Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Lagunarteko hizkuntza jokaera: aldagaitza baina ez aldaezina

Lagunarteko hizkuntza jokaera: aldagaitza baina ez aldaezina

2003-05-21 / 07:07 / erabili.com   KULTURA

Kuadrillategi Ikerketa eta Aholkularitza Elkarteak lagun kuadrilen hizkuntza jokaera aldatzeko metodologia eta ikerketa ildoak garatu ditu. Orain, berriz, interbentzio esparru berri honen euskarri teorikoak eta metodologikoak zabaldu nahi ditu euskalgintzan diharduten elkarte, erakunde eta norbanakoen artean.

Hizkuntza ohitura aldatzeko saiakera

Hizkuntza ohitura aldatzeko saiakera

Jaio ahala, gizarteratzen garenetik, hainbat gizataldetako kide izateari ekiten diogu. Hain zuzen ere, jaiotzen garenetik gizarte-sareak edo gizataldeak sortzen eta osatzen ari gara etengabe. Bizitzako lehen urteetan gizarte-sare askotako partaide izaten gara eta adinean aurrera egin ahala, geure sare propioak sortzen ditugu. Sare horietan guztietan izango dugun kokagunea (gure ekintzekin beste kideen jokamoldeetan eragiteko ahalmena) ezberdina izango da. Hala, geure bizitzan sortzen eta osatzen dugun gizarte-sarerik iraunkorrena familiarena izan ohi da. Jaioberritan familia osatu egiten dugu eta, gerora, guk geuk sortzen dugu geure familia propioa. Familia da gizabanakoak izan ohi duen lehen taldea, lehen harreman-sarea eta, hain zuzen ere, gizabanakoaren lehen sozializazioa familian gertatzen da.

Beraz, geure lehen gizataldea familiarena izan ohi da, hauxe dugu gainera, geure bizitzako harreman-sarerik iraunkorrena. Koskortu ahala, bestelako harreman taldeetako kide bihurtzen gara: haurtzaindegian, eskolan, kirol-taldean eta, besteak beste, lagun kuadrilan.

Gizabanakoaren jokamolde soziala ez dago bere gizarte-saretik, gizataldetik, isolatuta. Gizarte-sareak edota gizataldeak bere baitako kideei, era batera edo bestera jokatzeko, aukerak emango dizkie batetik, eta mugak ezarriko dizkie bestetik. Beste era batera esanda, gizarte-sareak edota gizataldeak jokabide jakin batzuk baietsi eta bultzatuko ditu eta beste batzuk ezetsi eta galaraziko.

Harreman talde bakoitzak bere arau eta jokamoldeak ditu eta talde bakoitzak bere hizkuntza jokaera ere izaten du. Hizkuntza jokaera, errepikatzearen poderioz, arau bihurtzen da lehenik eta ohitura aldagaitza bilakatzen da gerora. Kuadrillategi Ikerketa eta Aholkularitza Elkarteak, berriz, garabidean dituen oinarri teoriko eta metodologikoekin, berezko taldeetan ematen den hizkuntza jokaera aldarazteko aukera badagoela erakutsi du burutu dituen hainbat saiakeratan.

Zer da kuadrillategi egitasmoa

  • 13-14 urte bitarteko lagunarteei zuzendutako egitasmoa da, alegia, DBH 2 eta DBH 3an dauden gazteei.
  • B edo D ereduetako nerabeei zuzenduta dago. Hizkuntza eredu hauetan dihardutenek baino euskara gaitasun txikiagoa duten gazteek ezin dute egitasmoan esku hartu.
  • Egitasmoan parte hartzeko, gutxienez, lagun talde bereko bost lagunek eman behar dute izena. Parte hartzea ez da indibiduala, lagun taldekoa baizik.
  • Astean hiruzpalau orduko saio bakarra egiten da, jolas giroan eta euskara hutsean. Bertan, gazteen intereseko gaiak jorratzen dira, beti ere, lagun taldea ardatz hartuta.
  • Ikasturtearen barruan hirutan biltzen dira lagun taldeak dinamizatzaileekin, koadrila saio izenekoan, egitasmoaren martxa baloratzeko.
  • Egitasmoak ikasturte bat irauten du. Dena dela, eskaintza, urtean behin, ikasturteka, errepikatuko da. Lagun-talde berberak, gehienez ere, bi ikasturtetan jardun ahal izango du egitasmoan, baldin eta, lagun-taldeko kide guztiek hala nahi badute eta dinamizatzaileek ere egoki irizten badiote.
  • Herriko eragileek hartzen dute egitasmoaren ardura eta kudeaketa.
  • Kuadrillategi Ikerketa eta Aholkularitza Elkarteak herrietako eragileei laguntza teknikoa ematen die.

Kuadrillategi Ikerketa eta Aholkularitza Elkartea

Euskararen normalizazioan berezko taldeek duten garrantziaz ohartarazteko eta orain arte arlo honetan garatutako marko teorikoan sakontzeko Kuadrillategi Ikerketa eta Aholkularitza Elkartea osatu dute Pello Jauregik (Pedagogian doktorea eta EHUko irakaslea), Asier Huegunek (Pedagogian lizentziaduna, doktoregai eta EHUko irakaslea) eta Diego Egizabalek (Pedagogian lizentziaduna).

Kuadrillategi Elkarteak bi eginkizun nagusi hartuko ditu bere gain: batetik, interbentzio esparru honi buruzko formazioa ematea eta, bestetik, egitasmoa abian dagoen eta jarriko den herrietan aholkularitza teknikoa ematea.

  • Formazioa:

Kuadrillategi egitasmoa abian jarri nahi dutenentzat 50 orduko formazio ikastaro bat ere antolatu du Elkarteak. Hona hemen formazioaren helburuak:

  1. Interbentzio esparru honi eusten dion marko teorikoa eta hastapen metodologikoak ezagutzea.
  2. Berezko taldeetan euskararen erabileraren sustapenaren gainean Kuadrillategi Elkarteak berak eginiko ikerketen berri jasotzea.
  3. Interbentzio esparru honetan emango diren eskuhartzen eraginkortasun maila neurtzeko neurgailuak ezagutzea.
  4. Kuadrillategin tajutu nahi den dinamizazio ereduan trebatzea.

Formazio ikastaro honi buruzko argibide zehatzagoak nahi izanez gero, eskatu HEMEN

  • Aholkularitza teknikoa:

Nerabeekin lan egiteko garaian, egitasmoaren helburuei heltzeko unean, herrietan sortzen diren oztopo, zalantza eta zailtasunei aurre egiteko aholkularitza zerbitzua ere eskainiko du Kuadrillategi Elkarteak. Aholkularitza zerbitzu honek erantzunak, irtenbideak eta teknikak proposatuko ditu, beti ere, formazio ikastaroan landu den dinamizazio ereduan oinarriturik. Hilean behineko maiztasunez bilduko da Kuadrillategi Ikerketa eta Aholkularitza Elkarteko ordezkaria tokian tokiko suspertzaileekin.

Beraz, Kuadrillategi Ikerketa eta Aholkularitza Elkartearen ekarpenarekin euskararen normalizazioan eragiteko interbentzio esparru berri baten ate-leihoak zabaltzen zaizkigu. Hemendik aurrera, Kuadrillategi Elkarteak jarri dituen oinarrietan sakontzea eta jarraitu beharreko norabidean asmatzea euskaltzale guztion esku dago.

Kuadrillategi egitasmoari buruzko informazio sakonagoa HEMEN


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com