Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Lan munduan euskararen erabilera areagotzeko planak

Juan Luis Arexolaleiba "Gatxi" EMUN / Enpresa / 2003-05-14 / 08:16


Lehenik eta behin zoriondu egin nahi dugu Azpeitiko Euskara Patronatua euskararen normalizazioari begira garatzen ari den dinamikagatik eta, zehazki, martxan jarri berri duen erabili.com webguneagatik. Bestalde eskertu nahi diegu bertako arduradunei EMUN kooperatibari bere burua aurkezteko aukera eman eta lan munduko enpresa planei buruzko artikulu hau sarean argitaratzeagatik.



"GU GEU GARA BIDEA" leloa aukeratuz eta euskararen aldeko lana erabilera parametrotan jarriz, Azpeitiko Euskara Patronatuaren eta webgunearen arduradunek asmatu dutelakoan gaude. Izan ere, gure artikuluan nabarmen azalduko den moduan, lan munduko euskara planetan eta EMUNen eginkizunetan ere, euskararen erabilera bultzatzea dugu oinarri eta iparra.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren lan-ildo bat honakoa da: “ Euskararen erabilera gizarteko esparru guztietara zabaltzea”. Ez dugu zalantzarik: Azpeitian enpresa munduan bizi du euskarak egoera zailena eta kaxkarrena. Egoera horri aurre egin eta urratsak emateko, beste herri eta enpresa askotan egin den bezala, lanari ekin beharra dago. Hemen ere ez da miraririk izango, “gu geu gara bidea”; hau da, enpresak eta bera osatzen duten pertsonek heldu behar diote gaiari eta hizkuntza zerbitzu enpresek, EMUN kasu, zeregin horretan, premien arabera, laguntza teknikoa eskainiz eta zerbitzu kualifikatuak emanez prozesuan lagundu dezakete.

Artikuluan lan munduko euskara planei buruzko ikuspegi orokorra ematea dugu helburu. Horretarako planen historia laburra, bilakaera, filosofia eta oinarriak, metodologia eta beste hainbat xehetasun azalduko ditugu.

Lan munduko euskara planen aurrekariak

Balorazioak era guztietakoak izan daitezke (azkarregi/motelegi doa, botila erdi betea/erdi hutsa...) baina, azken hamarkadetan euskara espazio berriak irabazten joan dela nabarmena da: Irakaskuntzan, komunikabideetan, euskararen normalizaziorako gizarte mugimenduen eta administrazioen lana, hizkuntzaren “corpus”aren nahiz hizkuntzaren “estatus”aren inguruan emandako urratsak,... horietan guztietan euskarak urratsak eman ditu baina urte luzetan lan mundua dinamika horretatik kanpo gelditu da.

Urte luzetan lan mundua dinamika horretatik kanpo gelditu da eta 90eko hamarkadara arte egindako ahaleginek ez zuten behar besteko fruiturik eman. Lan munduan euskarari lekua egiten joateko ez zegoen metodologia zehatzik eta euskara eskolak eta itzulpenak izan ziren euskararen erabileran urratsak emateko erabilitako tresnak.

Euskararen normalizazioari begira lan munduan egindako ahalegin urriek ez zuten behar besteko fruiturik ematen alde batetik eta, bestetik, euskararen egoera eta bilakaeraren egoeran, batez ere zonalde euskaldunetan, gizartearen gainerako esparruen eta lan munduaren arteko aldea nabarmentzen joan zen.

Testuinguru horretan 90eko hamarkadaren hasieran ibilbide berri bati eman zitzaion hasiera eta Antzuolako ELAY S.A. enpresak eman zituen lehen urratsak aro berriko proiektuaren barruan. Proiektu honekin hasi zen sortzen eta mamitzen gaur egungo euskara planen metodologia berria. Plan horietan lehen ezaugarri nagusi gisa erabilerak protagonismo nagusia hartzen du.

Euskara planen bilakaera

Hasieran plan pilotuak martxan jarri zirenetik gaur arte goranzko bilakaera izan dute euskalduntze planek.

Lan munduan euskarari bidea egiteko arrazoiak

Euskara planen oinarri eta ezaugarri nagusiak

1- Erabilera ardatz


2- Euskaldunak protagonista


3- Adostasuna


4- Borondatezkotasuna


5- Izaera metodikoa, neurtua eta ebaluatua

Euskara planaren eragileak

Euskara planetako protagonistak langileak direla esan dugu, baina horien artean badira era zuzenagoan parte hartu eta planaren metodo egoki bat lortzeko lanean eragile dihardutenak eta horiexek izaten dira planaren bultzatzaile:

Euskara planen metodologiaren ardatzak

Euskararen erabileraren normalizazioa metodo jakin bati jarraituz planifikatu behar da, martxan jarri ondoren ebaluatu eta lana era egokian sistematizatuz. Horrela izan dadin, planek honako pausu edo faseak izaten dituzte:


1- Diagnostikoa eta diseinua

Enpresaren egoera errealaren diagnostiko zehatza egiten da fase honetan eta honakoak dira burutzen diren lan zehatzak:


2- Inplementazioa edo garapen fasea

Enpresak martxan jartzen du plana. Honela, erabilera taldeak, euskara eskolak eta erabakitako bitartekoak hasten dira funtzionatzen eta zuzendaritza, euskara batzordea eta koordinatzaileak hainbat erabaki hartuz joango dira, enpresaren garapen eta erritmoaren arabera.

Euskara planaren inplementazioan erabili ohi diren bitarteko nagusiak, beti ere enpresaren egoerari eta nortasunari egokituta, honakoak dira:

Enpresa txikietako euskara planak

Artikulua irakurtzen ari zareten askorentzat beharbada “handiegia edo gehiegizkoa” irudituko zaizue azaldutako metodologia. Egia esan, orain artean, enpresa arloan enpresa handiak eta antolaketa konplexua duten enpresetan garatu dira euskara planak. Enpresa ertaina eta handietan kudeaketa sistemak oso garatuta daude eta dinamika horretan euskara txertatu ahal izateko gainerako arloak (produkzioa, kalitatea, finantzak...) kudeatzen diren seriotasunarekin kudeatu behar da euskara plana.

Kontuan izan behar dugu, ordea, enpresa gehienak txikiak eta antolaketa aldetik horren konplexua ez direla. Enpresa txikietan euskarari sarbidea emateari begira EMUN kooperatibak metodologia egokitua landu berri du eta lehen esperientziak martxan daude.

Enpresa txikietako planetan helburuei dagokienez ez dago aldaketarik, aldaketak helburu horiek lortzeko ematen diren urratsetan eta lana egiteko eran ematen dira. Enpresaren beharrak eta ahalmenak eskatzen dutelako metodologia eta prozesua asko errazten da. Enpresak bere barne baliabideekin hartzen du planaren erantzukizuna eta EMUNek aholkularitza kualifikatua ematen du euskarri teknikoen eta jarraipen zein laguntzarako bisiten bidez.

Gaiaren inguruko hainbat xehetasun

Neurrira egindako euskara planak

Enpresetan euskararen normalizazioari ekiteko metodologia indarrean dago eta metodologia horretan urratsak ematen ari dira. Dena den, esperientziak zera esaten digu: herri bakoitza, enpresa bakoitza eta pertsona bakoitza mundu bat da. Beraz, esku artean garatutako metodologia bat izatea oso garrantzitsua izanik ere, euskara plana enpresaren izaera, kultura, giro, premia, sentsibilitate, lan egiteko era... egokitu behar da. Enpresa batean baliagarria edo bidezkoa dena beste batean, sarritan, ez da horrela izaten eta, beraz, plan bakoitzak bere nortasuna izan behar du.


Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea eta dirulaguntzak

Enpresetako euskara planen garapenean Eusko Jaurlaritzak hasiera beretik parte hartu du. 1991. urtean Antzuolako ELAY enpresan plana martxan jarri zenean Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan zuen eta 1997. urtetik, urtero, deialdi publikoa egiten du eta dirulaguntzak ematen dizkie euskara planetan murgiltzen diren enpresei. Eusko Jaurlaritzak gai honi HPS (Hizkuntza Politikarako Sailordetza)tik erantzuten dio.

Eusko Jaurlaritzak ematen dituen dirulaguntzez gain, beste Erakunde Publiko batzuk ere ematen dituzte zuzeneko dirulaguntzak (Bizkaiko Foru Aldundia, Tolosako Udala...). Kontuan izan behar da, bestalde, HOBETUZek formaziorako urtero ematen dituen dirulaguntzetan, euskara planetan erabili ohi diren hainbat bitarteko (euskara eskolak, erabilera taldeak....) subentzionagarriak direla.

(JUAN LUIS AREXOLALEIBA "Gatxi" lana euskalduntzeko EMUN Koop. Elk.)

Informazio zehatzagoa behar baduzu, eskatu HEMEN

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1052398751