteko telefonodun gazteen %90ek egunean bost mezu baino gehiago bidaltzen du. Iaz Europan 135.000 milioi mezu bidali ziren. Espainian, berriz, 11.000 milioi (%8).
Berebiziko diru iturria
Berebiziko diru iturria
Espainiako Telekomunikazioen Merkatuko Komisioaren (CMT) arabera, mezu laburrekin 952 milioi euroko irabaziak lortu ziren 2002. urtean, 2001ean baino %45 gehiago. Batez beste, sakeleko telefono bakoitzak mezu laburretan 30 euro gastatu zituen iaz.
Haseran doan, gero ez
Lehendabiziko urteetan patrikako telefonoen bidez bidalitako idatzizko mezuak doan izan ziren. Jakinekoa da gazteek patrikan zuloa dutela eta, hain zuzen ere, neurri handi batean haserako doantasun horrek eraginda, inork gutxik uste ez bezalako zabalkundea eta arrakasta lortu zuten mezu laburrek gazteen artean.
Telefono etxeak berehala jabetu ziren hortik ere irabazi politak lor zitzaketela eta, hala, mezu laburrak bidaltzeagatik ordaindu beharra ezarri zuten. Gaur egun, gehienez 160 karaktereko mezu labur bat bidaltzeak 0,15 euro (25 pta) balio du.
Harreman bide berria
Gazteentzat mezu laburrek duten erakargarritasunik handiena zera da: mezu igorleak, neurri batean, ezkutuan geratzen direla, alegia, mezuaren hartzaileak mezuarekin batera igorlearen telefono zenbakia besterik ez duela jasotzen. Berezitasun horrek, jakina, jolaserako, ligatzeko eta beste hamaika kontutarako aitzakia ematen die gazteei. Patrikako telefonoan jasotako mezu laburrek gazteei ematen dieten lanik handiena ikerlariarena izaten da: "Nork bidali ote dit?".
Labur-zurrean ibili beharra
Mezu laburrek, osatzeko garaian, badituzte bi berezitasun: batetik, gehienez, 160 karaktere izan ditzakete eta, bestetik, karaktere bakar bat idazteko, batez beste, hiruzpalau aldiz sakatu beharra daude eskuko telefonoaren botoiak. Horregatik guztiagatik, mezu laburrak idazterakoan, idazkera berezia garatu da: batez ere, akronimoak asmatu dira (HHH TXIKAN: "Hi Haiz Hi TXImu KANkailua"), laburtzapenak ere nagusi dira (Z bt bzl: "Zu beti bezala"), zenbaki-hitzak ere sortu dira (2zi: "bizi") eta baita zenbakidun akronimoak ere (H2ziHH: "Hi bizi haiz hi"). Azkena garatu diren zeinuak, berriz, iruditzak dira:(o)(o) ear dzkik "diti ederrak dizkik"edota }{ 1 "musu bat".
Beraz, mezu laburren altzoan garatu den komunikazio molde berriak baliabide guztiak onartzen ditu mezuak osatzeko garaian. Baina trabarik handiena zera izaten da: ingurukoen artean garatutako idazkera berezia nekez ulertzen dutela talde horretatik kanpo daudenek.
Euskarazko gidaliburua
Kilometroak 2003ko antolatzaileei, gazteek elkarri mezu laburrak bidaltzeko duten grina ikusita, mezu laburrak euskaraz moldatzeko liburuska bat egitea otu zitzaien eta, horretarako, Zazpiak Batman taldearekin jarri ziren harremanetan (Kike Amonarriz, Asisko Urmeneta eta Antton Olariaga). Eta, hala, "SMS: Segapotoen Mezu Sekretuak" gidaliburua kaleratu dute. Egileen esanetan: "Mezuetako euskara, zibereuskara, denon artean osatu behar dugun hizkuntza berri bat da. Eta zenbat eta gehiagok eta zenbat eta gehiago erabili, orduan eta normalagoa, aberatsagoa eta adierazkorragoa izango da." Eta ondorengo hau ere badiote: "Liburu hau, jolaserako, komunikaziorako, harremanetarako, dibertsiorako eta sedukziorako aitzakia da. Euskaraz haserretu, maitemindu, ziria sartu, gozatu, adarra jo... nahi dugu. Eta horretarako, ba al da bide egokiagorik mugikorretako mezuena baino?".
"SMS: Segapotoen Mezu Sekretuak" liburuaren 50.000 ale argitaratu dira. Argitalpena egiteko dirulaguntza eman dutenak, berriz, Eusko Jaurlaritza, Euskaltel, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lazkaoko Udala izan dira.
Mezu laburren beste erabilera batzuk
Gazteen artean ez ezik, mezu laburren erabilera hamaika txokotara ere zabaldu da. Deigarriena, esate baterako, telebista kateek egiten duten erabilera da. Hainbat telebista katek, ETB tartean dela, lehiaketak, zozketak eta abarrak antolatzen dituzte ikusleek mezu laburrak bidal ditzaten. Mezu labur hauek ohikoak baino garestiagoak izaten dira (premium) eta diru-iturri ederra bihurtu dira telebistentzat. Tele5 telebistak, esate baterako, Crónicas Marcianas saioa buru duela, 2003ko lehen sei hilabeteetan 10 milioi euroko irabaziak lortu ditu ikusentzuleek bidali ohi dituzten mezu laburrengatik.
Nahi izanez gero, ordainduta jakina, mezu laburren bidez hainbat zerbitzu ere ematen dira: albisteak, eguraldiaren berri, trafikoaren egoera...
Azken aldera, berriz, zoritxarreko iragarkiak, eskatu gabekoak, hasi dira iristen mezu laburren bidez. Beti bezala, hemen ere, alde onekin batera txarrak ere ageri dira.
|