Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Google: bilatu eta aurkitu euskaraz

erabili.com / Internet / 2003-09-29 / 09:29


Google bilatzaileak bost urte bete berri ditu, 1998ko irailaren 27an sortu baitzen. Amaraunean ez dago Googlek aurkituko ez dizunik: hiru mila milioi web orrialde baino gehiago dauzka sailkatuta. Hilero bost mila milioi bilaketa-eskari izaten ditu (segundu bakar batean bi mila bilaketa-eskari). Eta, nahi baduzu, euskaraz ere egingo dizu.



Izena eta izana

Izena eta izana

Google bilatzaileak eta matematikek lotura estua dute. Bilatzailearen izena bera ere matematika-eragiketa batetik ateratakoa da, berreketa batetik, hain zuzen ere: 10100. Berreketa horri ingelesez "googol" esaten zaio eta hortik moldatu omen zuten gaur egun amaraunak daukan bilatzailerik eraginkorrenaren izena.

Era berean, Google bilatzailearen izanak ere matematiketan du bere bihotz-muina, PageRank izeneko algoritmo edo matematika-eragiketa batean. Google bilatzaileak, PageRank sistemaren bitartez, web orrialdeak garrantziaren arabera mailakatzen ditu. Eta guk nahi dugun informazio hori duten orrialdeak PageRank sistemak ematen dien garrantziaren araberako hurrenkeran aurkeztuko dizkigu Google -k.

Zenbat lotura, hainbateko garrantzia

Google bilatzaileak PageRank sistemaren bitartez web orrialde jakin baten garrantzia neurtzeko orduan erabiltzen duen irizpidea hauxe da: amaraunean dauden gainerako web orrialdeetatik (berak sailkatuta dituen hiru mila milioi web orrialde horietatik, hain zuzen ere) zenbatek eta zeintzuk daukaten loturarik web orrialde jakin horretara.

Beraz, eta beste era batera esanda, Google -k bi gurpilen gainean ardazten du garrantzi-mailaren gurdia:

  1. Google -k web orrialde jakin baten garrantzia neurtzeko, batetik, web orrialde jakin horri beste web orrialdeetatik egin dizkioten esteka edo loturen kopurua hartzen du kontuan.
  2. Eta bestetik, lotura hori nork egin dion. Alegia, web orrialde jakin horri lotura egin dion web orrialdea garrantzi-maila handikoa baldin bada Google -rentzat, faktore horrek ere aldeko eragina izango du web orri jakin horren garrantzi-maila zehazteko. Beraz, neurri handi batean, orrialde jakin hori garrantzitsua izango da berari egin dizkioten loturak orrialde garrantzitsuetatik egin baldin badira.

Loturaren legea amaraunean

Web orrialde baten garrantzia erabakitzeko esteka edo loturen irizpidea erabiltzea amarauna amaraun denetik "oinarrizko lege" bihurtu den jokabidea ardatz hartzea besterik ez da: web orrialde batean, bertatik beste orrialde batera joateko lotura jartzen denean, beste horretan informazio zabalagoa eta sakonagoa aurkitu daitekeelako izan ohi da edota beste web orri hori informazio jakin baten iturburua delako.

Beraz, Google bilatzaileak web orrien garrantzi-maila erabakitzeko loturak egiteko jokabide horri lehentasuna ematen dionean, eta oinarrizko irizpidetzat hartzen duenean, azken batean, gauza sinple bat egiten ari da: informaziorik sakonena eta zabalena daukaten web orriak hobesten ditu. Eta, hain zuzen ere, web orri horiexek izaten dira, guk Google -ri egindako bilaketa-eskariaren arabera, lehenengo tokietan aurkeztuko dizkigunak kontsultatzeko.

Google bilatzaileak bere jatorriaren berri emateko latinezko esaldi bat erabiltzen du: "De parvis grandis acernus erit" ("Gauza txikietatik egiten dira gauzarik handienak") eta, hain zuzen ere, web orrialdeen arteko loturak egiteko jokabide txiki eta xumean dago oinarrituta Google handi eta indartsuaren bihotz-muina.

Googlebot errobota

Googlebot errobotak, automatikoki eta etengabe, Google -k sailkatuta dituen web orrialde guztiak arakatzen ditu eta, batez ere, web orrialde batek beste orrialdeetara joateko jarri dituen loturen bila ibiltzen da. Hain zuzen ere, biltzen duen informazio horretan oinarrituko da gero PageRank Google -k sailkatuta dituen hiru mila milioi web orrialde horien guztien banan-banako garrantzi-maila zehazteko.

Era berean, amarauna arakatzean, lehendik sailkatu gabeko web orrialde berriren bat aurkitzen badu (hiru mila milioi orrialde horietakoren batek web orrialde berri horri loturaren bat jarri diolako) bere zerrendan txertatzen du eta hortik aurrera web orrialde berri hori ere arakatuko du etengabe.

Googlebot errobotak beste lan garrantzitsu bat ere egiten du: web orrialdeak arakatzen dituen bitartean, eta aldi berean, berak lehendik jasota duen loturei buruzko informazioa alderatu egiten du eta, aldaketarik aurkitzen badu, daukan informazioa eguneratu egiten du.

Googlek lortu duen arrakastaren nondik norakoak

Hona hemen Google bilatzaileak mundu osoko erabiltzaileen artean lortu duen arrakasta ulertzeko arrazoirik garrantzitsuenak:

  1. Google bilatzaileak eskatzen dioguna ziztu batean eta zehaztasun handiz aurkitzen digu. Azkar eta ondo usoek hegan egiten badute ere, Google bilatzaileak ere hortxe nonbait. Bilaketaren emaitzak garrantziaren arabera sailkatzeko duen sistemak bihurtzen du Google gaur egun dagoen bilatzailerik onena.
  2. Oso erraza da erabiltzen (bilaketa-leihoan aurkitu nahi duguna idatzi beste lanik ez dugu izango) eta ez digu denbora alferrik galaraziko (oso azkar zabaltzen dira pantaila guztiak gure ordenagailuan).
  3. Teknologiari dagokionez, bilaketa-eskariei erantzuteko amaraunean dagoen zerbitzari-sarerik handienetakoa du: 20.000 zerbitzari ditu gure planetan barrena hedatuta. Zerbitzari horiek gobernatzeko, berriz, Linux sistema eragilea erabiltzen du.
  4. Google bilatzaileak ez gaitu nekatuko publizitatearekin. Google -n ez zaigu inolako iragarkidun leihorik bat-batean azalduko eta ez digute ezer saldu nahi izango ezustean zabaltzen diren iragarkiekin (banner izeneko iragarkirik ez dauka). Google -k dirua irabazteko, batez ere, dokumentuen bilaketak egiteko teknologia saltzen die enpresei eta "Adwords" sisteman oinarritutako publizitatea ere saltzen du (bilaketa baten emaitzen ondoan, baina bereiztuta, bilatu dugun terminoarekin harremana duten iragarkiak ikusteko aukera ematen digu, baina iragarkia ez digu guk nahi gabe erakusten).

Zer bilatu Googlerekin

Googlek bilaketa bereziak egiteko aukera asko baldin baditu ere, (hitzen esanahia bilatu, web orrialdeen itzulpenak...) munduko Google -ren erabiltzaile guzti-guztiek, batez ere, bilaketak egiteko aukera bi erabiltzen dituzte:

  1. Web orrialdeetan dagoen informazioa aurkitzeko
  2. Irudi digitalak aurkitzeko

Googlek euskaraz egiten du

Amaraunean www.google.com helbidea lehenengo aldiz idazten duzunean, Google ingelesez azalduko zaizu (hori baitu jatorrizko hizkuntza). Dena dela Google -rekin euskaraz egin nahi baduzu sakatu hemen eta zabalduko zaizun leihoaren barruan hauxe egin ezazu:

  1. Zein hizkuntzatan nahi dituzu Googleren mezuak? galderaren ondoan dagoen zerrenda-leihoa goitik behera zabal ezazu eta euskara aukera ezazu.
  2. Hobespenak Gorde botoiaren gainean klik egin ezazu, eta kitto!

Hortik aurrera Google bilatzailearen beharra duzun bakoitzean, Google -k euskaraz egingo dizu.

Inprimatu


Erantzunak


Google euskaraz jartzeko beste bi aukera

erabili.com / 2003-09-29 / 09:31

Orain hiruzpalau egun, Google Espaņa zabaldu dute eta sare-arakatzailean www.google.com helbidea idatziz gero, Hego Euskal Herritik ari bazara, www.google.es helbidera desbideratzen ditu mezu guztiak.

www.google.es orrialdetik bertatik badago aukera Google bilatzailea euskaraz jartzeko, baina, euskaraz jartzen duzunean, Google Espainia orrialdea azalduko zaizu.

www.google.es orrialdetik badago bigarren aukera bat Google sare-bilatzailea euskaraz jartzeko:

  1. www.google.es orrialdean azpian dagoen Google.com in Englis sakatu. Eta, sakatu ahala, Google-ren orrialdea ingelesez jarriko zaizu.
  2. Google sare-bilatzailearen ingelesezko orrialdean zaudela, kursorea leiho baten barruan keinuka aurkituko duzu (bilaketa-leihoan). Leiho horren ondoan, eskuinean, preferences hitzaren gainean sakatu eta Google preferences izenburua duen orrialdea zabalduko zaizu (hau ere ingelesez).
  3. Azken orrialde honetan zaudela (Google preferences orrialdean, alegia) Interface language-ren leihoa goitik behera zabaldu eta bertan Basque aukeratu eta Save preferences botoiaren gainean sakatu (goi-goian dago). Ondoren zabalduko den leihoan Ados/Aceptar eman eta kitto!.

Bigarren aukera honekin, sare-arakatzailean www.google.com idazten duzunean, Google Euskara orrialdea azalduko zaizu Google Espainia-ren ordez.


Google euskaraz? Soilik erdizka

Osoitz Elkorobarrutia / 2003-10-01 / 11:20

Google bilatzaile oso ona dela ezin da ukatu, baina ez da on bakarra.

Googlek interfaza euskaraz aurkezten badigu ere ez du bilaketa euskaraz dauden webguneetara mugatzeko aukerarik ematen.

alltheweb ere bilaketa motor oso ona da ere. Ez du interfaza euskaraz jartzeko aukerarik, baina bai soilik webgune euskaldunetan bilatzeko gaitasuna. Are gehiago, nabigatzailean erabiltzaileak lehenetsitako hizkuntzak detektatu eta besterik esan ezean hizkuntza hoietan dauden webguneak bilatzen ditu.

Bestalde, badaude hainbat arrazoi googlek lortu duen monopolio egoerarekin kontuz ibiltzeko, bilatzaileetan ere Microsoften pareko bat ez badugu nahi.

(OSOITZ ELKOROBARRUTIA Zuhar Informatika Zerbitzuak-eko kide da)


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1058218902