Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Etxean euskara gutxiago egiten da

erabili.com / Herri-administrazioa / 2003-09-16 / 08:31


EAEko biztaleriaren azken erroldaren arabera (2001), gutxiago dira etxean euskaraz egiten duten euskaldunak.



Etxean euskaraz bakarrik egiten dutenak gutxiago

Etxean euskaraz bakarrik egiten dutenak gutxiago

Orain 10 urte, 1991ean, EAEn etxean euskaraz bakarrik egiten zuten euskaldunak %53 ziren, 1996an %45 eta 2001ean %43. Beraz, hamar urteko epean %10 gutxiago dira etxean euskaraz bakarrik hitz egiten duten euskaldunak.

Etxean euskaraz bakarrik egiten duten euskaldunak, azken bost urteetan, 1996-2001 epean, 2.008 gutxiago dira eta azken 10 urteotan (1991-2001) 6.245 gutxiago. Azken erroldaren arabera, guztira, 284.084 dira etxean euskaraz bakarrik egiten duten euskaldunak, orain 10 urte, berriz, 290.329 ziren.

Euskal Estatistika-Erakundeak (EUSTAT) emandako datuen arabera, 1996-2001 epean, hil direlako edo migratu dutelako, etxean euskaraz bakarrik egiten zuten 18.189 euskaldun galdu ditugu EAEn. Bestalde, epe berean, 16.181 lagun irabazi ditugu etxean euskaraz bakarrik aritzen direnak, hori bai, gehien-gehienak 9 urte baino gutxiagoko gazteak dira.

Gipuzkoan eta Bizkaian galdu dira euskaldunak

Etxean euskaraz soilik berba egiten duten hiztunen galera etengabea da eta euskaldun gehien dituzten bi lurraldeetan gertatzen da: Gipuzkoan eta Bizkaian.

Gipuzkoan 1991-1996ko epean etxean euskaraz bakarrik hitz egiten zuten 679 lagun galdu ziren eta 1996-2001eko epean, berriz, bi halakotu egin da galera hori, izan ere, 1.467 lagun gutxiago dira etxean euskaraz aritzen direnak. Azken erroldaren arabera (2001), Gipuzkoan etxean euskaraz bakarrik egiten dutenak 182.165 biztanle dira eta orain 10 urte (1991), berriz, 184.311 ziren. Beraz, hamar urteko epean etxean euskaraz mintzo ziren 2.146 euskaldun galdu ditu Gipuzkoak.

Bizkaian ere joera berbera antzematen da. Bizkaiak 1991-1996ko epean etxean euskaraz berba egiten zuten 4.237 galdu zituen eta 1996-2001eko epean, berriz, 1.750 lagun gutxiago zituen. Bizkaian 1991an etxean euskaraz aritzen ziren biztanleak 102.402 ziren bitartean, 2001an ia 6.000 euskaldun gutxiago dira etxean euskaraz jarduten dutenak.

Arabaren berezitasunak

Araban, bestalde, etxean euskaraz bakarrik egiten dutenak gehiago dira. Azken hamar urteotan (1991-2001) 1.888 arabar gehiago dira etxean euskaraz bakarrik hitz egiten dutenak. EUSTAT erakundearen arabera 2001ean etxean euskaraz bakarrik egiten duten arabarrak 5.504 dira. Hala ere, etxean gaztelera bakarrik hitz egiten duten arabarren kopurua ere, azken 10 urteotan, etengabe hazi da eta, 2001eko erroldan, orain 10 urte baino 7.821 gehiago dira. Beste datu adierazgarri bat ere bai: 1996-2001eko epean Arabak etxean euskaraz bakarrik mintzo diren 1.209 arabar irabazi dituen bitartean, epe berean, etxean euskara edo gaztelera ez den beste hizkuntza batean mintzo diren 1.408 arabar irabazi ditu.

Azpeitia nagusi

2001eko erroldaren arabera, Donostia izan ezik, Azpeitia da etxean euskaraz bakarrik egiten duten euskaldun gehien duen herria. Azpeitiak etxean euskaraz bakarrik aritzen diren 10.380 herritar dituen bitartean (%75,7), Donostiak 17.194 (%9,6) ditu , Bilbok 6.244 (%1,7) eta Gasteizek 3.453 (%1,5).

Azpeitia eta Donostiaren atzetik, Zarautz 10.129 (%48), Bermeo 9.072 (%53,5), Azkoitia 6.799 (%66), Gernika-Lumo 6.379 (%41,7), Bergara 6.302 (%42), Bilbo 6.244 (%1,7), Oņati 6.096 % (56,9), Tolosa 6.025 (%34) eta Arrasate 6.006 (%26) daude.

Etxean Euskaraz eta gazteleraz egiten dutenak ere gutxiago

Etxean bietara egiten duten EAEko biztaleak ere 3.506 gutxiago dira 1996-2001 epean.

EUSTAT erakundeak dioenez, 1996-2001 epean, etxean euskara eta gazteleraz mintzo ziren 19.355 lagun galdu dira, batetik, eta, bestetik, 15.849 irabazi dira, beti ere, azken erroldan jasotako datuen arabera.

Euskaraz dakitenak gero eta gehiago dira

EUSTAT erakundeak EAEko 2001eko Biztaleriaren Erroldari buruz emandako datuen arabera, etxean euskaraz bakarrik egiten duten euskaldunak gutxiago diren arren, 1996-2001 epean 20.164 herritar gehiago dira euskaraz ondo ulertzen eta hitz egiten dutenak. Eta azken hamar urteetan (1991-2001), berriz, 113.363 euskaldun irabazi ditu EAEk.

Ezagutzaren hazkunde etengabea

EUSTAT erakundearen arabera, 2001ean EAEn 656.980 euskaldun zeuden, biztanleria osoaren %32. Orain 10 urte, 2001ean, euskaldunak 543.617 (%26) ziren eta orain 20 urte, 1981ean, %22. Beraz, azken hogei urteetan (1981-2001) %10 gehiago dira euskaldunak Euskal Autonomia Erkidegoan.

Gipuzkoarren erdiak euskaldunak

Azken erroldaren arabera (2001), gipuzkoarren erdiak pasatxo, %51, euskaldunak dira, bizkaitarren %25 eta arabarren %16.

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1063021427