|
Azpeitiko herritar euskaldun bati gertatu zaio: alabatxo jaio berria Erregistro Zibilean erroldatzera joan denean, Kattalin euskal izena jartzea ukatu diote.
Izen hipokoristikoak debekatuta daude
Izen hipokoristikoak debekatuta daude
Espainiako Erregistro Zibilari buruzko 1957ko ekainaren 8ko Legearen 54. artikuluaren arabera "Debekatuta daude pertsonari objektiboki kalte egiten dioten izenak, substantibotasunik lortu ez duten txikigarriak edo lagunarteko edo familiarteko aldagarriak, bai eta identifikazioa iluntzen dutenak eta sexu-nahasketa sortzen dutenak ere".
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Euskaltzaindiaren ardurapean dago euskal ponte izen egokiak proposatzea eta horretarako irizpideak zehaztea. Hala, Euskaltzaindiak finkatu dituen irizpideen arabera, "Jatorrizko izen osoak edo bere aldaera hedatuenak hobetsi dira. Aipatzekoa da, maiztasun txikiko forma bitxiek, dialektalismoek eta hipokoristiko eta txikigarriak (Axun, Iñixio, Joxe, Kontxi, Nuntxi...) lagun eta familia arteko erabileran dutela leku eta ez direla izendegirako aintzat hartu. Dena dela, jatorriz hipokoristikoak izan arren, aspaldi lexikalizatuak izan direnak izen berezitzat onartzen dira eta, hortaz, ponte izen berezitzat onartzen dira eta hortaz, ponte izen egokitzat (Beñat, Maider, Patxi, Pello, Txomin...)".
Euskaltzaindiak 2001. urtean argitaratu zuen Euskal Izendegia: ponte izendegiak Kattalin euskal izena hipokoristikotzat ematen du, alegia, jatorria lagun eta familia arteko erabileran duela. Eta, hain zuzen ere, Euskaltzaindiaren ponte izendegi hori erabili ohi da gaur egun EAEko Erregistro Zibiletan zein euskal izen onartu daitekeen eta zein ez erabakitzeko. Hortik, etorri zaio, beraz, Azpeitiko herritar euskaldunari bere alabatxo jaioberriari Kattalin euskal izena jartzeko debekua.
Berdintasunaren printzipioa
Euskaltzaindiaren 2001. urteko Euskal Izendegia: ponte izendegia argitaratu baino lehen, EAEko Erregistro Zibiletan, euskal izenak onartzeko edo baztertzeko, Euskaltzaindiak 1972. urtean argitaratu zuen Euskal Izendegia erabili ohi zen. Aipagarria da izendegi horren 160.000 ale argitaratu zirela 1972-1983 urte bitartean eta argitalpen horretan Kattalin izena ponte izentzat ematen zela. Beraz, kontuak honela, Azpeitiko Erregistro Zibilean (eta gainontzekoetan, jakina) 2001. urtera arte Kattalin ponte izentzat onartu izan dute baina 2001eko Euskaltzaindiaren argitalpenaren ondoren ez.
Gure azpeitiarra Kattalin izena iskribatuta daukaten bi Familia Liburu hartuta joan zen Azpeitiko Erregistro Zibilaren ardura duen epailearengana eta eskubide nahiz aukera berdintasuna eskatu zion. Alegia, aldez aurretik, egoera berean gertatu diren gurasoei Kattalin izena jartzeko aukera eta eskubidea aitortu baldin bazaie, berari ere emateko aukera eta eskubide berbera. Baina epaileak ezetz, bere eginkizuna legeak betearaztea dela eta auziaren konponbidea bere esku ez dagoela erantzun zion.
Izenaren berezko izaera
Gure herritarrak, beraz, erabat itxita zituen Azpeitiko Erregistro Zibilaren ateak bere alabatxo jaioberriari Kattalin izena jartzeko eta zirrikito baten bila hasi zen berak eta bere emazteak ilusiorik handienaz aukeratua zeukaten izena jarri ahal izateko eta, hala, Azpeitiko Euskara Patronatura jo zuen.
Euskaltzaindiak euskal izendegian ponte izen egokitzat hartzeko ezarrita dituen irizpideak aztertu ondoren, hari mutur honi heltzea erabaki zuen Azpeitiko Euskara Patronatuak: "jatorriz hipokoristikoak izan arren, aspaldi lexikalizatuak izan direnak izen berezitzat onartzen dira eta, hortaz, ponte izen berezitzat onartzen dira eta hortaz, ponte izen egokitzat (Beñat, Maider, Patxi, Pello, Txomin...)" dioen hariari.
Azpeitiko Euskara Patronatuaren ustez, Kattalin euskal izenak jatorri hipokoristikoa duen arren (lagun eta familia arteko erabileratik sortua), Euskal Herri osoan aspalditik dago hedatua eta euskaldun guztiek (eta erdaldun askok ere bai) badute izen horren aditzera (besteak beste, Oskorri musika taldeak lau haizetara zabaldutako Jon Miranderen Ene maite Kattalin olerki musikatuaren bitartez). Gainera, Euskaltzaindiak ezarritako irizpidearen arabera, "lexikalizatuta" dagoela ere esan daiteke, Azpeitiko Euskara Patronatuaren ustez; alegia, Kattalin izenak, euskal hiztunen artean duen zabalkunde eta gizarte onarpenaren arabera, jatorrizko izen propiotik berezko izaera ez ezik autonomia eta sustantibotasuna ere lortu dituela.
Ildo beretik, Espainiako Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak onartu ditu, berez lagun eta familia arteko erabileratik sortuak izan arren, beren jatorrizko izen propiotik aldenduz hizkuntzan autonomia eta substantibotasuna lortu duten eta Espainiako gizartean oso zabalduak dauden izenak. Horrela, esate baterako, Sandra, 1998-9-26ko ebazpena; Marisa, 1991-3-5eko ebazpena; Mariola, 1993-3-3ko ebazpena; Teresina, 1993-12-7ko ebazpena; Dora, 1994-5-6ko ebazpena (3.a); Curro, 1994-6-27ko ebazpena; Lola, 1999-9-3ko ebazpena (nahiz eta jatorrian Dolores-en lagunarteko eta adiskidetasunezko aldaera bat izan, substantibotasuna lortu du emakumezko pertsona-izen independente gisa, oso zabaldua dago-eta Espainia guztian eta atzerrian, non apenas lotzen den bere jatorrizko izenarekin).
Eskaria Euskaltzaindiari
Oinarri horiekin Azpeitiko Euskara Patronatuak Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeari Kattalin euskal izena ponte izentzat onartzeko eskaria egin zion ondorengo argudioekin:
- Kattalin izenak familia eta lagunarteko erabilera esparruak gainditu ditu eta gizarte erabilerak ponte izentzat hartzen du. Esate baterako, Kattalin izenak Google interneteko bilatzailean 563 emaitza ditu, besteak beste, Kattalin Erauso Donostiako eskola publikoa, Kattalin jatetxea Gipuzkoako Beasainen, Kattalin musika lana haize boskote eta pianoarentzat...
- Katalin jatorrizko izena eta Euskaltzaindiak onartu dituen aldaerak (Katalina, Katarina, Katelina, Katerina...) erabat arrotz gertatzen zaizkie guraso azpeitiar hauei eta ez dituzte lotzen inola ere beraiek aukeratu duten Kattalin izenarekin (horra hor lexikalizazioaren beste adibide bat).
- Frantziako estatuaren Institut National de la Statistique et des Études Économiques (INSEE) erakundeak Frantzian jartzen diren ponte izenen maiztasunaren araberako sailkapena egina du. Sailkapen horretan egiazta daitekeenez XX. mendean Frantzian jarri ziren izen guztien artean Kattalin izena 5.471. tokian zegoen. Katalin jatorrizko izena, berriz, XX. mendean barrena izan zuen maiztasunaren arabera, aipatu sailkapenean 5.928. tokian dago. Beraz, sailkapen horretan Kattalin izena Katalin jatorrizkoaren aurretik dago, XX. mendean barrena Frantzian hedadura handiagoa izan duelako.
Era berean, INSEE erakundearen 2000. urteko datuak aztertuz gero, Frantzian urte horretan jarri ziren izen guztien artean Kattalin 3.959. tokian zegoen eta Katalin aldiz 5.347. tokian. Beraz, urte horretan Frantzian zabalkunde handiagoa izan zuen Kattalin aldaerak Katalin jatorrizkoak baino.
Euskaltzaindiaren erantzuna
Euskaltzaindiako Onomastika Batzordeak Azpeitiko Euskara Patronatuaren eskaria aztertu zuen eta ondorengo erabakia hartu zuen:
- "Batzordeak egindako azkeneko bilkuran Kattalin izena ontzat emateko egindako eskaera aztertu zuen eta aho batez ezinezkoa dela erabaki zuen, zeren eta argi eta garbi ikusi baitzen hipokoristiko edo txikigarria dela. Egia da Euskal Herriko esparru batzuetan nolabaiteko zabalera izan zuela, euskararen baztertze ofizialaren ondorioz asko baitira izenak zenbat eta itxuraldatuago orduan eta euskaldunagoak direla uste dutenak. Baina, badira beste eskualde batzuk Katalin izenaren txikigarri hau ezagutu eta erabiltzen ez dutenak, hain zuzen ere batzordekide bik aipatu zuten ez Nafarroako hainbat lekutan ezta Bizkaiko esparru zabalean ere ez dela horrelakorik erabiltzen. Ondorioz, hizkuntzaren batasuna zaindu behar duelako Batzordeak ezinezkotzat jotzen du idazkera hau, hiztegi arrunteko atta, aitta, atxa, eta aitxa aldaerak bezala, nahiz eta jakina, lagun arteko esparruan egokia den, hori baita bere ohiko lekua."
Erabilera ez da beti arau
Ponte izenen Espainiako legedia, oro har, erabileran ardaztuta baldin badago ere, ez da beti eta kasu guztietan hala izaten: 1980ko uztailaren 2ko Zirkularraren bidez, irizpide zabala hartu zuen Espainiako Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak, ondorengo hau onartzean: "pertsonaje historikoen, mitologikoen, legendarioen edo artistikoen izenak, izen geografikoak eta, oro har, izen abstraktu edo fantasiazkoak; horiek interpretatzeko, gure herriko errealitate soziala, kulturala eta egungo politika kontuan hartuko dira".
Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak ondorengo hauek onartu ditu fantasiazko izen gisa: Mariposa, 1993-09-02; Brisa, 1994-04-25; Chispa-Mercedes, 1995-05-11 (María de las Mercedes izenaren ordez); Muaré, 1995-05-25 (lehen ezarpena; izen arrunt gisa tela-mota bat da; gizon-izena da, jaiotakoarenarekin bat); Aiane, 1988-09-12 (Euskaltzaindiak onartutako Izendegi Ofizialean ez datorren arren, fantasiazko izena da, eta ez du gizon-izena adierazten); Luisalba, 1999-07-01; Loimar, 2000-02-05.
Era berean, 1980ko uztailaren 2ko Zirkularraren 3. paragrafoan ezarritakoaren arabera: "Konstituzioan jasotako baloreei erreferentzia egiten dieten izenak ezin dira nabarmentzat, pertsonentzako desegokitzat edo subertsibotzat jo hasiera batean". Badirudi izen gisa onartzen direla Askatasuna, Konstituzioa edo Oinarrizko Arauan jasotako bestelako baloreak.
Zenbat ate hainbat maratila
Gure azpeitiarrak, Azpeitiko Erregistro Zibilaren eta Euskaltzaindiaren ateak itxi zitzaizkionean, etsi-etsian, zeukan azken aukerari heldu zion.
Gaur egun haur jaio berri bat aukeran bi tokitan errolda daiteke: jaio den udalerriko Erregistro Zibilean edo gurasoak bizi direnekoan. Hori bai, toki bakar batean erroldatu behar da; ezin da bietan erroldatu.
Gure azpeitiarraren alabatxoa Azpeitiaz kanpo jaiotakoa zenez gure gizonak agiri-paper guztiak hartu eta bertako Erregistro Zibilean erroldatzeko saiakera egin zuen; azken saiakera.
Bere zorionerako udalerri horretako (ez dugu udalerriaren izenik emango ez baita gure asmoa inor salatzea) Erregistro Zibileko arduraduna euskalduna zen eta ez dakigu bere belarriari kasu egin ziolako edo ezjakintasunagatik (beharbada biengatik) baina kontua da ez ziola inolako eragozpenik jarri alabatxo jaioberria Kattalin izenarekin erroldatzeko. Gure azpeitiarrak, jakina, ez zion hitz erdirik esan.
|