|
Azken hamarkadetan euskararen erabilera normalizatzeko egindako ahaleginak asko izan badira ere, eragin txikia izan dute euskararen normalizazio-prozesuan hain garrantzitsua den esparru profesionalean. Horrela, gaur egun, Euskal Herriko lan-munduan erabiltzen den hizkuntza nagusia gaztelania da. Enpresetan beste arloetan baino euskara gutxiago erabiltzen da, batez ere, idatzizko harremanetan eta harreman formaletan. Euskara esparru sozioekonomikoaren luze-zabalean hedatu nahi badugu, euskararen erabilera ezinbestean uztartu behar dugu teknologia berriekin eta kudeaketaren kalitatearekin.
Euskara, hizkuntza beikular gisara, zientziaren dibulgazio teknologikoa, gizartean zientzia eta teknologiaren garapena eta infoinjenieritza linguistikoa landu ahal izateko hizkuntza erabilgarri bilakatu dugun arren, lan-mundua euskaratzea ezinbestekoa izango zaigu, euskararen normalizazioa osatzen duen kateak etenik izan ez dezan.
Bestalde, merkatuen globalizazioaren fenomenoa, topiko izateaz gain, aldaketa sakona ari da eragiten maila guztietan: ekonomian, industrian, gizarte-mailan eta maila pertsonalean; eta horren guztiaren azken emaitza ez dugu oraindik ezagutzen. Informazioaren teknologia berria eragiten ari den merkatuen integrazioaren eta iraultzaren ondorioz, litekeena da munduko edozein lekurekin berehala konektatzea eta edozein aldaketa edo asaldura berehala lekualdatzea; elementu hauek guztiek ez dute ia erreakzionatzeko aukerarik ematen eta oso erritmo bizia ematen diote negozioaren munduari.
Gaur egun enpresa eta erakundeek beren ingurune lehiakorrari aurre egiteko eskura duten irtenbide garrantzitsuenetariko bat kudeaketaren kalitatea eta teknologia berrien gaineko apustua da.
Euskara esparru sozioekonomiko osora hedatu nahi badugu, ezinbestekoa da teknologia berrien bitarteko kalitatearen gestioa garatzea; Elhuyar Aholkularitzan erronka horri ere eutsi nahi izan diogu.
Aipatu dugun bezala lan-munduan gaztelania da hizkuntza nagusia eta sektorean lanerako eta kudeaketarako erabiltzen diren sistema ezberdinak ere gehienetan gaztelaniaz daude. Azken hamarkadan enpresaren kudeaketan kalitatea lehen mailako gaia bihurtu da teknologia berrien gaiarekin batera eta euskararen presentzia bi alor hauetan eskasa da. Hemen, erabili.com-en, aurkezten dizuegun proiektuak hutsune hau betetzeko asmoarekin diseinatu da. Hiru alderdi hauek osatzen dute, beraz, BaGOAz proiektuaren oinarrria:
Europako bikaintasun eredua (EFQM eredua) BaGOAz proiektuaren oinarri
BaGOAz proiektua ulertzeko ezinbestekoa dugu kalitatearen inguruko zenbait kontzeptu ezagutzea.
50eko hamarkadan industri-munduan kalitate kontzeptua erabiltzen hasi zen. Produktuaren kalitateari garrantzia ematen hasi ziren. Garai hartan kalitatea akats gisara ulertzen zen, hau da produktua ondo egina zegoenaren kontrola. Urteak aurrera egin ahala, eta enpresen lehiakortasuna gero eta handiagoa den heinean, kalitate kontzeptuak ere bere eboluzioa jasan du eta kalitatearen bermeari buruz hitz egiten hasi gara. Kalitatearen bermeak hurrengoa suposatzen du: kalitatearen kontrola eta bermearen planifikazioa eta hobekuntza hartzen ditu kontuan. Helburua produktuan kalitateari dagozkion eskakizunak betetzen dituela ziurtatzea eta horren konfiantza sorraraztea da, azken helburua bezeroaren asebetetzea izanik beti ere . Hain ezagunak diren ISO ziurtagiriak baieztatzen digu enpresa batek kalitatea bermatzea lortu duen edo ez. Azken hamarkadan, beste urrats bat gehiago emanez, kudeaketaren kalitateari buruz hitz egiten hasten da eta produktua eta bezeroez gain beste hainbat elementu ere agertzen zaizkigu kalitate kontzeptuaren baitan. Bilakaera horretan ERABATEKO KALITATEA kontzeptua eratzen da: Erakundearen jarduera-alor guztietan kalitatearen etengabeko hobekuntza kudeatzeko estrategia da erabateko kalitatea. Bezeroen, pertsonen, akziodun edo bazkideen, eta gizartearen behar-itxaropenak era orekatuan asetzea du helburu. Estrategia hau, gure artean, erabateko kalitatea edo bikaintasun-eredua izenarekin eman da ezagutzera.
Argi geratu behar da EFQM eredua ez dela inplementatu beharreko kalitate-sistema edo araua, autodiagnostiorako tresna baizik. Eredu honek ez digu esaten zer egin behar duen erakundeak, aurrez zehaztutako kudeaketa-estilo baten aurrean erakundearen egoera zein den definitzen laguntzen baitigu.
Europako bikaintasunaren ereduak enpresaren gestioaren bikaintasuna 9 irizpideren arabera neurtzen du. Hauek, erakundearen alor guztiak barne hartzen dituzte. Autoebaluazioak erakundea irizpide bakoitzean nola dagoen adieraziko digu. 9 irizpideak honakoak dira: lidergoa, estrategia eta planifikazioa, pertsonak, aliantzak eta baliabideak, prozesuak, emaitzak bezeroengan, emaitzak pertsonengan eta emaitza giltzarriak.
BaGOAz proiektua
Arestian aipatu dugun bezala euskara esparru sozioekonomiko guztietara hedatu nahi badugu, euskararen erabilera, teknologia berriak eta kalitatearekin lotzea ezinbestekoa da. Hau lortzeko eta teknologia berrien bitartez kalitatearen gestioa euskaraz garatzeko beharra aztertuta BaGOAz proiektua sortu zen.
Proiektu hau garatzeko GAIA enpresa-elkarteak gidatutako europako proiektu arrakastatsuaren emaitzez eta Elhuyar Aholkularitzak lan-munduan bideratutako lanez baliatu da.
BaGOAz proiektuaren helburuak
baGOAz proiektuaren xedea, hauxe da:
- Erabateko Bikaintasuneranzko bidea jarraitzeko konpromisoa hartu duten enpresa eta erakundeei, EFQM ereduan oinarritutako kudeaketa-modua abiarazten laguntzea eta urrats guztietan euskararen erabilera bermatzea.
Aurrez aipaturiko xedearen garapena ondorengo helburu zehatzen lorpenean gauzatzen da:
- EFQM-n oinarritutako auto-ebaluazioak euskaraz egiteko softwarea erabili.
- EFQM ereduaren aplikaziorako prestakuntza- eta aholkularitza-materialak erabili, euskaraz.
- Enpresa eta erakundeak Erabateko Bikaintasuneranzko bidean jarri.
- Kalitate gaietan urrutiko zerbitzuak euskaraz eskaintzeko plataforma telematikoa erabili.
- Praktika bikainen txostena sortu.
Proiektuaren bultzatzaileak eta parte-hartzaileak
Proiektu hau aurrera eramateko GAIA eta Elhuyar aholkularitza elkarlanean aritu dira. Hona hemen erakunde bakoitzaren deskribapen laburra.
GAIA, irabazi asmorik gabeko, izaera pribatu eta lanbidezkoa duen elkartea da. Bere jatorria 1983an sortutako Asociación de Industrias Electrónicas del País Vasco (AIEPV) delakoan du, honek bere sozietate izendura 96an aldatu zuen, egungo Euskal Herriko Elektronika eta informazio-teknologien industrien elkartea izendura hartuz, GAIA.
Elhuyar Aholkularitza parte hartzeko metodologian oinarrituta eta euskaraz lan eginez, euskara garatzeko, taldean eraikitako prozesuetan lan egiten duen enpresa euskalduna da. Metodologia etengabe elikatzen eta garatzen duena, bezero, hornitzaile kolaboratzaile eta gainerako eragileekin partekatuz.
baGOAz proiektuan parte hartu duten erakundeei dagokienean, administrazio, hezkuntza eta lan-munduko sektoreetako eragileak izan dira. Administrazioaren kasuan Aramaioko Udala, Bermeoko Udala, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza eskola, Eibarko Udala, Gordexolako Udala eta UEMA aritu dira. Hezkuntza sektoretik Beasaingo La Salle-San Jose ikastetxea, La Salle Donostia, Eibarko La Salle Isasi ikastetxea, Beasaingo Txindoki Institutua eta Lea Artibai ikastetxea aritu dira. Enpresa mailan, lan-AZTI Fundazioa eta ELAY aritu dira, besteak beste.
BaGOAz Proiektuan landutakoak
Erabateko bikaintasunerazko bidea jarraitzeko konpromisoa hartu duten enpresa eta erakundeek, ibilbide horretan eta BaGOAZen bitartez, hurrengo elementuak landu dituzte:
- EFQM ereduan euskarazko trebakuntza jaso dute.
- GOA softwarea erabiltzeko trebakuntza jaso dute.
- GOA-WorkBench softwarea erabiliz EFQM auto-ebaluazioa euskaraz egin ahal izan dute, aholkularien laguntzarekin.
- On-line aholkularitza izan dute autoebaluazioan zehar eta Hobetze Arloak lantzerakoan.
- Kalitate gaietan urrutiko zerbitzuak euskaraz jasotzeko plataforma sortu da: BaGOAZ.net atariaren bidez EFQM ereduaren inguruko informazio eguneratua izan dute (ereduari buruzko informazioa, hobetze-planak garatzeko eskuliburua,…)
Parte hartu duten erakundeei baGOAz proiektuak eskaini dien bereizgarria kudeaketaren kalitatean euskara erabiltzea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea izan dira.
Erakunde bakoitzak beraz EFQM-n oinarritutako autoebaluazio bideratu du GOA-workBench programa erabiliz. Hau guztia ahalik eta modu eraginkorrenean bideratu ahal izateko aholkularitza eskaini zaie, on-line bitartez eta maila presentzialean.
Autoebaluazioa egiteko orduan, erakundeak irizpide bakoitzean dituen alderdi positiboak eta hobetu beharrekoak identifikatzen dira. Era horretara, hobetu beharrekoak kontuan hartuz hobetze-plana landu du erakunde bakoitzak; honetarako ere online aholkularitzaren laguntza izan dute etengabe.
Hobetze Arloak zehaztu ondoren, identifikatutako hobetze arloen ezarpena etorri da. Bukatzeko eta hobetze-planari segimendua egin eta proiektua bukatu aurretik EFQM-n oinarritutako bigarren autoebaluazioa egitea aurreikusten da, lehen autoebaluaziotik bigarrenera emandako aldaketak ezagutu ahal izateko.
Enpresetan EFQM ereduan oinarritutako kudeaketa-modua aplikatzen laguntzeko metodologiak eta tresnak garatu dira, eta horretarako prestakuntza eta aholkularitza zerbitzuen babesa izan dute.
Proiektu pilotu hau garatzeko GAIA ENPRESA-ELKARTEAK GIDATUTAKO EUROPAKO PROIEKTU ARRAKASTATSUAREN EMAITZEZ eta ELHUYAR AHOLKULARITZAk LAN MUNDUAN BIDERATUTAKO LANAZ baliatuko da.
Erakunde hauek EFQM aplikatzeko praktiketatik emaitza bikainenak lortzeko gauza izango dira eta emaitza horiek erreferentziazko eredu izango dira ondorengo ustiapenetan.
GOA-WorkBench
GOA-WorkBench tresna “Iritzi Taldeen Aztertzailea”n (Group Opinion Analyser) oinarritzen da eta inkestak sortzeko, egiteko eta aztertzeko baliabide sendoa da.
IST eta ESPRITen (Europako Batzordea) esparruan GOAren bertsio berezia garatu da EFQMren esparruaren barruan erabili ahal izateko. Bertsio berezi horrek galderetako bakoitza bereizteko eta kokatzeko aukera duten EFQMren galdera-sortak eskaintzen ditu.
- GOA-Ebaluazioa: Bikaintasuneko EFQM Ereduaren araberako auto-ebaluazioa.
GOAk berrikuntza nabarmen bat ekarri du: tresna honek azken erabiltzaileari aukera ematen dio, EFQM Ereduaren arlo guztietarako definitutako galderekin lan egiteko. Gainera, galdera horiek pertsonalizatu ahal izango dira norberaren beharren arabera eta ez dute galdera-sorten egitura aldatuko, ez eta EFQMren puntuazioen zenbaketa egiteko kalkulu-algoritmoak alde batera utziko ere. Horri multimediako prestakuntza-tresna integrala gaineratzen badiogu, Enpresa, Udaletxe eta elkarteek oztopo gutxiago izango du EFQMaren ereduren bat hautatzerakoan.
Tresna hau Enpresa Txiki eta Ertainetarako ez ezik, eleaniztun diren korporazioetarako ere oso onuragarria da, galdera-sortak une berean hainbat hizkuntzatan egiteko aukera eskaintzen baitu.
Adibidez, Bilbon egoitza duen ikertzaile batek Madrilen, Lisboan eta Bolivian egin ahal izango ditu kontsultak eta ondoren Ingalaterra edo Alemaniako bulego nagusietara bidali, galdera-sorta tresnak berak hizkuntza desberdinetara automatikoki itzultzen baititu. Era berean, hizkuntza desberdinetan jasotako erantzun guztiak, emaitza-txosten bakarrera ekartzen ditu, aurrez zehaztuko den hizkuntza bakarrean.
Tresnaren onurak
Hona hemen tresna honek dakartzan abantailak:
- EFQM erabateko kalitate-eredu europarra aplikatzean denbora eta baliabide ekonomikoak aurreztea.
- Etengabeko hobekuntza prozesua errazten du; izan ere, GOA-WorkBenchek ondokoa eskaintzen du:
- Inkestak paperean edo euskarri elektronikoan egitea eta banatzea.
- EFQM ereduaren araberako auto-ebaluazioak automatikoki egiteko aukera.
- EFQM ereduari buruzko CD Rom elkarreragile bidezko prestakuntza.
Hau guztia, baGOAz proiektua bideratu ahal izateko web orrian ikus daiteke modu zehatzagoan: www.bagoaz.net
(LEIRE ARRIZABALAGA, ELHUYAR aholkularitzako kide da)
|